2026ko uztailak 2

Concejo aldizkariaren azken aleak etxebizitza arloan ekiteko toki-erakundeek dituzten tresnak ditu ardatz

NUKFren argitalpenak honako hauek ere ditu irakurgai: garapenerako udal lankidetza, toki-erakundeetako langileentzako Etengabeko Prestakuntza Plana, berdintasun arloko laguntza teknikoa eta Baztango Ziga herriari eskainitako erreportajea

Foto noticia

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak Concejo aldizkariaren ale berria argitaratu du, 2026ko ekaineko alea alegia, eta txosten nagusian toki-erakundeek dituzten tresnak aztertzen ditu udal politikatik etxebizitza arloari heltzeko.

Toki-erakundeei etxebizitza arloan diagnostikotik ekintzara igarotzen lagundu diezaieketen tresna administratibo eta fiskalak aztertzen ditu txostenak. Tresna horien artean, honako hauek jorratzen ditu: etxebizitza hutsa mobilizatzea, babesturiko birgaitzea, erabilera lagapeneko etxebizitza kolaboratiboa, eta NUKFk igorritako ordenantza eredua, udalei etxebizitza hutsen gaineko zerga oinarri juridiko sendoarekin eta udalen errealitateari egokiturik arautzen laguntzeko.

Hain zuzen ere, “toki politika etxebizitzaren arazoaren aurrean” izenburu duen editorialak azpimarratzen du etxebizitza lehen mailako erronka gisa finkatu dela Nafarroako udal eta kontzejuentzat. Horregatik, aldizkariak errealitate hori lurralde ikuspegi zabal batetik aztertzen du, etxebizitza-merkatu tentsionatuko eremu izendatutako udalen egoera kontuan hartuta, bai eta landa inguruneko udalerrien egoera kontuan hartuta ere, non eskaintza ezak edo bizitegi parke desegokiak errotzea, kohesio soziala eta lurralde oreka baldintzatzen baitute.

Lankidetza, prestakuntza eta kultura

Bestalde, aldizkariaren ale berriak Nafarroako Garapen Lankidetzako Toki Funtsaren egitekoa ere du hizpide. Horren bitartez, NUKFk hamaika lankidetza proiektu sustatuko ditu aurten nazioartean, eta Ekialde Hurbilean larrialdiko laguntza humanitarioa mobilizatuko du. Finantzaturiko ekimenek, nagusiki, honako hauek dituzte ardatz: uraren eskuragarritasuna, saneamendua, osasuna, hezkuntza, eta zenbait herrialdetan, herritar zaurgarriekiko arreta.

Aldizkarian nabarmentzekoa den beste edukietako bat NUKFren 2026ko Etengabeko Prestakuntza Plana da, Nafarroako toki-erakundeetako langileei zuzendua. Aurten, 157 erakunde atxiki ditu Planak, 118 prestakuntza ekintza eskaini edo zehaztu ditu jada, eta arreta berezia jarri du teknologia berrietan, araudian, tokiko kudeaketan eta udal eta mankomunitateen berariazko eskaeretan. Plana, bestalde, etengabe eguneratuz doa, eta datozen datetan urteko bigarren erdialderako programaturiko ikastaroak argitaratuko dira.

Aldizkariak, gainera, honakoak ere jorratzen ditu: NUKFk eta KUNAk toki esparruan kultur kudeaketa sustatzeko berritutako lankidetza protokoloa, 5.000 biztanletik beherako toki-erakundeei berdintasun arloko laguntza teknikoa, migratzaileak erregularizatzeko prozesu bereziari buruzko informazio-zirkularra, eta arau eta udal arloko zenbait berritasun.

Erreportajearen atalean aldiz, mendiz eta larrez inguraturiko Ziga herria da oraingoan protagonista, Baztango herrietatik argazki gehien dituenetarikoa. Argitalpena osatzeko, ohi den moduan, prentsaren eta legediaren berrikuspena, argitalpen interesgarriak eta Nafarroako toki esparruaren errealitateari loturiko bestelako edukiak daude.

Concejo harpidetza bidezko aldizkaria da, NUKFk argitaratzen duena, eta Federazioak Nafarroako toki-erakunde guztiei eta udaletako eta kontzejuetako hautetsi guztiei doan igortzen die, toki esparruan informazio, testuinguru eta eduki baliagarriak hurbiltzeko asmoz.

Concejo aldizkariaren azken alea dagoeneko eskuragarri dago NUKFko web-orrian https://www.fnmc.es/wp-content/uploads/2026/06/CONCEJO-409.pdf

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Volver arriba