Eskubide Sozialetako Departamentuak eta NUKFk hiru urtetik beherakoei arreta goiztiarra hurbiltzeko hitzarmena berritu dute
Dokumentuak berretsi egiten du 2018an zerbitzuaren eskaera gero eta handiagoari erantzuteko hartu zen konpromisoa, urte horretatik aurrera bikoiztu egin baita
Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuak, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren bidez, eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKF) Lankidetza Hitzarmena sinatu dute asteazken honetan, hiru urtetik beherako adingabeei arreta goiztiarreko zerbitzua bizi diren herrira edo, hala badagokio, gertukoenera hurbiltzeko.
Idatziak bi aldeek 2018an izenpeturiko hitzarmena eguneratu eta arreta goiztiarraren gero eta eskaera handiagoari erantzutea helburu du. Izan ere, zerbitzu horren eskaera ia bikoiztu egin baita azken bost urteetan: 2018an 863 artatze ematetik 2023an 1.505 ematera igarota.
Hitzarmenarekin asmoa da haurren oinarrizko arreta zerbitzurako irisgarritasun unibertsala bermatzea eta hurbileko arreta eduki ahal izatea. Era berean, asmoa da lankidetza esparrua Foru Komunitatean argitaraturiko azken araudiari egokitzea; besteak beste, Arreta Goiztiarraren Sarea arautzen duen Foru Dekretuari edota Arreta Goiztiarraren Zerbitzua arautzen duen Foru Aginduari; biak ala biak 2019an onetsi ziren.
Hitzarmena Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak eta Xabier Alcuaz NUKFko lehendakariak sinatu dute eta toki entitateak horri atxiki daitezke Eskubide Sozialetako Departamentuarekin lankidetzan aritzeko eta hala behar duten adingabeei zerbitzuarekiko irisgarritasuna errazteko. Aurreko hitzarmena izenpetu zenetik, 40 udalek, udalerrik eta mankomunitatek bat egin dute konpromiso horrekin.
Hitzarmenari jarraiki, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak hitzarmenari atxikitzen zaizkion udalerrietan arreta goiztiarreko zerbitzua emateko konpromisoa hartzen du, udalerri horretako edo hurbileko udalerrietako familiek hala eskatzen dutenean edo udalerrian zerbitzua ematea beharrezkoa denean hurbileneko egoitza urruti egoteagatik. Toki entitateek aldiz, zerbitzuaren beharretara hobe egokituko den lokal baten erabilera lagako dute eta argindarra, ura, berogailua, telefono zerbitzua edo garbiketa arloko gastuak beren gain hartuko dituzte.
25,9 milioi arreta goiztiarrarentzat 2033ra bitarte
Foru Gobernuak 25,9 milioi baliatuko ditu Nafarroa osoko 0 eta 3 urte bitarteko haurrei Arreta Goiztiarreko zerbitzua 2033ra bitarte bermatzeko. Arreta Goiztiarra ardura publikoko prestazioa da, bermatua eta izaera unibertsala duena. Eskubide Sozialetako Departamentuko Arreta Goiztiarreko zerbitzuak baliabideak eta laguntzak eskaini behar dizkie hala behar duten adingabeei, familiei eta ingurukoei. Zerbitzu horretatik proposatzen diren ekintza guztien xedea da adingabeek aipatu baliabide horiekiko irisgarritasun unibertsala edukitzea, eskuragarritasuna bermatuta, hau da, ahalik eta lasterren hala behar duten haur guztiengana iristea eta irisgarritasuna bermatzeko zerbitzua geografikoki ahal den guztia hurbiltzea. Arreta Goiztiarreko Zerbitzuaren datuen arabera, aurreko urtean zerbitzuak Foru Komunitateko 99 udalerritan esku-hartu du eta horietatik 69etan toki entitateek lagatako espazio publikoak baliatu dituzte.
Azken hamarkadan hirukoiztu egin da artatu diren haur eta familia kopurua: 2014an 551 haur eta familia izan ziren (adin txikikoen %2,07) eta 2023an berriz, 1.505 haur eta familia (adin txikikoen %7). Gorakada hori nabarmenagoa izan da 2017tik hona, Familiari, Haurrei eta Nerabeei Laguntza emateko II. Plan Integrala aplikatu ondoren.