2024ko urriaren 29an Valentziako Erkidegoaren zati handi bat kaltetu zuen DANAren ostean Nafarroako toki-erakundeek adierazitako elkartasuna hasi da jarduketa zehatzetan islatzen, kalteturiko udalerriak lehengoratzeko. Valentziako Udal eta Probintzien Federazioak laguntza deialdi bat argitaratu du, eta horri esker, udal azpiegiturak konpontzeko eta lehengoratzeko obrak finantzatu ahalko dira Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKF) eta Balear Uharteetako Toki-erakundeen Federazioak (FELIB) egindako ekarpen solidarioen kargura.
Deialdiak 192.267,88 euroko zuzkidura du guztira; horietatik 186.905,36 euro NUKFtik datoz, hondamendiaren ondoren egindako elkartasunerako deialdiari erantzunez, Nafarroako udal eta kontzejuek egindako ekarpenei esker.
Laguntzek DANAk kalteturiko udalerrien zerrenda ofizialeko 175 udalerriri egin ahalko diete mesede; horietatik, 104 Valentziako probintziakoak dira, eta 71 aldiz, Castellókoak. Deialdiak udalerri bakoitzeko laguntza bat ezartzen du, eskuragarri dagoen partidaren kontura, eta laguntzak ezingo du inolaz ere gainditu finantzaturiko jarduketaren kostua.
Funtsak uholdeek eragindako kalteekin zuzenean lotutako proiektuak finantzatzeko erabiliko dira, azpiegiturak, ekipamenduak, instalazioak eta udal jabegoko zerbitzuak konpondu edo lehengoratzeko, edota toki eskumeneko zerbitzu publikoak emateko. Deialdia ebazten denean gerakin ekonomikoa egongo balitz, zenbateko hori toki-erakunde onuradunen artean banatuko da era proportzionalean.
Eskaerarekin batera, besteak beste, jarduketen memoria baloratua aurkeztu beharko da, kalteen eta proposatutako obren arteko harreman zuzenaren egiaztapena eta laguntzaren xede izango diren azpiegiturak udal jabegokoak direla ziurtatzen duen dokumentazioa. Diruz lagundutako jarduketak 2026ko irailaren 30a baino lehen gauzatu beharko dira.
NUKFk garrantzitsutzat jo du bereziki, DANA gertatu eta ondorengo egunetan Nafarroako toki-erakundeek egindako ekarpenak, orain, kalteturiko udalerriak berreraikitzen laguntzeko baliabide bihurtu ahal izatea. Federazioaren ustez, deialdia Nafarroako udalgintzak erakutsitako elkartasunaren benetako jomuga islatzen du eta larritasun handiko hondamendi baten ondorioei aurre egiteko lurralde ezberdinetako toki-erakundeen arteko lankidetzaren adibide da.
Deialdiaren jarraipena eta funtsen jomuga egokia bermatzeko, batzorde misto bat sortuko da Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko, Valentziako Udalerri eta Probintzien Federazioko eta Balear Uharteetako Toki-erakundeen Federazioko kideekin. Organo horrek laguntzen gauzapena gainbegiratuko du, prozesuan sor litezkeen gorabeherak konponduko ditu eta deialdiaren helburuak betetzen direla zainduko du.