2024ko abenduak 14

Animaliak Babesteko Foru Legearen aplikazioa NUKFko 2025eko Batzarrean eztabaidagai

Saioan 76 erakunde egon ziren ordezkaturik eta, bertan, 2023ko Kontuak, 2024ko Kudeaketa Txostena eta Aurrekontua eta 2025eko Jarduketen Programa onetsi zituzten.

Foto noticia

Animaliak Babesteko Foru Legea, duela 5 urte onetsitakoa, abandonaturiko animaliez arduratzeko beharra ezartzen die udalei (animalia horiek jaso eta artatu behar dituztelarik). Katuen kasuan, katuen koloniak bultzatzen ditu legeak; katuek janaria eta aterpea edukitzeko guneak alegia. Hori baino lehen, katuak jaso, antzutu eta txertatu behar dira.

Gainera, udalek animalia abandonatuak jasotzeko zentroak eduki behar dituzte eta bertan arreta eman. Hori guztia betebehar berria da udalentzat eta kostu ekonomiko oso handia.

Animaliak jasotzeko zentroak sortzeko, toki-erakundeak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarekin gaia jorratzen ari dira, arrazoizkoena zentroak eskualdeka sortzea baita. Hala ere, NUKFk eta Departamentuak ez dute adostasunik lortu sortuko den zentro ereduaren inguruan. Toki-erakundeak eremuko zentroen aldekoak dira  (Iruñerriko zentroa, Lizarrerrikoa, Erriberakoa, Erdialdekoa…) behin-behineko egonaldietarako eta Nafarroako Gobernuaren karguko egonaldi luzerako zentro baten aldekoak Nafarroa osoari zerbitzua emateko.

Horrela bada, azken aldian udalek animalien foru legeak ezartzen dizkien betebeharrekin lotutako zenbait arazori aurre egin behar diete eta zentroen ereduak definitu gabe jarraitzen du.

Hain zuzen ere zentroa abiatzeko premia, horretarako finantzaketa eta egungo egoera aipatu zituzten parte-hartzaileek joan den abenduaren 13an izandako NUKFko Batzorde Nagusi Arruntean. Xabier Alcuaz lehendakariak NUKFk gai horren inguruan egindako lana azaldu zuen eta gogoan izan zuen foru legeak dioena, hau da, animaliak jasotzeko zerbitzua emateko udalei finantza nahikotasuna bermatu behar zaiela. Haien iritzia adierazi zuten, halaber, Leringo alkate Esmeralda Masók Nafarroako eta Espainiako gobernuen konpromiso ekonomikoa eskatu zuenak; edota Olaibarko alkate Mari Carmen Lizoáinek udal txikiek dituzten zailtasunak azaldu zituenak.

Berdintasuneko politikak

Berdintasuneko politikak ere hizketa gai izan ziren Batzarrean.  Aurrekontuetan eta NUKFren kontuetan arlo horretarako ekarpenak txikitu egin dira, hein handi batean, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak udaletan berdintasuneko politikak sustatzeko Federazioarekin urtero izenpetzen duen hitzarmenaren barruan emaniko dirulaguntza gutxitu delako.  Hain zuzen ere, Tuterako alkate eta NUKFko lehenengo lehendakariorde Alejandro Toquerok dirulaguntza horren gutxitzea kritikatu zuen eta hori izan zuen oinarri UPN alderdiko alkateek 2023ko Kontuei, 2025eko Aurrekontuei eta 2025eko Jarduketen Programari kontra bozkatzeko.

NUKFko lehendakariak berriz, 2025ean berdintasunaren aldeko toki-erakundeen sare bat sortzeko asmoa dagoela jakinarazi zuen.

Concejo aldizkaria

Federazioaren Concejo aldizkariko paperezko edizioa kendu edo murriztearen eta aldizkaria formatu digitalean mantentzearen aldeko iritziak ere jaso ziren Batzarrean. Hala adierazi zuten Olaibarko eta Leringo alkateek edo lehendakariak berak, zeinak adierazi baitzuen Batzorde Betearazleak otsaileko saioan horren inguruko erabakia hartuko duela. Enerizko alkate Raúl Elizaldek gogoan izan zuen oraindik ere Nafarroan inprentatik bizi diren pertsonak badirela.

Beste gai batzuk

Horretaz gain, Olaibarko alkateak NUKFren jardunaren inguruan egindako kritika batzuk direla eta, Azkoiengo alkate Juan Carlos Castillok Federazioaren aholkularitza eta laguntza zerbitzua nabarmendu zuen. Ledeako alkate Ricardo Murillok aldiz, Nafarroako Gobernuko arreta eraginkorra eskatu zuen liztor asiarrarekin loturik. Kasedako alkate Jesús Esparzak ordea, Federazioko 1,7 milioi euroko gerakinarekin lokal bat erosteko aukera aztertzeko eskatu zuen.

Gai-zerrendako aferen onespena

Azkenik, nabarmendu behar da gai-zerrendako gai guztiak erakunde ezberdinetako UPN alderdiko ordezkarien kontrako botoekin (9 boto guztira) eta bi abstentziorekin onetsi egin zirela.  Ordezkaturiko toki-erakundeak 76 izan ziren Batzarreko momentu batzuetan.

 

Argazki oinak

Batzarraren lehendakaritza: ezkerretik hasita Alejandro Toquero (lehenengo lehendakariordea), Xabier Alcuaz (lehendakaria), Berta Enrique idazkari nagusia eta María Lecumberri (bigarren lehendakariordea).

76 erakunde egon ziren ordezkaturik Batzarrean.

Volver arriba