2024ko martxoak 26

Nafarroako gazteen %90ek Gazteriaz arduratzen den zinegotzia dute beren herrian

Hori da Nafarroako gazte-politikak txostenaren ondorioetako bat eta hala aurkeztu zuten Gazte Politika Koordinatzeko Batzordearen lehen bileran. Foru-administrazioak eta toki-erakundeek parte hartzen dute bertan

Foto noticia

Gazte Politika Koordinatzeko Batzordea, Nafarroako Gazteriaren Institutuari atxikitako kide anitzeko organoa da, administrazioen artean gazteentzako politikak sustatzeko eta koordinatzeko xede duena. Martxoaren 25ean bildu zen lehen aldiz 2011n Gazteriaren Foru Legea onartu eta organo horren sorrera ere onartu zenetik. Bilkuran “Gazteria arloko politikak Nafarroan” txostenaren berri izan zuen Batzordeak.

Organo hori Nafarroako Gobernuko, toki-erakundeetako (NUKFren bidez) eta Gazteriaren Kontseiluko ordezkariek osatzen dute.

Toki baliabideen egoeraren azterketa

Aipatu txostenak gazteriaren alorreko politiken inguruko lana baldintzatzen duten alderdien inguruko ikuspegi bat eskaintzen du, azken urte hauetan udalerriek arlo horretan izandako jarduna deskribatzen eta horiek programak eta jarduketak egiteko dituzten gaitasunak aztertzen.

Batetik, eskumenen esparrua aztertzen du, bai eta Nafarroako Gazteriaren Institutuak toki esparruan gazteriaren alorreko plangintzaren sustatzaile gisa duen zeregina eta arloko erakundeen arteko koordinazio eredua ere. Bestetik, toki esparruan gazteriaren alorreko politikak gauzatzerakoan eragiten duten aldagaien inguruko hausnarketa egiten du. Atal hori osatzeko 137 udalerrik informazioa eman dute.

Besteak beste honakoak dira gazteriaren alorrean udalerriak protagonista eraginkor bihurtzen dituzten ezaugarriak: gazteriaren alorreko zinegotzigoa edukitzea, udalean beste arloentzako erreferentziazko arlo bat edukitzea, aparteko aurrekontu-partida bat edukitzea eta gazteriaren alorreko funtzioak zehazki bere gain hartuko dituzten profesionalak edukitzea.

Hain zuzen ere, ikerketak berretsi egiten du Nafarroan gazteriaren alorreko politiken hedapenak errealitate duala erakusten duela. Batetik, tamaina handiagoko (5.000 biztanle baino gehiagoko) udalerri ia gehienek badute gazteriaren alorreko politikak gauzatu ahal izateko egitura bat, bai politikoa bai administratiboa. Baina 5.000 biztanletik beherako udalerrietan ordea, gazteriaren alorreko politiken instituzionalizazioa noizbehinka baino ez da gertatzen.  Udalerrien %68k badute gazteriaren alorra biltzen duen zinegotzigoa edo arloa eta oso ohikoa da gai horrekin batera arlo berean kirolak, jaiak edo kultura barne biltzea. Ikuspegi orokor batetik ikusita, Nafarroako gazteriaren %90ak badu bere udalerrian gazteriaren alorreko zinegotzi arduradun bat.

Udalbatzetan gazteek duten ordezkaritzari dagokionez, datuen arabera, gutxienez 31 urtetik beherako 141 zinegotzi daude; zinegotzi-hautagai guztien %7 soilik (2023ko hauteskundeetan 2.002), demografiari begiratuta egokituko litzaiekeena baino proportzio txikiagoa da hori, gazteak Nafarroako biztanleen %18 direla kontuan hartuta.

Azkenik, ikerketak dauden plangintza tresnen analisia egiten du; tresna horiek pertsona gazteen %55 barne hartzen dute.

Argazki oina

Batzordearen lehenengo saioaren irudia.

Volver arriba