Berdintasun arloko sare-lanerako aukerak NUKFk antolaturiko jardunaldi batean
Udalerrien elkarteen esperientziak izan zituzten ardatz bertaratutakoek. Parte-hartzaile ia denak berdintasuneko udal teknikariak izan ziren.

Toki-erakundeen sare-lana eta berdintasunaren alorrean udalerrien elkarteek duten zeregina izan ziren Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak antolaturiko jardunaldiaren erdigunea. Saioan, hogei parte-hartzaile pasatxo izan ziren, gehienak, berdintasun arloko udal teknikariak.
Jardunaldia urriaren 25ean egin zen Iruñean eta, bertan, Eudel Euskal Udalerrien Elkartearen eta FAMCP Aragoiko Udalen, Eskualdeen eta Probintzien Federazioaren esperientziak ezagutu zituzten eta gainontzeko udalerrien elkarteen jardueren berri izan zuten.
Eudelen jarduerak azaltzeko bertan izan ziren Nati López de Muniáin Burgeluko alkatea eta Eukene de Miguel elkartearen teknikaria. Berdinsarea nabarmendu zuten Eudelek eta Emakundek batera sustaturiko sarea dena eta, besteak beste, zenbait laguntza programa garatu eta lan bateraturako guneak dituena. EAEn aldundiek haien sare propioa eskaintzen diete udalerri txikiei.
FAMCP ordea, berdintasun batzorde zehatz bat eta teknikari bat (migrazioen arloan ere aritzen dena) duen udalerrien federazio bakarrenetakoa da. Federazio horren jarduna azaldu zuten erakundeko lehendakariorde eta Linares de Mora udalerriko alkate Yolanda Sevillak eta federazioko teknikari Yolanda Matasek. FAMCPek Aragoiko toki-erakundeei aholkularitza eta laguntza teknikoa eskaintzen dizkie eta Toki Langileentzako Etengabeko Prestakuntza Planean prestakuntza ekintza ezberdinak txertatzen ditu.
Horren ondotik, Equala Iniciativas laguntza teknikoa emateko enpresako zuzendari Alicia Fernández Piérolak gainontzeko autonomia erkidegoen egoera azaldu zuen. Laburbilduta, berdintasun arloko jardun eskasa edo eza dute eta gehienek ez dute teknikaririk horretarako ezta organo berezirik ere. Andaluziako federazioa da berdintasun arloa zeharka lantzen duena zenbait behatokiren bidez.
Adierazitako hizlarien azalpenen ondoren, Juan Jesús Echaide NUKFko teknikariak Nafarroan eta Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioan toki-erakundeen sare-lanerako egondako aukera nagusiak berrikusi zituen. Jardunaldiaren amaieran, lantegi bat egin zen bertaratutakoek hizlariek aurkezturiko lan egiteko moduen abantailak eta desabantailak baloratzeko.
Argazki oina
Hogei bat pertsonek parte hartu zuten jardunaldian.