Beste 37 toki entitatek energia-komunitate bat sustatuko dute elkarrekin
28 udal bildu zituen Toda Energía I komunitatearen eredua jarraitzen du Toda Energía II komunitateak
37 toki entitatek, udalak eta kontzejuak, Toda Energía II energia-komunitatea abiatu dute, 3.000 etxeri, saltokiri eta enpresa txiki eta ertaini (ETTri) zerbitzua eman ahalko diena. Ekimenak 26 udal batzen dituen Toda Energía I komunitatearekin bat egiten du. Bi komunitateen artean 63 udalerri biltzen dituzte eta 4,4 megawatteko potentzia instalatua guztira.
“Energia-komunitate berriak 1.512.427,51 euroko dirulaguntza jasoko du Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Institututik, Nafarroako 37 udalerritan energia-komunitatea ezartzeko eta abiatzeko.
Toda Energía II Nafarroako Merkataritza Ganberak NUKFren laguntzarekin sustatutako proiektua da, honako babesle hauek dituena: Nafarroako Gobernuko Industria Departamentua eta, bazkide teknologiko gisa, EDINOR.
Komunitatea abiatzeko aurrekontua 2.607.633 euro ingurukoa da eta proiektuak 1,9 megawatteko potentzia izango du, 3.000 etxek, saltokik eta enpresa txiki eta ertainek (ETTk) baliatu ahalko dutelarik. Ibilgailu elektrikoentzako 14 kargagailu ere jarriko dira.
Energia-komunitate berria Trantsizio Ekologikoaren eta Erronka Demografikoaren Ministerioak Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientziarako Planaren barruan energia-komunitateen proiektu pilotuetarako deitutako pizgarrien programaren testuinguruan sortu da.
Erabaki hori Ganberak Federazioaren laguntzarekin sustatutako energia-komunitate ereduari emandako babesaren erakusle da beste behin ere. Komunitatearen ereduak hainbat balore ditu oinarritzat; besteak beste, tokiko sustraitzea, udalen parte-hartzea, herritarren ahalduntzea eta autokontsumoaren eta teknologiaren garapena, eta horiek bat etorri dira Ministerioak eta Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Institutuak energia-komunitateen proiektu pilotuetarako deitutako pizgarrien programaren bidez dituzten lehentasunekin.
14 karga-gune Nafarroan
Laguntza jasotzeko aurkeztutako ekimenak udal-eraikinetako estalkietan eguzki-instalazio fotovoltaikoak jartzeko inbertsioak proposatzen ditu, hortik sortutako energia udalerriaren barruan legeak baimentzen dituen distantzietan banatzeko. Horrez gain, udalerrietan 14 karga-gune elektriko sortzea aurreikusten da CENER Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalarekin elkarlanean.
Energia-komunitateko familiek, ETTek eta saltokiek egungo elektrizitate faktura murriztu ahal izateaz gain, kudeaketa digitalizatua, eguneratua eta konprometitua edukiko dute. Gainera, energia-komunitateak energia-komunitate horren gainontzeko kontsumoaren prezioa negoziatu ahalko du eta horrek aurrezpen handiagoa dakar energia-komunitatetik kanpoko erabiltzaileekin erkatuta.
Honako udal hauek batu zaizkio Toki Energia-komunitate berri horri: Abartzuza, Allin, Arroitz, Azuelo, Barillas, Cabanillas, Caparroso, Oltza Zendea, Zizur Zendea, Esprontzeda, Faltzes, Lezaun, Ledea, Irunberri, Metauten, Otsagabia, Puiu, Sesma, Tebas Muru Artederreta, Tulebras, Villatuerta eta Monteagudo; eta honako kontzeju hauek: Aramendia, Artabia, Bakedao, Zizur Txikia, Etxabarri, Galdio eta Eguesibarko Ibiriku, Larrageta, Larrion, Metauten, Muneta, Oltza, Otsakain, Dorre Elortzibar eta Zubielki.
Toda eredua Nafarroako 63 udalerritan
Toda Energía II Toda Energía I komunitateari gehitu zaio, Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Institutuko laguntzekin ere abiatu zenari. Gogoan izango denez, Toda Energía I 41 instalazio fotovoltaikoz osaturik dago, 7.301 eguzki plaka jartzea dakarrena. Guztira 18.174 m2k energia-komunitate hori osatzen duten 26 udalek lagaturiko eraikinen teilatuak estaltzen ditu. Komunitateak 2.726 kilowatteko potentzia instalatua du, 4.000 etxeri eta saltoki txikiri onura ekarriko diena.
Bi komunitateek Nafarroako 63 udalerri baino gehiago barne hartzen dituzte eta guztiz proiektu aitzindaria da estatuan.
Gainera, Nafarroako Merkataritza Ganberaren bidez, Nafarroako Toda Energiaren eredua estatu osoan zehar erabiltzen ari da.
Argazki oina
Otsailaren 1ean aurkeztu zen Komunitatea.