2023ko abuztuak 19

Despopulazioaren aurka borrokatzeko Foru Legea eta Toki Administrazioaren erreforman aurrera egiteko mahaia dira, besteak beste, Foru Gobernu berria osatzen duten alderdien programa akordioaren barruan jaso diren puntuak

Foto noticia

Despopulazioaren aurka borrokatzeko Foru Legea onestea eta Toki Administrazioaren erreforman aurrera egiteko mahaia abiatzea dira, besteak beste, Foru Gobernu berria osatzen duten alderdiek legealdi honetarako “Programa Akordioan” jasotako punturik garrantzitsuenak. Beste proposamen batzuk ere jasotzen dira, modu orokorrean aipatzen direnak; hala nola, toki finantzaketa-eredua finkatzea, toki enplegu publikoaren egonkortze prozesuarekin amaitzea, edota toki entitateek azpiegitura eta ekipamenduen alorrean dituzten beharrak ezagutzeko ikerketa bat egitea.

Hona hemen Programa Akordioan Toki Administrazioari dagokionez jasotakoa:

  1. Datozen lau urteetan toki finantzaketa eredua finkatzea udal zerbitzu publikoak eta azpiegiturak hobetzeko.
  2. Toki enplegu publikoaren egonkortze prozesuak amaitzea; batez ere idazkaritza eta kontu-hartzailetza alorrean, toki entitateetako kudeaketari azken 30 urteetan izan ez duen egonkortasuna emateko.
  3. Despopulazioaren aurka borrokatzeko Nafarroako estrategia garatzea honako oinarri arautzaileei jarraiki: ikuspegi demografikoa zeharkakotasunez aplikatzea legealdian, politiketan, administrazio publikoen plan eta programetan; ekitate soziala eta herritar guztiek eskubideak baliatzeko aukera izatea; jasangarritasuna; genero berdintasuna; integrazioa eta landa/hiri oreka eta administrazioen arteko lankidetzan, elkarlan publiko-pribatuan, eta parte-hartze publikoan oinarrituriko gobernantza; azken legealdian zehar abian jarritako despopulazioaren aurka borrokatzeko departamentuen arteko batzordearen eskutik. Hori guztia Nafarroan despopulazio arriskuan dauden eremuetako populazioa mantentzeko eta suspertzeko baldintza sozialak, ekonomikoak eta lurraldeari dagozkionak ezartzeko helburu izanik.
  4. Estrategia onetsi ondoren, eta hori oinarritzat harturik, urtebeteko epean Gobernuak Despopulazioaren kontra Borrokatzeko Foru Lege bat aurkeztuko du honakoak jasoko dituena: bermerako landa mekanismo bat, garatutako politika publikoak neurtzeko adierazleak, funts espezifiko bat eta Lurraldea Egituratzeko Funtsa, Nafarroako Gobernuko departamentuetan tokia bilatzeko zailtasuna duten zeharkako ekimenak garatzeko.
  5. Talde parlamentarioekin mahai bat sortzea Toki Administrazioaren Erreforma Garatzen aurrera egiteko. Bereziki premiazkoa da eskumenen argipenean eta tokiz gaindiko organigraman ekitea. Halaber, premiazkoa da toki administrazioaren eta toki ogasunen alorreko araudia eguneratzea. Toki zerbitzu publikoen kostuaren kalkulu zehatza egingo da zerbitzu horien finantzaketa nahikoa bermatzeko.
  6. Nafarroako Hiriarteko Bidaiari-garraioaren Plan Integrala garatzea, eskualdeek plana ezartzeko dituzten beharrak entzunda.
  7. Nafarroa osorako Banda Zabaleko II. Plana ezartzen jarraitzea.
  8. Zerbitzu publikoak (hezkuntza, osasuna etab…) eskuratzerakoan ekitatea bermatzea lurralde arteko arrakala murrizteko asmoz.
  9. Despopulazio eremuetan diskriminazio positiboko irizpideak aztertzea, Pirinioetako gobernantza-eredua Lizarrerrira edo Zangozara ekarrita.
  10. Toki entitateek azpiegitura eta oinarrizko ekipamenduen alorrean dituzten beharren inguruko ikerketa egitea, kostua ere kontuan harturik, ondoren berariazko Inbertsio Plan bat egiteko.

Bestalde, hona hemen lurralde antolaketaren alorrean Programa Akordioan barne hartutako puntuak:

  1. Udalez eta natura guneen kudeatzaileez osaturiko Nafarroa Ezagutu Sarea indartzea eta zabaltzea, ekintzailetzako azpiegituretan, zerbitzuetan eta ekimenetan inbertsioak egiteko gaitasuna hobetzeko, eremu bakoitzean tokiko garapena sustatzeko.
  2. Nafarroako Lurralde Estrategia berrikusteko lanak amaitzea eta behin betiko dokumentua oinarritzat harturik, erabakitzea estrategiaren zer alderdi izango duten arau-maila loteslea.
  3. Lurralde Antolakuntzako eta Hirigintzako Foru Lege berria egitea, garapen jasangarriko oinarriak barne hartuko dituena, lurralde antolakuntzako figurak berrikusiko dituena, 1.000 biztanletik beherako udalerrietako hirigintza espedienteen izapidetzean prozedura sinplifikatua ezarriko duena eta udalerri horietan administrazio prozedurak arinduko dituena.

Beste arlo batzuk

Programa Akordioak toki alorreko gai bereziak jasotzeaz gain, toki administrazioan eragina duten beste puntu batzuk ere biltzen ditu. Hona hemen puntu aipagarrienak:

Osasuna. Oinarrizko Arretarako Estrategia sortzea, oinarrizko osasun arretari lehentasuna emanez eta horretarako baliabide gehiago emateko urratsak emanez.

Gizarte politikak. Oinarrizko arreta eta gizarte zerbitzuak indartzearen alde egitea. Etxez Etxeko Arreta Zerbitzuaren kudeaketa publikoa mantentzea, zerbitzua handituz eta goizetan, arratsaldeetan, asteburuetan eta jaiegunetan ere eskainiz. Udal kudeaketako eguneko zentroen plana sustatzen jarraitzea Nafarroa osoan.

Etxebizitza. Toki entitateekin elkarlanean, alokairuaren eskaintza sustatzea, landa eremuei lehentasuna emanez.

Berdintasuna. Lurralde guztian berdintasuneko politiken garapena bermatzea. Horrek berekin dakar, berdintasun teknikariaren figura ezartzeko eta egonkortzeko sustapena. Genero indarkeriaren alorrean Nafarroako ekintza protokoloaren eta tokiko ekintza protokoloen arteko lankidetza esparrua ezartzea eta horien zabalkundea sustatzea NUKFrekin elkarlanean.

Hezkuntza. Haur Hezkuntzako Lehenengo Zikloa unibertsalizatzeko prozesuan aurrera egitea doako plaza publikoak sortuta.

Kirola. Udal instalazioen plangintza mankomunatua ahalbidetzen dituzten ekintzak sendotzea. Kirol Azpiegituren Plana garatzea eta gauzatzea.

Enplegua. Enplegu babestuko zerbitzuak sustatzea eta dibertsifikatzea.

Politika linguistikoa. Euskararen erabilera arautzen duen legedia egokitzen jarraitzea eskaerarekin eta lurraldeko errealitate soziolinguistikoarekin bat datorren trataera bermatzeko.

Funtzio publikoa. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutu berriaren idazketari heltzea.

 

Argazki oina

Gobernu berriko kideak kargua hartu ostean.

Volver arriba