2025eko otsailak 3

Dagoeneko 210 udalerri dira Klimaren eta Energiaren aldeko Itunarekin bat egin dutenak Nafarroan

176 udalerrik onetsi dute beren Ekintza Plana, 2030erako energia efizientzia hobetu eta CO₂ isuriak % 40-55 murrizteko

Foto noticia

210 udalerrik bat egin dute, jada, Nafarroako Klimaren eta Energiaren aldeko Alkateen Itunarekin. Ituna Europako ekimena da, toki-erakundeen konpromisoa bilatu asmo duena berotegi-efektuko gasen isuriak murrizteko, klima aldaketari egokitzeko eta energia jasangarria sustatzeko. Zehazki, Nafarroako udalerrien % 87,6k bat egin du itunarekin, lurraldearen azaleraren % 72 hartzen dutelarik.

2024. urtea giltzarri izan da toki-administrazioen eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetza sendotzeko eta elkarlana finkatu dute gure komunitatean jasangarritasuna sustatu eta klima aldaketari aurre egiteko. Itunarekin bat egiteak, gainera, Klima eta Energia Jasangarrirako Ekintza Planak (KEJEPak) egitea dakar; klimaren eta energiaren erronkei aurre egiteko udalerriek eta toki-erakundeek egiten dituzten tresna estrategikoak egitea alegia.

KEJEPek neurri zehatzak jasotzen dituzte 2023erako CO₂ isuriak % 40-55 murrizteko, energia efizientzia hobetzeko, energia berriztagarrien erabilera areagotzeko eta klima aldaketak sorturiko ondorioen aurrean erresilientzia sendotzeko. Nafarroan, plan horiek Foru Gobernuak eta Lursarea-Nasuvinsak koordinatzen ditu Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin (NUKFrekin) eta Tokiko Ekintza Taldeekin lankidetzan. 176 udalerri dira beren KEJEPak eginak dituztenak, Europako Batzordearen Joint Research Center zentroak ezarritako jarraibideekin bat.

2024ko Lan Planaren azterketa

2024an Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren, Nasuvinsaren eta Lursarearen lanari esker, KEJEPetan zehazturiko ekintzen jarraipen zorrotza egin da. Lanek Europako finantziazioa izan dute LIFE-NAdapta, LIFE-PLAN4CET eta LIFE-PYRENEES4CLIMA proiektuen barruan, isuriak murrizteko eta klima aldaketari egokitzeko neurri zehatzen ezarpenari eta horien jarraipenari eta zaintzari garrantzia emanez bereziki.

Ekimen nabarmenen artean daude erakundeen arteko lankidetza kanpainak. Horiei esker, kiroldegietan ura aurrezteko kanpaina bat diseinatu eta gauzatu da adibidez,  instalazio publikoetan baliabide horren erabilera efizienteagoa sustatu delarik.

Gainera, Alkateen Itunaren Foroaren barruan, azaroaren 21ean topaketa bat egin zen Tafallan, 80 parte-hartzaile baino gehiagorekin. Bertan, jardunbide egokiak partekatu eta toki jasangarritasunean aurrera egiten jarraitzeko lankidetzako proiektu berriak identifikatu zituzten.

Horretaz gain, jardunbide egokiei buruzko bideoak ekoiztu dira KEJEPen ezarpenari buruzko adibide arrakastatsuak erakusteko. Bideoak Youtube plataforman daude ikusgai, besteak beste, gainontzeko udalerriek adibide gisa edukitzeko (https://www.youtube.com/watch?v=RL03j3r4NJ4).

2025eko Lan Plana

2025a KEJEPak ezartzen jarraitzeko aukera izango da. Datorren urterako lehentasuna da batez ere, KEJEP berriak egitea. Horretan lanean jardungo dute Barañaingo, Uharteko, Moteagudoko, El Bustoko, Goñiko eta Odietako plan berriak egiteko. Gainera, beste udalerri batzuek osaturiko taldeko KEJEPetan bilduko dira berri horiek beste udal batzuekin batera; besteak beste, honakoekin: Aranguren, Eguesibar, Galar, Noain, Beriain, Zizur Nagusia, Burlata, Atarrabia eta Lizarraldeko Erriberako udalerriekin bai eta Iruñerria eta ibarrekin ere.

Era berean, lehenengo hiruhilekoan, Pirinioak eskualdean hasiko dira lanean mendialdeko udalerriei, Alkateen Itunaren metodologiaren bidez baina eremuko berezitasunei egokituta, beren klima-konpromisoak erdiesten laguntzeko.

Horretaz gain, KEJEPen ezarpena ahalbidetzeko kudeaketa tresnak hobetzen eta garatzen jarraituko dute, udalerriek beren klima-helburuak erdiesteko behar dituzten baliabideak izan ditzaten.  Halaber, komunikazio-ekintzak areagotuko dira KEJEPen aurrerapausoak eta lorpenak ezagutzera emateko, herritarren parte-hartzea eta toki-administrazioen konpromisoa sustatuta.

Alkateen Itunaren jarraitutasuna eta finantziazioa

Alkateen Itunaren jarraitutasuna ezinbestekoa da klima aldaketari aurre egiten jarraitzeko. Nafarroako Klima Aldaketarako Bulegoaren Zerbitzuaren zuzendaritzak adierazi duenez, Nafarroako tokiko klima ekintzari laguntza ematen jarraitzeko aurreikuspena dute, ezarpen fasean, 2026tik aurrera, Life Nadapta proiektua amaitu ondoren, eta horretarako formula tekniko, ekonomiko eta administratibo bideragarriena baliatuko dute. Nafarroako Gobernuaren, toki-administrazioen eta funtsezkoak diren bestelako eragileen arteko lankidetza funtsezkoa izan da  proiektuek aurrera egiten dutela bermatzeko.

Volver arriba