Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKFk) 17 toki-erakundetako ekarpenei esker 9.750 euro eman dizkio Nafarroako Elikagaien Bankuari. Toki-erakunde horietatik gehienak tamaina txikikoak dira eta dohaintzan emandako zenbatekoak 100 eta 1.000 euro bitartean daude.
Laguntza ekonomiko hori NUKFk egiten duen koordinazio lanaren barruan dago, funtsak bildu eta Elikagaien Bankuari ematen baitizkio, eta horrek udalen eta, bereziki, administrazio-baliabide gutxien dituztenen lankidetza asko errazten du. Ekarpen horietaz gain, udalek zuzenean emandako laguntzak ere badaude.
NUKFk gogoratu nahi du Nafarroako Elikagaien Bankua, egun, egoera kritikoan dagoela egoitza Aitzoain-Berriobeitiko Plazaola industrialdetik Agustindarren industrialdera aldatu beharko duelako eta prozesua 300.000 euro inguruko gastu berezia ekarriko dielako. Erakundeak berak adierazi du horrek haien jarduna arriskuan jartzen duela.
Testuinguru horretan, NUKFk toki-erakundeei eta herritarrei oro har dei egiten die Elikagaien Bankuarekin laguntza mantentzeko edo sendotzeko, zuzenean egindako ekarpenen bidez edota Federazioaren beraren bitartez.