2025eko otsailak 11

Despopulazioaren inguruko parte-hartze prozesua aurrera doa Irurtzunen egindako topaketan proposamen ugari jaso ondoren

Larraun-Leitzaldea eta Sakanako toki-erakundeetako 30 ordezkarik ekarpenak egin dituzte NUKFk antolaturiko laugarren saioan

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKFk) aurrera jarraitzen du Nafarroan despopulazioaren erronkari heltzeko parte-hartze prozesuarekin. Astelehen honetan, otsailaren 10ean, prozesuaren laugarren topaketa-saioa egin zuten Irurtzunen. Bertan, Larraun-Leitzaldea eskualdeko eta Sakanako toki-erakundeetako 30 ordezkarik hartu zuten parte.

Saioan, beren udalerriek aurrez aurre dituzten erronka nagusiak aztertu eta lehentasun handiena duten zenbait alderdi nabarmendu zituzten parte-hartzaileek.  Adierazitako eskaera nagusien artean daude: despopulazioaren ondorioak leuntzeko neurriak finantzatu ahal izateko funts espezifiko bat edukitzeko beharra, eta hirigintza eta etxebizitza arloko araudia kalteturiko udalen errealitatera egokitzeko premia, abandonaturik gelditzeko arriskua duten etxebizitzen birgaitzea eta okupazioa errazteko.

Horrekin loturik, etxebizitzak birgaitzeko sektore publikoaren aldeko jarrera handiagoa eskatu zuten, landa ingurunean biztanleak finkatzen lagunduko duten pizgarriak eta laguntzak emanez. Beharrezkotzat jo zuten, halaber, udalerri txikietan garraio publikoa hobetzea, konektagarritasuna eta premiazko zerbitzuen eskuragarritasuna bermatzeko. Zerbitzu publikoen plangintza ekitatiboa ere eskatu zuten finantza nahikotasuna bermatzeko eta lurraldeen arteko desparekotasuna ekiditeko.

Laugarren parte-hartze topaketa

Hizpide dugun topaketa NUKFk sustaturiko parte-hartze prozesuaren barruan egin da, Irunberrin, Ariben eta Allon ere saioak izan dituena. Hurrengo bilkurak Garesen (otsailaren 13an), Donezteben (otsailaren 18an), Arguedasen (otsailaren 20an) eta Arangurenen (otsailaren 25ean) izango dira.

Topaketa horietatik ateratako ondorioekin NUKFk txosten bat egin eta Nafarroako Gobernuari helaraziko dio egiten ari diren Despopulazioari aurre egiteko eta Landa Garapenari buruzko Foru Legean kontuan har dezan. Gainera, txostena administrazio publikoek aurrerago egingo dituzten jarduketetarako ere oinarri gisa baliatu ahalko da, hartutako neurriek lurraldearen benetako beharrak asebetetzen dituztela bermatuz.

Prozesuan toki-erakundeen parte-hartze aktiboa garrantzitsutzat jo du NUKFk, beren ekarpenak kontuan hartuko direlakoan Nafarroako landa ingurunean despopulazioari aurre egiteko eta garapena sustatzeko politika publiko eraginkorrak diseinatzeko orduan.

Irudian, Irurtzunen egindako eztabaidaren une bat.

Volver arriba