Ekitaldi publikoetarako jasangarritasuneko baldintzak ezartzen dituen dekretu baten proiektuari aldeko txostena eman diote toki entitateek
Onetsi eta sei hilabeteren buruan jarriko da indarrean araua eta eraginpeko entitateek urtebete izango dute aplikatzeko Toki Araubideko Foru Batzordeak oniritzia eman dio zeharkaleetako abiadura-murriztaileei buruzko arau bati

Joan den apirilaren 18an izandako Toki Araubideko Foru Batzordean, aldeko txostena eman zioten toki entitateetako ordezkariek ekitaldi publikoek jasangarritasunaren alorrean bete beharreko baldintzak arautzen dituen foru dekretuaren proiektuari. Dekretuak ekitaldi publikotzat hartzen ditu “ikusleei oro har zuzendutako edo ikusleak biltzeko gaitasuna duten jazoera, jarduera edo ikuskizunak izaera soziala, olgetakoa, artistikoa, kulturala edo kirol arlokoa dutenak”.
Oro har, testuak ontzien eta ontziteriaren eta hondakinen kudeaketari loturik betebeharreko baldintzak jasotzen ditu.
Dekretuak administrazio publikoek antolaturiko ekitaldiei eragiten die bai eta lizentzia edo baimen berezia edota berariazko administrazio-baimena behar dutenei ere. Ez da aplikatuko ordea, jarduera sailkatuaren lizentzia duten lokaletan egin ohi diren ekitaldi publikoetan.
Zenbait arau
Dekretuak jasotzen dituen baldintzen artean, debeku da erabilera bakarreko plastikozko produktuak edo dosi bakarreko produktuak erabiltzea eta, zenbait kasutan, ontziteria berrerabilgarria erabili beharra ezartzen da, besteak beste. Gainera, ekitaldiek hondakinentzako gune egokiak eduki beharko dituzte eta arlo horretan eskumena duten toki entitateekin, hau da, hondakinen mankomunitateekin edo udalekin, adostu beharko dira.
Dekretuaren proiektuak halaber, hainbat betebehar ezartzen ditu komunikazioaren eta sentiberatzearen alorrean eta “ekitaldi publiko jasangarria” izeneko zigilua sortzen du ziurtapen gisa nahitaez bete beharreko baldintzez gain neurri gehiago hartzen dituztenentzat.
Abiadura-murriztaileei buruzko foru agindua
Toki entitateek, halaber, aldeko txostena eman zioten zeharkaleetan eta, batzuetan, zeharkaleak ez diren errepide tarteetan abiadura mantsotzeko oztopoak diseinatzeko eta eraikitzeko oinarriak ezartzen dituen foru agindu baten proiektuari. Foru Aginduak oztopo mota horiek bete beharreko seinaleztatze bertikala eta horizontala ere ezartzen du. Oztopoak egunean, gehienez ere, 3.000 ibilgailuen joan-etorria duten zeharkaleetan eta hiri-tarteetan jartzen dira eta galtzadan jarritako konkorrak izaten dira zabaleran lau metro eta sei zentimetroko garaiera izaten dutenak.
Toki Araubideko Foru Batzordeak dagoeneko txostena egina zion aurretik antzeko arau bati baina ez zen inoiz onetsi entitate batzuek gaia arautzeko eskatu ondoren.
Sorrera eta mantentzea
Foru aginduak dio abiadura-murriztaileak jartzeko eskaera interesa duen toki entitateari dagokiola. Halaber, oztopo hori eraikitzea eta dagokion seinaleztatzea edota argiteria jartzea entitate horri dagokio. Errepide arloko eskumeneko departamentua berriz, abiadura-murriztailearen titularra izango da eta hura kontserbatzeko eta seinaleztatze osagarria jartzeko ardura izango du.
Toki Araubideko Foru Batzordean jorratutako beste gai batzuk
Arestian aipaturiko apirilaren 18ko bilkuran honako gaiak ere landu zituzten:
Kontratazio Administratiboaren Batzordea. Kontratazio administratiboa sindikatuetako ordezkariei eta enpresen erakundeei ere zabaltzeko dekretu baten proiektuari aldeko txostena eman zitzaion.
Administrazioko lanpostuetan sartzeko merituen balorazioa. Gobernuak berriro ere dekretuaren proiektua aurkeztu zuen; NUKFk aurretik aurkako txostena emana zion jada. Dekretuaren proiektu berriak aurrekoarekin alderatuta aldaketa teknikoak baino ez zituenez, toki entitateek berriro ere aurkako txostena eman zioten.
Ikastetxe publikoen kudeaketa ekonomikoa. Toki entitateetan eraginik ez duenez gero, entitateek oniritzia eman zioten. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako mailak dituzten ikastetxeen kasuan, funtzionamendu eta mantentze gastuak toki entitateei dagozkiola ezarrita dago jada.
Nafarroako Hondakinen Planaren Jarraipen Batzordea. Bilkuran aldeko txostena jaso zuen, halaber, Hondakinen Planaren Jarraipen Batzordean, NUKFk eskatu moduan, Federazioak izendatutako toki entitateetako ordezkariak barne hartzen dituen dekretuaren proiektuak.
Argazki oina
Ekitaldi publiko jasangarriei buruzko araudi berriaren barruan sartuko litzatekeen jarduera baten irudia.