Autokarabanekin gaua igarotzeko eremuak ostatu turistiko motatzat hartuko dira, eta baldintza desberdinak beteko dituzte hiru modalitateetan

Nafarroako Gobernuak onartu du turismo ibiltariaren gaua igarotzeko eremuak arautzen dituen foru dekretua, hau da, autokarabanetan, karabanetan, furgoneta egokituetan (camper) eta antzekoetan egiten dena. Berritasun nagusia da ibilgailu horien gaua igarotzeko eremuak turismo-ostatuko modalitatetzat hartuko direla, eta hiru kategoria ezarri dira horietarako. Kategoria horiek gutxieneko baldintza batzuk bete beharko dituzte bisitariei eskaintzen dizkieten zuzkidura eta zerbitzuei dagokienez.
Dekretuak, gainera, Foru Komunitatean mota horretako eremuak irekitzeko behar diren baldintza teknikoak ere ezartzen ditu eta eremuen funtzionamenduaren araubidea (irekiera egutegia, egonaldiaren gehieneko denbora eta eskatu daitezkeen ardura zibileko aseguruak). Eremu horiek Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzeko prozedura ere ezartzen du bai eta zehapen araubidea ere.
Rebeca Esnaola Kultur kontseilariak azaldu duenaren arabera, Nafarroako Gobernuko Turismo Zuzendaritza Nagusia bi laguntza ildo lantzen ari da toki entitateei eta enpresa txiki eta ertainei gaua igarotzeko eremuak baldintza berrietara egokitzen laguntzeko. Batetik, toki entitateei zuzenduriko deialdi bat sustatu asmo dute gaua igarotzeko eremu berriak ezartzeko edo/eta daudenak egokitzeko. Laguntza horrek 400.000 euroko aurrekontu-zuzkidura izango du eta gehienez ere 200.000 euroko aurrekontua diruz lagundu ahalko da, diruz lagundu daitekeen guztizko zenbatekoaren %80era iritsita.
Sektore pribatuari zuzenduriko laguntza-ildo bat ere badago.
“Azken helburua eskaera duen eta gorantz doan zerbitzu bat arautzea izan da eta da, erabiltzaileek ahalik eta baldintza onenetan zerbitzua erabiltzen jarrai dezaten eta bisitari berriak lortzeko eta gure komunitatearentzat ordainparte ekonomikoa sorrarazteko”, azpimarratu du Esnaolak.
Hiru kategoria: oinarrizkoa, plus eta osagarria
Araudi berriak orain arte indarrean dagoena, 2014koa, ordezkatzen du turismo mota hori praktikatzen duten pertsonen ohituren garapenak indarreko araudia gainditu baitu eta azken urteotan turismoaren sektoreak izandako aldaketek araudi berria eskatzen baitzuten.
Dekretuak gaua igarotzeko eremu gisa definitzen ditu jendeari irekitako lur-eremuak, ezein motatako etxebizitza-ibilgailuk esklusiboki behin behinean okupatzera bideratutakoak eta trukean kontraprestazio ekonomikoa dutenak. Betiere, eremu horiek foru dekretuak ezarritako baldintzak eta ezaugarriak betetzen badituzte. Definizio horretatik at gelditzen dira hirietako eta hiri arteko bideetan baimendutako geldiuneak eta aparkatzeko eremuak, azoketako salerosleek jaietan edo tokiko ekitaldietan lanerako behin-behinean okupatutako guneak, ibilgailuak zaindu eta gordetzeko eremuak edo sektoreko araudiak araututako turismoko kanpalekuak.
Definizio horretatik abiatuta hiru dira gaua igarotzeko eremuen kategoriak: oinarrizkoa, plus eta osagarria. Guztiek, gutxienez, honakoak eduki beharko dituzte: edateko egokia den ur-hartunea, ur beltzak eta grisak hustutzeko puntu-garbia, hondakinen gaikako bilketa, lehen sorospenetarako ekipoa eta informazio-panel bat ongi ikusiko den toki batean honakoak bilduko dituena: eremuaren zerbitzuak, eta erabilera baldintzak eta arauak, eremuko eskaintza turistikoa eta merkataritzakoa, osasun zentroen, 112aren eta garraiobide publikoen sarearen inguruko informazio praktikoa. Informazioa gaztelaniaz eta euskaraz azaldu beharko da (indarreko araudiaren arabera) eta Europar Batasuneko beste hizkuntza ofizial batean, gutxienez. 10 tokitik aurrera, dutxak eta higiene zerbitzuak eduki beharko ditu bai eta harraska ere.
Oinarrizko kategoriak, gehienez ere, aparkatzeko 20 partzela eduki ditzake. ‘Plus’ izeneko kategoriak ezin ditu aparkatzeko 40 partzela baino gehiago eduki eta zerbitzu eta instalazio gehigarriak izan behar ditu; esate baterako, ur-beltzak eta -grisak hustutzeko puntu gehigarriak, argindarra partzelen %30ean, gutxienez; ibilgailu elektrikoak kargatzeko estazio bat eta beste hiru zerbitzu gehigarri, gutxienez; besteak beste, industria-garbitegia, aisiarako eremuak, maskotentzako eremuak, Wifi konexioa, zerbitzuetako langileak, herrietarako garraioa, kiroldegi zerbitzuetarako sarbidea, itzalerako estalkiak, amankomuneko guneak edo aretoak, askaltegiak edo autogarbiketarako sistema automatizatuak edo izozteen aurkako sistemak.
Kategoria osagarrian sartzen dira turismo-jarduera bati edo turismo-interes nagusiko establezimendu bati lotutako eremuak, jarduera horri lotutako esparru edo partzela hurbil berean daudenak. Eremu horiek turismo-jardueraren edo turismo-interes nagusiko establezimenduaren zerbitzuak eta instalazioak partekatu ahal dituzte, onetsitako foru dekretuan islatzen diren baldintzak betetzen badituzte, betiere. Zerbitzuen eta instalazioen mailaren arabera, eremu horiek oinarrizko kategoria edo plus kategoria izango dute. Baimendutako aparkatzeko partzelak ezingo dira bost baino gehiago izan. Muga hori ez da aplikatuko turismo kanpaleku bateko eremu osagarrietan.
48 eta 96 ordu arteko gehieneko egonaldia eta sarbidearen kontrola
Gehieneko egonaldiari dagokionez, oinarrizko eremuetan 48 ordu dira eta plus eremuetan 96. Egonaldia baina, igarotako azken gaueko hurrengo eguneko goizeko 10:00ak arte luzatu daiteke.
Bost leku baino gehiagoko eremuetan, derrigorrezkoa da sarbidea kontrolatzeko zerbitzua edukitzea, zeina erabiltzaileen identifikazioa eta eremura sartuko diren ibilgailuena ahalbidetuko baitu. Sarbidearen kontrola sarreran jarritako automatizaturiko hesi baten bidez edo antzeko elementu baten bidez egingo da. Aurrez aurreko edo urrutiko zaintza-sistema iraunkorra bermatu beharko da, gaua igarotzeko eremuaren edukierara eta azalerara egokitu beharko dena.