2021eko abenduak 27

COVID-19ari aurre egiteko prebentzio neurriak eguneratu ditu Nafarroak

Covid neurriak (21.12.29)

Deskargatu protokolo berriaren infografia

Nafarroako Gobernuak COVID pasaportearen erabilera zabalduko du Foru Komunitatean, eta, aldi berean, birusari eusteko ezohiko neurri sorta bat aktibatuko du; izan ere, oso intzidentzia handiak izaten ari da lurraldean, eta tentsio handia osasun-zerbitzuetan.

Osasun kontseilariak emandako 63/2021 Foru Agindu berriaren bitartez ezohiko osasun-neurri prebentibo espezifikoak ezarri dira COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoaren ondorioz. Agindua astelehen honetan bidali da Nafarroako Justiziako Auzitegi Gorenera (NJAG), eta, abala ematen badu, indarrean sartuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasi eta urtarrilaren 14ra bitarte, egun hori barne.

Beste neurri batzuen artean, zenbait lokal eta jarduera gehienez ixteko ordutegia ezartzen da, hots, 1:00etik 6:00etara; mahaietan eserita derrigorrez kontsumitzea gehienez 10 lagun izanik; eta gizarte, kultura eta kirol arloko ekitaldi espezifiko batzuk nahiz Gabonetako jarduerak erregulatzea.

COVID-ak Nafarroan eragindako egoera epidemiologikoa ikusita, Foru Agindu berriak zenbait neurri espezifiko eta zehatz ezartzen ditu, birusaren transmisio komunitario garrantzitsua gutxiagotzeko eta osasun-sistemaren egoera zaintzeko; izan ere, une honetan, presioa oso esanguratsua da batez ere Lehen Arretan (osasun-etxeak eta detektatze- eta txertaketa-zentroak) eta gero eta handiagoa ospitale-sarean eta zaintza intentsiboen unitateetan.

COVID pasaportearen erabilera handitzea egoitza, gimnasio eta beste espazio batzuetara

Egoera honen aurrean, Nafarroako Gobernuak, txertaketa-prozesua areagotzeaz eta banako eta taldeko prebentzio-neurriak hartzeko gomendatzeaz gain, 60/2021 Foru Aginduan hartutako neurriak indartu eta COVID pasaportearen erabilera espazio itxi jakin batzuetan eta jendea pilatzen denetan zabaldu behar dela uste du, egoera horiek kutsatzeko aukera gehitzen baitute, ebidentzia zientifikoak erakutsitako moduan.

Foru Agindu honen arabera, COVID pasaportea eskatuko da egoitza eta zentro soziosanitarioetara sartzeko; neurri hori jada jasota zegoen pasa den astean Eskubide Sozialetako kontseilariak onartutako foru-aginduan, baina NJAGek ez zuen abalatu, eta, hala behar izanez gero, Osasun kontseilariak aurkezteko eskatu zuen, osasun-arloko agintaria izateagatik.

Modu horretan, dokumentua eskatuko da 12 urteko pertsonak eta 12 urtetik gorakoak lizentzia hauek dituzten lokal eta establezimenduetara sartzeko:  diskotekak, dantza-lekuak, ikuskizunen kafetegiak, kontzertu-aretoak, barruan egiten diren jende askoko ekitaldiak (jarduera koordinatuen inguruan Osasun Ministerioaren dokumentuaren erregulazioa duten kirol-ekitaldiak izan ezik), bingoak, joko-aretoak eta apustu- eta jolas-aretoak, funtzio anitzeko espazioetako establezimenduak, jatetxeak (unibertsitateetako jatetxeak eta enpresako jantokiak kenduta); aterpetxeak, hotelak eta antzeko turismo-ostatuak; gimnasioak, jarduera fisikoak edo kirol-jarduerak egiten diren instalazio itxiak, antolatutako lehiaketetako kirol-entrenamenduak kenduta. Lokaletara eta establezimenduetara sartzeko kontrol honetatik kanpo geratzen dira establezimendu horietako aire zabaleko espazioak eta terrazak.

Orain arte bezala, Osasuneko Karpeta Pertsonalean deskarga daitekeen agiria osasuneko zerbitzu publiko batek edo Osasun Departamentuak baimendutako zentro batek eman behar du, eta hiru kasu hauek jasoko dira: txertaketa-ziurtagiria (pauta osoa), proba-ziurtagiria (PCR negatiboa azken 72 ordutan edo antigenoen azterketa negatiboa azken 48 ordutan) eta errekuperatze-ziurtagiria (COVID-19a igaro ondoren ematen da, eta 180 eguneko balioa du).

COVID pasaportea ezartzearen ondorioz, nabarmen gehitu da FOREMen dagoen hitzordurik gabeko lineako txertaketa-kopurua; hau da, txertatu gabeko pertsonentzat dosia eskuratzeko baliabidea. Abuztuan linea hori abian jarri zenetik 10.500 txerto baino gehiago eman dira bertan, eta kopuru hori nabarmen gehitu da COVID pasaportea azaroko azken astean indarrean sartu zenetik.

Gaueko aisialdiaren eta ostalaritzaren itxiera aurreratzea eta barran ez kontsumitzea

Bestalde, Nafarroak ezohiko prebentzio-neurri espezifikoak aplikatuko ditu, egoera epidemiologikoaren ondorioz, 14 egunetan 2.200 kasu baino gehiago egon baitira 100.00 biztanleko, eta 1.500 kasu 7 eguneko intzidentziari dagokionean. Zehazki, 1:00etik 06:00etara itxiko dira merkataritza-jarduerak, diskotekak, dantzalekuak, ikuskizun-kafetegiak, kontzertu-aretoak, tabernak, taberna bereziak, kafetegiak eta jatetxeak; kultur jarduerak, bingoak, joko-, apustu- eta jolas-aretoak, nahiz funtzio anitzeko espazioetako establezimenduak, ostalaritzan eta jatetxe-jardueran aritzen badira, edota elkarte gastronomikoak eta peñak, etxabeak, piperoak eta antzekoak.

Ostalaritzan eta jatetxeetan (taberna bereziaren, ikuskizun-kafetegiaren, tabernen, kafetegien eta jatetxeen lizentzia duten establezimenduen barrualdeak), beti mahaian eserita kontsumituko da, eta barra soilik erabiliko da kontsumizioa eskatzeko eta jasotzeko. Tabureteak dituzten mahaietan eta barrari erantsita daudenetan kontsumitu ahal izango da. Horiek gehienez bi pertsonentzat izango dira, eta batetik bestera 1,5 metroko distantzia mantenduko dute, mahai arteko distantzia bezala. Era berean, mahaietan edo mahai-multzoetan gehienez 10 lagun jarri ahal izango dira, pertsonen arteko 70 cm-ko segurtasun-tartea bermatuta. Establezimenduen barrualdeak gehienez 1:00ean itxiko dira. Halaber, neurri horiek guztiak aplikatu beharko dira elkarte gastronomikoetan eta peñetan nahiz ‘pipero’ eta antzekoetan.

Gogorarazten da indarrean jarraitzen duela bide publikoan, parke eta plaza publikoetan eta igarobide publikoko beste leku batzuetan elkarbizitzako eta aisialdirako ospakizunak alkohola kontsumituaz egiteko debekuak (“botiloia” eta antzekoak).

Gizarte, kultur eta kirol arloko eta Gabonetako ekitaldiak

Osasun-mailako prebentzio-gomendioak jarraitzeko, erakunde antolatzaileek jende pilaketak eta pertsonen kontzentrazio handiak saihesteko beharrezko neurriak hartu beharko dituzte, eta, horrez gain, sukaldaritza debekatuta egongo da kultur, gizarte edo kirol arloko ekitaldi guztietan.

Kultur eta kirol mailan programaturiko jardueretan, butaka aurrez esleituta izanik, Osasuneko Zuzendaritza Nagusiak abenduaren 16ean emandako ebazpeneko gomendioak beteko dira. Edonola ere, aurrean aipatu moduan, ezingo da janaririk eta edaririk kontsumitu. Edukiera 1.000 pertsonatik gorakoa denean barrualdean eta 2.000 pertsonakoa kanpoaldean, txostena eskatu beharko zaio nahitaez Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari.

Aldi berean, Gabonetako jardueretarako ekitaldi espezifikoetarako (kabalgatak, desfileak edo antzekoak eta San Silbestreko lasterketa tradizionalak) derrigorrezko txostena eman beharko du Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak, betiere barrualdean kopurua 500 lagunetik gorakoa bada eta 1.000 lagunekoa kanpoaldean.

Gomendioak eta osasun-sistemaren erabilera egokia

Neurri-sorta gehitu zaie pasa den astean Osasuneko Zuzendaritza Nagusiak argitaratutako ebazpenean jasotako gomendioei; bertan, birusaren aurrean prebentzio-neurri indibidualak nahiz kolektiboak betetzeko garrantzia indartu zen, zetozen jai-egunetara begira.

Besteak beste, eremu pribatuan, bizikide ez direnen arteko topaketetan gehienez ere 10 pertsona eta 2 bizikidetza-taldera mugatzea gomendatu zen; halaber, erreferentziazko pakete bat aipatu zen, Gabonetako ekitaldi eta jardueretan transmisio-arriskuko egoerak saihestearren.

Era berean, Osasun Departamentuak gogorarazten du, asistentzia-presioaren egungo maila eta COVID diren eta COVID ez diren patologia ezberdinen konfluentzia direla-eta, garrantzitsua dela osasun-zerbitzuak arduraz erabiltzea modalitate ezberdinetan eta Larrialdietako zerbitzuak soilik egoera larrietarako eta atzeratu ezin direnetarako erabiltzea. Beraz, osasun-zentroarekin harremanetan jartzea gomendatzen da batez ere COVIDarekin bateragarriak diren sintomak agertzen direnean.

Volver arriba