2024ko urriak 8

Despopulazioa, pertsona zaurgarrien erroldatzea, berdintasuna eta trantsizio energetikoa jorratzeko lanak nabarmendu ditu NUKFko lehendakariak bere legealdiaren lehenengo urteko nondik norakoak aztertzeko egin duen agerraldian

Azaldu duenaren arabera, toki-erakundeen eta herritarren egunerokotasuna hobetzea izan du ardatz Federazioak

Foto noticia

NUKFko lehendakari Xabier Alcuazek erakundearen jarduna aztertu du gaur, Federazioaren buru dela urtebete igaro ondoren. Haren esanetan, Federazioaren jarduketa nagusiak honako ardatz hauen ingurukoak izan dira: despopulazioa, egoera zaurgarrian dauden pertsonen erroldatzea, toki-erakundeetako langileen formakuntza, berdintasuna eta trantsizio energetikoa.

Despopulazioari dagokionez, nabarmendu du batetik, toki-erakundeek eta NUKFk (horiek ordezkatuz) Gobernuak esku artean duen foru legea egiteko lanetan parte-hartu behar dutela. Horri loturik, azaldu duenez Federazioak parte-hartze prozesu bat abian jarriko du Nafarroako erakunde guztiek parte har dezaten eta haien proposamenak bildu eta foru legean txertatzeko.

Erroldatze arloko protokoloa egiteko lanei dagokienez, Federazioak udalen jardunari homogeneotasuna emateko jarraibideak eskaini nahi ditu, erakundeek batzuetan erroldatzeak egiteko irizpide ezberdinak erabiltzen dituztelako. Batzorde Betearazlearen oniritzia eduki ondoren, NUKFk udalei igorriko die aipatu protokoloa.

Federazioa Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan aritzen dela nabarmendu nahi izan du, halaber, Federazioko lehendakariak eta zenbait jarduketa-arlotan bi alderdiek lankidetzarako hitzarmenak izenpetu dituztela zehaztu du.  Trantsizio energetikoaren arloan izenpeturiko hitzarmenari esker, toki-erakundeetako langileei energiaren alorreko formakuntza emango zaie, energia kudeatzeko gida bat egingo da eta gida hori aplikatzeko formakuntza ekintzak eskainiko dira.

Federazioak Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin (NABIrekin) ere beste hitzarmen bat izenpetu du eta, horren barruan, Federazioak toki-erakundeei laguntza eta aholkularitza eskaintzeaz gain, zenbait ikastaro eta jardunaldi antolatu ditu.

Herri-ondareari helduta bestalde, NUKFk beste hitzarmen bat du Foru Exekutiboarekin izenpetzeko zain, Eliza Katolikoak immatrikulaturiko ondare mota horren inguruko ikerketa lanak egiteko.

Azkenik, Federazioak Toki Administrazioa Berrantolatzeko Foru Legearen ezarpena sustatzeko borondatea duela azpimarratu du lehendakariak.

Kontsentsua bilatzea

Bere mintzaldiaren hasieran, Alcuazek Federazioaren lana gidatu duen kontsentsua bilatzeko nahia nabarmendu nahi izan du, bai barne antolaketari dagokionez Federazioaren organo nagusietan indar politiko guztiak egotea bermatuta, bai eta Nafarroako gainontzeko erakundeei dagokienez ere. Horri loturik, Federazioaren jarduna toki-erakundeen eta herritarren egunerokotasuna hobetzera bideratua egon dela adierazi du berriro ere.

 

Argazki oina

Alcuazek NUKFren jardunaren berri eman du lehendakaritzan lehenengo urtea eman ondoren.

Volver arriba