2026ko apirilak 14

Eskuragarri dago 2026ko aurrekontuei buruzko informazio-txostena, toki-erakundeentzako berritasun guztiak biltzen dituena

Txostenak Nafarroako udal eta kontzejuetan aurten eragina izango duten aurrekontu, zerga eta arau aldaketa nagusiak biltzen ditu

Foto noticia

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKFk) 2026ko Aurrekontuei buruzko Informazio-txostena kaleratu du, Nafarroako toki-erakundeetan aurten eragina duten toki ogasunen arloko berritasun nagusiak biltzen dituen erreferentziazko dokumentua. Testuarekin batera, eranskin batean zerrendaturik bildu dira udal eta kontzejuentzat interesgarriak diren aurrekontu-partida guztiak.

Txostenak zenbait legek ekarritako berritasunak aztertzen ditu. Besteak beste honako legeak aztertu ditu: 16/2025 Foru Legea, 2026ko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzkoa; 17/2025 Foru Legea, zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzen dituena; 1/2026 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea aldatzen duena; eta 9/2026 Foru Dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Nafarroako toki-erakundeek ematen dituzten zerbitzuen benetako kostua kalkulatzeko betebeharra.

2026ko Udal Aurrekontuei buruzko txostena

Idatziak biltzen dituen alderdietatik nabarmentzekoa da, hain zuzen ere, tokiko zerbitzu publikoen benetako kostua kalkulatzeko betebehar hori. Izan ere, dagoeneko 2027ko azaroaren 1a baino lehen igorri behar baita lehenengo informazio-sorta, 2026ko ekitaldiari dagokiona. Txostenak halaber, aurrekontuei, kontabilitateari eta arlo fiskalari dagokionez dauden prozedurazko betebehar nagusiak gogora ekartzen ditu eta gauza bera egiten du toki-erakundeei aplikatzen zaien aurrekontuaren egonkortasunari eta finantza jasangarritasunari dagokionez ere.

Zergen arloan, idatziak zenbait zergen eguneratzea jasotzen du baita toki-erakundeen intereseko neurriak ere. Horien artean daude, besteak beste, Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergaren tarifen % 1,7ko igoera, Gainbalioaren gaineko Zergaren gehieneko koefizienteen eta saneamenduko kanonaren eguneratzea eta Lurralde Kontribuzioarekin eta EIOZ Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren gaineko Zergarekin lotutako hobari berriak.

Txostenak beste gai garrantzitsu batzuk ere gogora ekartzen ditu, etxebizitza hutsen gaineko zerga esaterako, bai eta salbuespen eta hobari fiskalen konpentsazioak eta katastroko balorazio txostenak eguneraturik mantentzeko beharra ere.

Udal finantzaketaren arloan berriz, informazio-txostenak Transferentzia Arrunten Funtsaren bilakaera zehaztasunez azaltzen du. Funts horrek 331,09 milioi euroko zuzkidura du 2026rako eta horri 13,9 milioi gehitzen zaizkio EJZ Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren salbuespena konpentsatzeko. Horretaz gain, 2022-2028ko Toki Inbertsioen Planak 2026-2028 aldirako aurreikusitakoak ere jasotzen dira idatzian. Hala, Planak inbertsio programetarako, tokiko programaziorako eta determinazio libreko programarako zuzkidurak aurreikusten ditu.

Era berean, txostenak izaera finalista duten transferentzien eta dirulaguntzen inguruko informazioa biltzen du, 2025eko behin betiko aurrekontuarekin alderatuta handitu egin direnak. Gainera, toki-erakundeen intereseko informazioa ere ematen du; esate baterako, Nafarroako toki administrazioen zerbitzura lan egiten duten langileen inguruko neurriak.

Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legeak onetsi gabe jarraitzen badu ere, 2026ko aurrekontuei buruzko informazio-txostenak tokiko ekonomia kudeaketan eragina duten arau-aldaketen, aldaketa fiskalen eta finantza arlokoen ikuspegi osoa eta ordenatua ematen du.

Txostena NUKFren web-orrian ikusgai dago eta Nafarroako toki-erakunde guztiei igorriko zaie Concejo aldizkariaren hurrengo alearekin batera.

 

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Volver arriba