2025eko urtarrilak 3

Errolda-ziurtagiria Nafarroako 32 udaletan eska daiteke, modu automatizatuan

Laster katastroko dokumentuen zerbitzua ere eskainiko dute

Foto noticia

Next Generation funtsen barruan, Nafarroako Gobernuak hainbat milioi euro jaso zituen, diputazioa den aldetik, 20.000 biztanletik beherako toki-erakundeen digitalizazioa sustatzeko. Udalerri handiagoek funtsak zuzenean jaso zituzten.

Funts horiekin bultzaturiko ekimenetako bat izan da bere garaian Animsa udalerrien arteko elkarteak bultzaturiko 012 herritarren arretarako telefonoa modernizatzea. Orain, zerbitzua Foru Exekutiboak kudeatzen du.

Modernizazio proiektu horren barruan, errolda-ziurtagiriak emateko zerbitzua ezartzen ari dira. Nafarroako 32 udaletako bizilagunek dagoeneko eska dezakete udalerrian erroldatuta egotearen ziurtagiria modu automatizatuan, edozein unetan, joan-etorririk, itxaronaldirik, aurretiko hitzordurik eta dokumentazio-entregarik gabe.

Aurrerapen hori ahalbidetzen duen soluzioak ahots-robotak erabiltzen ditu kudeaketa horri erantzuteko, eta herritarrek modu erosoagoan, azkarragoan eta eraginkorragoan jaso dezakete ziurtagiria etxean.

Urrats garrantzitsua da udal zerbitzuetarako sarbidea digitalizatzeko eta modernizatzeko, Nafarroako Gobernuak Toki Entitateentzako Digitalizazio Plan Estrategikoaren esparruan abian jarritako “Omnikanalitatea, automatizazioa eta mugikorretik irisgarritasuna” proiektuari esker.

Hona hemen telefono dei soil baten bidez kudeaketa horretaz baliatzen diren Nafarroako 32 udalak: Altsasu, Antsoain, Barañain, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Zizur Zendea, Corella, Ezkabarte, Galar, Gesalatz, Uharte, Lerin, Milagro, Noain (Elortzibar), Olazti, Erriberri, Jaitz, Tafalla, Aranguren Ibarra, Eguesibar, Valtierra, Viana, Alesbes, Atarrabia, Deierri eta Izagako Mankomunitatea (Urrotz, Izagaondoa, Lizoain, Unziti, Ibargoiti eta Eloko udalak).

Soluzio teknologiko horri esker, errolda-ziurtagiria eskatzeko, erabiltzaileak 012 zerbitzura dei telefoniko bat baino ez du egin behar, eta ahots automatizatu batek bideratuko du izapidearen eskatzailea.  Kudeaketan zehar arazoren bat balego, 012 lantaldeko profesionalek, astelehenetik ostiralera 08:00etatik 18:00etara, deia harrapatu eta gorabehera konponduko lukete.

Errolda-eskaera telefonoz egitea 012 telefono bidezko arreta-zerbitzuak udal-eremuan eskaintzen duen zerbitzuetako bat da. Hori da Nafarroako Administrazio Publikoen herritarren arretarako telefonoa, Nafarroako Gobernuari eta 41 udal eta 122 kontzejuri zerbitzu-karta zabala eskaintzen diena.

Laster katastroa ere bai
Proiektuaren helburu nagusia da toki-erakundeek herritarrei eskaintzen dizkieten zerbitzuen eskuragarritasuna hobetzea, hainbat kanal integratu erabiliz (omnikanalitatea); erantzunen automatizazioa ‘bots’ en bidez (zeregin programatuak eta errepikakorrak egiten dituzten aplikazio informatikoak), ohiko kontsultei erantzuteko gai direnak; eta mugikorretik irisgarritasuna.  Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko Ministerioaren 1,1 milioi euro inguruko aurrekontua du, toki-erakundeen administrazioak digitalki eraldatzeko eta modernizatzeko, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren (SEM) funtsen esparruan.

Orain arte, omnikanalitate-plataforma berria (Genesys Cloud) ezartzea ahalbidetu du, Nafarroako 41 udaletan eta 122 kontzejutan dauden ahots-kanalak eta telefonoguneak migratuz eta udal-telefonoguneetan erantzun automatizatuen menu gidatua duen ‘voicebots’ -a txertatuz.

Toki-erakundeentzako Digitalizazio Plan Estrategikoa
Proiektu hau Toki-erakundeentzako Digitalizazio Plan Estrategikoaren barruan dago. Plan horren helburua da digitalizazioan eta modernizazioan aurrera egitea, modu kohesionatuan eta lurraldea egituratzeko ikuspegiarekin, herritarrei zerbitzu publikoak hurbilduz eta eskuragarriago eginez.

Plan honen ardatz nagusiak hauek dira: gaikuntza eta kontzientziazioa; azpiegitura teknologikoen modernizazioa; zibersegurtasuna eta informazioaren babesa; herritarrengan oinarritutako eraldaketa digitala; eta berrikuntza digitalizazioaren katalizatzaile gisa.

Epe laburreko ekintza gisa, aipatutako ekintzez gain, honako hauek nabarmentzen dira: toki-erakundeetako herritarren eta langileen gaitasun digitaletan trebatzea; 20.000 biztanletik beherako udalerrietako azpiegitura informatikoak Datuak Prozesatzeko Zentro (DPZ) batean zentralizatzea; kirol- eta kultura-instalazioetan presentzia eta edukiera kontrolatzeko sistemak ezartzea; zibersegurtasuneko gutxieneko politika argi eta komunen oinarrizko lerro bat ezartzea toki-erakunde guztientzat; 20.000 biztanletik beherako toki-erakundeetan administrazio elektronikoko plataformak eta irtenbideak ezartzea eta hobetzea; toki-erakundeen udal-errolda kudeatzeko sistemak modernizatzea Nafarroako Foru Erkidegoan; udalen web-orriak optimizatzea tresna interaktiboekin; edo herritarren parte-hartze digitalerako plataformak bultzatzea, besteak beste.

Volver arriba