Begoña Alfaro hirugarren lehendakariorde eta Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako kontseilariak eta Xabier Alkuaz Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakariak bilera egin dute gaur goizean, migratzaileen ezohiko erregularizazio-prozesuari buruzko informazioa partekatzeko eta laguntzeko prest daudela adierazteko.
Aurreikusi moduan, jatorri migratzailea duten milaka pertsonak beren administrazio-egoera erregulatzeko eskatuko dute datozen hilabeteetan. Horrek, ezohiko lan-bolumena eragingo du, eskaerak tramitera onartuak direnetik gehienez ere hiru hilabeteko epean ebatzi beharko baitira, Inklusioaren, Gizarte Segurantzaren eta Migrazioen Ministerioak emaniko azken informazioaren arabera.
Hori horrela, bai Alfaro bai Alkuaz laguntza emateko prest azaldu dira prozesu hori ahalbidetzeko. Aurreikusitakoaren arabera, prozesua apirilean hasiko da nahiz eta oraindik Ministroen Kontseiluan behin betiko dekretua onartu behar duten. “Ahal dugun guztian laguntzeko prest gaude, prozesu hau albiste ona delako administrazio egoera irregularrean dauden jatorri migratzaileko Nafarroako milaka pertsonentzat eta albiste ona da ere bai Nafarroako gizarte guztiarentzat oro har. Baldintza duinetan kontratatu nahi duten enpresentzat ere albiste ona da bai eta administrazioarentzat ere orain arte merkatu beltzetik zetozen langileak batuko baititu”. Hala mintzatu da Alfaro lehendakariordea.
NUKFk tramiteak errazteko eskatu du
NUKFko lehendakari Xabier Alkuazek aldiz, Nafarroako Gobernuari eskertu dio prozesu horren inguruan emandako informazioa, Nafarroako toki-erakundeentzat garrantzitsua den heinean. Era berean, berretsi egin du Federazioa eta toki-erakundeak laguntzeko prest daudela, beren eskumenen arloan prozesua ahalbidetzeko eta herritarrei ahalik eta arreta onena eskaintzeko.
Horrela bada, Alkuazek adierazi duenez, prozesurako gizarte zerbitzuetan errefortzua behar litekeela aurreikusita, zerbitzu horien egitekoa erraztu beharko da eta behar diren baliabideak eman beharko zaizkie. Azkenik, eskatu du NUKFri eta toki-erakundeei prozeduraren berri ematen jarraitzeko, erakunde arteko koordinazioa eta toki esparrutik erantzun egokia ahalbidetze aldera.
Gogoan izan behar da ezen, prozesu horren inguruko edozein zalantza izanez gero, Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak atzerritarrei arreta emateko zerbitzua eta migratzaileentzako oinarrizko informazio eta orientabide zerbitzua kudeatzen dituela eta bertan aurrez aurreko informazioa emango dietela Iruñeko eta Tuterako bulegoetan hala eskatzen duten pertsona guztiei. Gainera, Gurutze Gorriak, Nafarroako Gobernuko atzerritarren arloko aholkularitza zerbitzua kudeatzen baitu, aurrez aurreko arreta eskaintzen du Lizarran, Lodosan, Tafallan, Altsasun, Irurtzunen eta Zangozan.
Irudian NUKFko lehendakari Xabier Alkuaz; NUKFko idazkari nagusi Berta Enrique Cornago; Migrazio Politiketako zuzendari nagusi Eva Gurría; eta lehendakariorde Begoña Alfaro Nafarroako Jauregian izandako bilkuran.