Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak berriro ere Nafarroako udalei gonbidapena egin die Nafarroako Foru Komunitatean erremonte profesionaleko ahalik eta jaialdi gehien antolatzeko lankidetza eskatzeko. Helburua topaketa horiek lehen mailako kiroleko eta aisiako ekitaldi gisa finkatzea da udal programaketaren data berezietan. Horrekin batera, ekimenak erremontea Nafarroako bertako kirol modalitate gisa zaintzea eta bultzatzea ere asmo du.
Fundazioa publikoa eta irabazi asmorik gabekoa da eta hiru alderdi nagusitan dihardu lanean: jaialdiak eta txapelketak antolatzen ditu (profesionalak eta amateurrak), tokiko pilota taldeetan erremonte atalen bidez modalitate horretako trebakuntza bultzatzen du eta ikuspegi soziala eta lankidetzakoa lantzen du jaialdietan lortutako dohaintzak osorik elkarteentzat baitira.
2025ean, Fundazioak berriro ere ekarpen solidario gehiago lortu zituen, 25.025 euro lortuta dohaintzan eta 2024ko zenbatekoa (20.900 euro) gaindituta. Dohaintza jasotzen duten erakundeen artean daude ADANO (17.100 euro), ANECS (1.500 euro), EM Navarra (3.100 euro), Argiola emakumeen elkartea (1.500 euro), Les Deux Jumeaux (1.225 euro) eta Josefina Arregui klinika (600 euro).
Tokiko programaketarako aukera bat
Aurreko edizioetan metatutako esperientziari esker, udalek Fundazioaren proposamenaren inguruan erakusten duten interesa sendotu egin da: 2025ean, Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatutako 12 jaialdiez gain, txapelketa ibiltarien bidez erremontea Nafarroako 34 udalerritan egon zen ikusgai.
Jaialdi bakoitzak bi partida ditu (hasierakoa eta nagusia; azken hori jokatzen ari den txapelketaren kanporaketa bateko partida izaten da). Ez da sarrerarik kobratzen eta dohaintza boluntarioa emateko aukera eskaintzen da proiektuaren alderdi solidarioa babesteko.
% 50eko finantzaketa eta laguntza teknikoa
Jaialdi bakoitza finantzatzeko, udalak kostuaren % 50eko ekarpena egiten du (2.000 euro) eta Fundazioak beste % 50a barne hartzen du Nafarroako Aurrekontuetan duen partida izendunaren kargura (Nafarroako Gobernuaren bidez bideratua) eta babesle ofizialen kargura.
Era berean, proposamena ahalik eta udalerri gehienetara iristea ahalbidetzeko, Fundazioak babes-sareak ditu eta doan lagatzen ditu eta aholkularitza eskaintzen du hala behar duten frontoietan jartzeko.
Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKFk) aukera baliatzeko gonbita egiten die udalei. Erremonteak kirolaren, ikuskizunaren eta tradizioaren konbinazio bikaina eskaintzen du eta primeran txertatzen da udal programaketan. Gainera, Nafarroako kirol ondare propioa, interes soziala duena, bizirik mantentzen laguntzen du.
Irudian, Xabier Alcuaz eta Jaime Aguirre, Federazioaren egoitzan.
2026ko ERREMONTE TXAPELKETAK
- 2026ko Iruñeko Alde Zaharreko XII. Erremonte Profesionaleko Txapelketa: 2026/02/21etik 2026/04/10era, Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan eta Iruñeko Labriten (Doneztebeko eta Iruñeko udalekin lankidetzan).
- 2026ko Udaberriko Erremonte Profesionaleko Txapelketa: apirilaren erdialdetik (04/17tik gutxi gorabehera) ekainaren bukaera bitarte (06/27ra), Nafarroako hainbat udalerritan (zehazteke).
- 2026ko San Fermineko Erremonte Profesionaleko Txapelketa: uztailaren 8, 9 eta 10ean Labrit pilotalekuan (Iruñeko Udalarekin lankidetzan).
- 2026ko Nafarroako Foru Komunitateko XXI. Erremonte Profesionaleko Txapelketa: uztailaren erdialdetik (07/17tik) urriaren erdialdera (10/23ra), hainbat udalerritan (zehazteke).
- 2026ko Binakako Erremonte Profesionaleko Txapelketa: urriaren amaieratik (10/30etik) azaroaren amaiera bitarte (11/27ra).
- 2026ko Banakako Erremonte Profesionaleko Txapelketa: 12/04tik 12/18ra, hainbat udalerritan (zehazteke).