Erremontea tokia egiten hasi da udaletako kirol programaketan
NUKFko lehendakariak eta Euskal Jai Berri erremonteko fundazioko kudeatzaileak fundazioak udalei egiten dien eskaintza izan dute hizpide bilera batean. Foru Parlamentuak udalei eskatu zien jatorri nafarreko pilota modalitate ikusgarri hori programa dezaten. Nafarroako Gobernuak eta zenbait udalek Fundazioaren patronatua osatzen dute
Erremontea pixkanaka ari da hazten Nafarroako frontoietan. Euskal Jai Berri erremonteko fundazioa sortu zenetik ibili da kirol jarduera hori sustatzen eta Foru Erkidegoko kantxetan tokia irabaziz joan da, batez ere, herrietako jaien karietara. Hala azaldu zion Jaime Aguirre Fundazioko kudeatzaileak Juan Carlos Castillo NUKFko lehendakariari elkarrekin izandako bilkura batean. Bertan, Aguirrek udalei egiten dieten eskaintzaren ezaugarriak azaldu zizkion eta berriki Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldiaren edukiaren berri eman zion.
Hain zuzen ere, Foru Parlamentuko Kultur Batzordeak ebazpen bat onetsi zuen joan den martxoaren 14an Nafarroako erremontearekiko babesa eta konpromisoa adierazita, Foru Erkidegoan sortutako pilota modalitatea izaki eta errespetua, kidetasuna eta ardura sozialaren gisako baloreak lantzen dituen gure lurraldeko kirol ondarea delako. Batzordeak gainera, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari eta Nafarroako toki entitateei eskatu zien Euskal Jai Berri erremonteko fundazioarekin lankidetzan aritzeko konpromisoa har dezaten ahalik eta erremonteko jaialdi gehien antolatzerakoan, horrela, Nafarroako geografia guztira iristeko eta bertan jaiotako pilota modalitatea babestu eta zaindu ahal izateko.
Fundazioaren patronatuan, besteak beste, Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko, Uharteko, Atarrabiako, Esteribarko, Doneztebeko, Agoizko, Lekunberriko eta Baztango udalek parte hartzen dute eta erakundeak, sorreratik egin moduan, modalitatea egonkortzea du asmo. Hori horrela, urtero, udalei haien frontoietan pilota jaialdiak egiteko aukera eskaintzen die, urtean zehar fundazioak lehen mailako erremontistekin antolatzen dituen bost txapelketetako partidu ofizialen bat frontoi horietan jokatuz.
Jaialdien antolaketa errazte aldera, Fundazioak jardueraren kostuaren zati bat baino ez die jasanarazten udalei eta frontoian modalitateak eskatzen dituen egokitzapenak egiteaz arduratzen da; normalean, sare bat jartzea ikusleen eta kantxaren artean.
NUKFk urteak daramatza fundazioaren jarduera zabaltzeko laguntza emanez.
Argazki oina
Jaime Aguirre Euskal Jai Berri erremonteko fundazioko kudeatzaileak NUKFko lehendakariari haien jardunaren berri emanez.