2024ko otsailak 2

Ehun toki entitatek eta gizarte erakundek herritarren ongizate emozionalerako ekimenak amankomunean jarri dituzte

NOPLOIk eta NUKFk jardunaldi bat egin dute eta, besteak beste, arlo horretarako foru dirulaguntza deialdia ere aurkeztu dute

Foto noticia

Herritarren ongizate emozionala administrazioen eta gizarte erakundeen agendetan gero eta garrantzi handiagoa hartuz doa eta erakunde horiek okertuz doan herritarren osasun emozionala sustatzeko emandako erantzunak goraka doaz urtez urte. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak arazo horrekin lotutako jarduketak egiteko toki entitateentzako eta beste erakunde batzuentzako dirulaguntza deialdi bat kaleratzen du dagoeneko.

Esperientziak amankomunean jartzeko eta proposamenak trukatzeko, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak eta NUKFk jardunaldi bat egin zuten otsailaren 2an Iruñean. Bertan, toki entitateetako eta gizarte erakundeetako ehun ordezkarik baino gehiagok parte hartu zuten.

Jardunaldiaren hasiera-ekitaldia Xabier Alcuaz Federazioko lehendakariaren eta María Ángeles Nuin NOPLOIren zuzendari kudeatzailearen eskutik izan zen eta ondoren, Itzal Pujol Institutuko psikologoak eta Mikele Jauregui familia eta komunitate arretako erizainak egun osasun emozionalaren egoera zertan den azaldu zuten.

Antox entitateko, Auñamendi Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko, Haizaldea elkarteko eta Gurutze Gorriko ordezkariek bestalde, herritarrekin egiten ari diren programak azaldu zituzten.

Horren ondoren, Ezkabarteko, Lekunberriko eta Alesbesko alkateek eta Arangurengo teknikariak haien lanen berri eman zuten.

Azkenik, Emma Ilincheta NOPLOIren dirulaguntzen kudeatzaileak dirulaguntza deialdi berriaren nondik norakoak azaldu zituen.

Jardunaldian zehar, parte-hartzaileek herritarren osasun emozionalari heltzeko eta horrekin lotutako politiketan sakontzeko beharra berretsi zuten.

 

Argazki oina

Herritarren osasun emozionala eta hori hobetzeko jarduketa komunitarioak toki entitateetako eta gizarte erakundeetako ehun ordezkari baino gehiagoren interesa piztu zuten.

Volver arriba