Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKFk) Ekonomia Sozialeko eta Laneko Zuzendaritza Nagusiak egindako kontratazio soziala sustatzeko gida igorri die Nafarroako udalei. Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen 36. artikuluak aurreikusitako kontratuen erreserbaren plangintza, aplikazioa eta jarraipena erraztea helburu du gidak.
IKUSI HEMEN Kontratuen Erreserbarako Gida
Foru Legeak aurreko urtean adjudikatutako kontratuen % 6, gutxienez, laneratze-enpresei eta gizarte-ekimeneko enplegu zentro bereziei erreserbatzeko betebeharra ezartzen du. Betetze hori ezin denean erdietsi berriz, irtenbideak ezartzen ditu; besteak beste, erakunde horiek azpikontratatzea lizitazioan exekuzio-baldintza bereziak edo irizpide sozialak txertatuta.
Gidak ikuspegi erraza eta operatiboa du eta hiru ardatzetan egituratzen da: kontratu-erreserbaren plangintza, erreserbatutako kontratuen tramitazioa eta azpikontratatzea sustatzea/egiaztatzea. Besteak beste proposatzen duena da, aurretiaz, hurrengo urtean garatuko diren kontratuak identifikatzea, kontratuen xedea laneratze-enpresek eskaintzen dituzten zerbitzuekin alderatzea eta, hala dagokionean, erreserba loteen arabera egiteko aukera baloratzea, kalitate-prezio erlazio hoberena oinarritzat duen kontratazio arduratsuaren aldeko hautua eginez beti.
Laguntza osagarri gisa, NUKFk gogorarazi nahi du Nafarroako Gobernuko Kontratuen Erreserbarako webgunea ere badagoela (reservadecontratos.navarra.es), toki-erakundeentzako katalogo eta baliabideekin, eta sektoreko aholkularitzarako kanalak ere badaudela bai eta Zuzendaritza Nagusiaren beraren aholkularitza kanalak ere.
Azkenik, Federazioak adierazi nahi du Zuzendaritza Nagusiarekin lankidetzan prestakuntza ekintzak abiatuko dituela gidaren edukiak aurkezteko eta udaletako praktikan duten erabilera ikusteko. Prestakuntza saioen inguruko datak eta formatua zehaztu ahala, horien berri emango da.