Antzokien Sarea osatzen duten 35 udalerriek 801 emanaldi egin zituzten 100.000 ikusle baino gehiagorentzat
Sarearen gune eszenikoek 10.224 eserleku dituzte eta udalerriek, guztira, 275.000 biztanle

Nafarroako Antzokien Sarearen gune eszenikoek 801 musika, zirku edo magia ikuskizun eta antzezlan programatu zituzten 109.288 ikuslerentzat eta 2,1 milioi euroko kostuarekin. Sareak 35 udalerri biltzen ditu, 275.000 biztanle, eta bere programaketan arte eszeniko profesionalak sustatzeko asmoz jaio zen.
Eskaintza koordinatua
Nafarroako Antzoki Sarera kidetutako antzoki gehienak hurbiltasuneko guneak badira ere eta herritarren kultur behar guztiak asetzen badituzte ere (tokiko kolektiboentzako erabilera anitzeko aretoak, liburutegiak, erakusketa-aretoak eta abar…), gero eta gehiago kalitatezko ikuskizun profesionalen sorta handia eta askotarikoaren alde egiten dute. Horretan laguntzen du hainbat udalen arteko koordinazioak, asteburu berean ikuskizun bera programatzeko. Horrela, kostuetan aurreztea lortzen da, bai cachean, bai koordinazioan eta hedapenean ere.
Guztira, zortzi udalek arte eszeniko profesionalen 30 emanaldi baino gehiago programatu zituzten, beste 22 udalek 10 eta 20 emanaldi artean eta 4 udalek 10 emanaldi inguru.
Diziplinen arabera, 2022an ere antzerkia da gehien programatutako jarduera. 516 antzerki emanaldiek guztizkoaren %65 osatzen dute. Ondoren, musika dago 169 ikuskizunekin, dantza 59rekin, eta zirkua zein magia 27 eta 30 emanaldirekin, hurrenez hurren.
Nafarroan ekoitzitako emanaldi kopuru handia
Sareak tokiko sektorearen, Nafarroako konpainia profesionalen, alde egiteari eusten dio. Programaturiko 801 emanaldietatik tokiko sektoreko 347 emanaldi izan ziren; guztizkoaren %43.
Hizkuntzen arabera, 162 emanaldi euskaraz izan ziren 26 udalerritan sakabanaturik.