Auto elektrikoa kargatzeko guneak lurralde osora zabaltzeko proposamena aurkeztuko die Nafarroako Gobernuak toki entitateei
Toki entitateekiko lankidetza sarea hedatzeko giltzarri

Mikel Irujo Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak gaur goizean aurkeztu ditu uda osoan zehar toki-erakundeekin egingo diren hitzaldiak, lurralde osoan karga-puntuak ezartzeko estrategia garatzeko abiapuntu gisa. Nafarroan mugikortasun elektrikoa bultzatzeko agendaren parte da estrategia hori, eta helburua da erkidegoan kargagailu bat egotea 50 km-tik behin. Hori lortzeko, hainbat hitzaldi egingo dira tokiko ekintza-taldeen eskutik, karga-puntu horiek instalatzeko prozesuak eta eskuragarri dauden laguntza guztiak udalei azaltzeko.
Irujok adierazi du lurralde-kohesioa funtsezko elementua izan behar dela ibilgailu elektrikoa ezartzeko orduan. Irujoren esanetan, Nafarroako udalerrien % 78k 2.000 biztanle baino gutxiago ditu, eta herri horietara iritsi beharra dago ibilgailu elektrikoa errealitate izan dadin. Azkenik, gaineratu du agendak ere jasotzen duela karga-puntuen sarearen hedapen hori turismoaren eskutik egitea, Nafarroa turismo jasangarriko helmuga izan dadin ibilbideak zehaztuz.
Jardunaldi horien aurkezpena gaur goizean egin da Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren egoitzan (NUKF), eta bertan Juan Carlos Castillo presidenteak ere parte hartu du. Adierazi duenez, tokiko erakundeak funtsezko eragileetako bat dira trantsizio energetikoaren arrakastarako, mugikortasunaren erregulazioa edo herritarren sentsibilizazioa bezalako gertakari garrantzitsuez arduratzen baitira. Horrez gain, ibilgailu elektrikoa ezartzeko lehen urteetan udalek izan duten zeregina nabarmendu du, herrietan eta hirietan kargatzeko zutoinak jarriz, erabilera publiko eta pribaturako.
Aurreikusitako 10 hitzaldiak Lursareko teknikariek egingo dituzte, eta horietan birkargatzeko puntuak instalatzeko prozesua azalduko da, baita horretarako dauden laguntza guztiak ere. Horren helburua izango da toki-erakundeak animatzea karga-puntuak instalatzera, eta, horrela, azpiegitura horrek zenbait puntutan duen presentzia eskasa konpontzea, hori baita mugikortasun elektrikoa bultzatzeko agendan hautemandako oztopoetako bat. Lursareko arloko arduradun Victor Aierdik nabarmendu du garrantzitsua dela tokiko ekintza-taldeak inplikatuta egotea lurralde-dinamizazioaren prozesua askoz eraginkorragoa izan dadin.
Gainera, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak udalerrien eta herritarren esku jarriko du kudeaketa-plataforma bat, karga-puntu guztiak kontrolatzeko eta kontsultatzeko. Tresna hori laster jarriko da martxan, eta nahi duten toki-erakunde guztiak atxiki ahal izango zaizkio.
Mugikortasun elektrikoa bultzatzeko agenda
Nafarroako mugikortasun elektrikoa bultzatzeko agenda aurtengo martxoaren amaieran aurkeztu zen, eta automobilgintzaren sektoreko, lurralde-eragileetako, teknologia-zentroetako eta turismo-sektoreko kideek parte hartu zuten. Bertan, herritarrek garraio-eredu iraunkorrago baterantz aurrera egitea helburu duten zenbait jarduera jasotzen dira.
Zehazki, lau ardatz biltzen dira, eta lehenengoa da ibilgailu elektrikoaren presentzia handiagoa lortzea. Horretarako, ekintza batzuk sortu ziren, eta horien artean dago toki-erakundeak kargatzeko puntuen kudeaketa koordinatua. Puntu horren barruan sartzen dira udan egingo diren informazio-jardunaldiak.
Bigarren helburu estrategikoa sarbide publiko kohesiboa eta fidagarria kargatzeko azpiegitura bat hedatzea da. Hirugarrena karbono-aztarna minimoa duen turismo-eredu bat garatzea da. Eta, azkenik, laugarren helburua birkarga enblematikorako azpiegituren Nafarroako sare bat sortzea da.