2026ko uztailak 3

Aurkeztu dute Despopulazioaren Aurkako eta Landa Garapenerako Foru Legearen aurreproiektua

Arauak toki-erakundeek egindako zenbait eskari biltzen ditu, batzuk baina, aurrerago egin beharreko arau-garapenaren zain geldituko dira

Foto noticia

Nafarroako Gobernuak Despopulazioaren Aurkako eta Landa Garapenerako Foru Lege berria aurkeztu du ostiral honetan. Landa inguruneak eta toki-erakundeek egindako eskaria zen, eta orain, parte-hartze prozesu-fasean sartuko da izapidetze parlamentarioaren aurretik. Foru Exekutiboaren helburua da Legea datorren urteko hasieran Parlamentura eramatea, legealdia amaitu baino lehen onets dadin.

Gobernuak aurreratu duenaren arabera, Despopulazioaren Aurkako eta Landa Garapenerako Foru Legearen xedea da “arau-esparru integrala ezartzea despopulazioari aurre egiteko, garapen demografikoa sustatzeko, eta Nafarroako lurralde kohesioa bermatzeko”. Araudia Foru Komunitateko erakunde publiko eta pribatu guztietan izango da aplikagarria.

Legedi berriak aldaketa garrantzitsuak barne biltzen ditu; besteak beste, plangintza publiko orotan eragin demografikoa eta lurraldekoa aztertzeko txosten bat idazteko betebeharra; arriskuan dauden udalerriak ofizialki sailkatzeko beharra; landa inguruneko Babes Ofizialeko Etxebizitzaren figura; landa eskoletarako gutxieneko ikasle kopurua 4 kideetara murriztea; despopulazioaren aurkako aurrekontu-funts finalista bat; eta lurraldeari egokituriko fiskalitatea.

Horiek izan ziren, hain zuen ere, toki-erakundeek eskaturiko neurrietako batzuk, eta NUKFk Nafarroako Gobernuari 2025eko maiatzean emandako txostenean jasotzen zirenak. Hala eta guztiz ere, neurrien benetako garapena, dagokion aurrekontu-zuzkidura egon arte zain geldituko da, despopulazioaren kontrako funtsaren kasuan esaterako, edo bestelako arau-aldaketa batzuk egon arte. Esate baterako, urtebeteko epea ezarri da fiskalitatea egokitu eta berrikusteko, eta ez dago epe zehatzik etorkizuneko Landa Inguruneko Etxebizitzari buruzko Legerako.

Legearen testua

Legeak landa ingurunean funtsezko zerbitzuak bermatzeko neurriak biltzen ditu. Hezkuntzari arreta berezia eskaintzen dio, eta besteak beste, honako ekintza hauek aurreikusten ditu: landa inguruneko ikastetxeak mantentzeko gutxieneko lau ikasleko kopurua eta ikastetxe horien saretzea; irakasleak erakartzeko neurriak; doako gailu digitalak eta bermaturiko konektagarritasuna ikasgeletan; eskola-jantoki eta egokituriko garraio finantzatuak; eta landa ingurunera egokituriko unibertsitate bekak.

Osasun eta farmazia zerbitzuetan aldiz, Legeak landa inguruneko herrietan lehen mailako arreta sendotzearen alde egiten du, espezialitateak deszentralizatuz; telemedikuntza eta urruneko osasun arreta ezartzea aurreikusten du; landa esparruan osasun eta farmazia arreta indartu eta egokitu nahi ditu, eta bakarrik bizi diren adinekoentzako telearreta aurreratua ezarri nahi du.

Legearen beste lehentasunetako bat da, halaber, hurbileko gizarte zerbitzuen alde egitea, eta horretarako, kontuan hartuko ditu mendekotasuna, eguneko zentroak, familia-atsedenerako zerbitzuak eta isolamenduaren eta nahi ez den bakardadearen aurka egiteko programak. Gainera, legeak konektagarritasun digitala funtsezko zerbitzutzat jotzen du behin eta berriz.

Lurraldea eta etxebizitza

Neurri sorta bat ere biltzen du arauak landa inguruneko etxebizitza babestuari dagokionez, baina dena dela, arlo hori etorkizuneko berariazko lege batean zehaztu beharko da. Horretaz gain, helburua da pizgarrien eta lagapenen bidez etxebizitza hutsak mobilizatzea, eta etxebizitza kolaboratiboa eta landako etxebizitza-eredu berritzaileak sustatzea.

Dinamizazio ekonomikoa

Lege berriak, gainera, figura juridiko berri bat sortu du landa inguruneen dinamizazio ekonomikoa lortzeko: Bereziki Babesturiko Landa Ekintzailetza alegia. Belaunaldi arteko erreleboa laguntzeko, ekonomia berdea eta zirkularra defendatzeko, eta landa turismoa sustatzeko konpromisoa ere hartzen du legeak.

 

Neurri nagusiak

  • Eragin demografikoa eta lurraldekoa aztertzeko derrigorrezko txosten bat egitea edozein arau edo plangintza publikotan.
  • Arriskuan dauden udalerrien sailkapen ofiziala.
  • Despopulazioaren aurkako eta landa garapenerako laguntza-neurri ekonomikoak. Horretarako zuzkidura Nafarroako Aurrekontu Orokorretan ezarriko da.
  • Landa inguruneko etxebizitzarako estrategia, babes ofizialeko etxebizitzak eta kolaboratiboak mobilizatuz.
  • Etxebizitzaren funtzio soziala indartzea, saltzeko derrigortasunaren bidez.
  • Lan autonomorako eta landa inguruneko ekintzailetzarako araubide berezia.
  • Foru intereseko inbertsio-proiektuak eta ardura soziala eta lurraldekoa.
  • Eskolak indartzea landa inguruneko herrietan.
  • Eskariaren araberako garraio publikoa, eta oinarrizko zerbitzuak hogeita hamar minututan eskuragarri izatea.
  • Landa inguruneko emakumeen estatutua.
  • Maila askotako gobernantza eta benetako lurralde arloko parte-hartzea.

IRAKURRI HEMEN FORU LEGEAREN AURREPROIEKTUA

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Volver arriba