Desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartel berriei buruzko jardunaldi batean egon dira polizia-kidego ezberdinak
Aurreko txartelak 2023ko azaroan iraungi ziren eta homologatu gabeko txartelak erabiltzeak zehapenak izan ditzake. Txartelen inguruko araudi berria definitzeko eta toki-erakundeen artean zabaltzeko lanetan aritu zen NUKF iragan legealdian
Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuak antolaturik, desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartelen funtzionamenduari buruzko jardunaldi batean izan ziren Nafarroako polizia-kidego ezberdinetako ordezkariak irailaren 23an. Foruzaingoko, Guardia Zibileko eta Polizia Nazionaleko kideekin batera, zenbait udalerritako berrogeita hamar udaltzain inguru ere izan ziren saioan. Iragan legealdian txartel berria eta horri loturiko araudia abiatzeko Eskubide Sozialetako Departamentuarekin lankidetzan aritutako NUKFko teknikariek ere ekitaldian parte hartu zuten.
Kalteturiko pertsonen ordezkaritza bat ere izan zuen lankidetza horri esker, 2022an desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartelen erregistro bakarra sortu zen, udal bakoitzak bere txartela sortzean sortzen ziren bikoiztasunak eta erabilera okerrak ekiditeko.
Jardunaldiaren lehenengo zatian, Desgaitasuna Baloratzeko Zentroaren zuzendari Javier Zugastik 2022an Errege Dekretu bidez onetsitako desgaitasun maila aitortzeko, onartzeko eta kalifikatzeko baremo berriak azaldu zituen.
Ondoren, Sustapen eta Eraldaketa Digitalaren Zerbitzuko Itziar Cíak txartel eredu berria eta horren baliozkotasuna egiaztatzeko modua azaldu zituen. Txartelen indarraldia egiaztatzeko, segurtasun agenteek bilatzaile bat dute erabiltzailearen txartelaren zenbakia, iraungitze-data eta indarraldia sartzeko aukera ematen duena eta txartel horren egoera zehatza erakusten diena: indarrean dagoen edo ez, agiri mota eta kontuan hartu beharreko oharrak, halakorik badago.
Txartelak ezinbestean berritu behar dira
Aurreko txartelak 2023ko azaroan iraungi ziren. Beraz, nahitaezkoa da homologaturiko txartel berria edukitzea desgaitasuna duten pertsonentzat erreserbaturiko aparkalekuak erabili ahal izateko, foru araudiak jasotzen duen moduan. Txartel eredu berria ez dutenek ezingo dituzte desgaitasuna duten pertsonentzako aparkalekuak erabili eta homologaturik ez dauden txartelen erabilerak zehazpenak ekar ditzake.
Txartel berriek quazar etiketa bat dute egiazkotasuna egiaztatu ahal izateko. Horri esker, baimen horien iruzurra eta gehiegizko erabilera ekidin eta balio ez duten edo fotokopiaturiko txartelen erabilera oztopatzen da.
Aparkatzeko txartelak pertsona fisikoentzat ematen dira eta txartela bakarra, pertsonala eta besterenezina da. Hau da, soilik erabili ahalko dira txartelaren titularrak ibilgailu bat gidatzen duenean edo ibilgailu horretan garraiatua bada. Txartel bakoitzak toki-erakundeari dagokion kode bat du eta, jarraian, pertsona identifikatzen duen zenbaki bat.
Gainera, bi txartel mota ezberdin daude: bata, iraunkorra eta, bestea, behin-behinekoa. Lehenengoa, mugikortasun edo ikusmen zolitasun murriztua duten pertsonentzat da eta bost urtean behin berritu behar da. Aparkatzeko behin-behineko txartelak berriz, arrazoi humanitarioak tarteko salbuespenez emanen zaizkie sei hilabeterako mugikortasun murriztua duten pertsonei, nahiz eta mugikortasun hori ofizialki aitortua ez egon, muturreko larritasuneko eritasunagatik edo patologiagatik eta horrek berekin ekar dezakeenean bizi-itxaropena asko murriztea –bizi-itxaropen hori bere adinerako eta gainerako egoera pertsonaletarako arruntzat hartuta.
Aurtengo abuztuan, Nafarroako Gobernuak desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko 7.671 txartel emanak zituen erregistro bakarra sortu zenetik: horietatik 7.312 iraunkorrak ziren eta 359 behin-behinekoak.
Argazki oina
Nafarroako Gobernuko, NUKFko eta kalteturiko pertsonen kolektiboetako ordezkariak bere garaian txartel berriaren aurkezpenean.