Aizarozko biztanle-gune txikia Basaburuko bailararen erdigunean dago eta ezinezkoa zirudiena lortu du toki-erakunde txikien despopulazioa ezaugarri duen testuinguru batean. Nafarroako Aldizkari Ofizialak (NAOk) otsailaren 7an ofizialdu zuen Aizarozko Kontzejuaren sorrera, Nafarroan 35 urteren ondoren sorturiko lehenengo kontzejua izanik. Toki-erakundeen erregistroan inskribaturik dago jada, eta Nafarroako Gobernuak laster onetsiko du kontzejuaren lehenengo Kudeaketa Batzordea.
Eskualdean jaun eta jabe den paisaia berdearen erdian, Aizarotz landa inguruneko erresistentziaren sinbolo gisa ageri da. Udalerri asko haien nortasuna ez galtzeko borrokan ari diren bitartean, herri txiki horrek ohiz kanpokoa dena lortu du: haztea. Kontzeju berriak hazkunde demografiko nabarmena izan du, etxebizitzen sustapenak hauspotua eta familia berrien iritsierak bultzatuta, gehienak, bertan gelditzeko asmoa duten gazteak izaki. 2000. urtean 12 biztanle izatetik, 2024an 184 erroldaturik izatera igaro da, Basaburuko 833 biztanleko populazioaren %20a izanik.
Aizarozko historia despopulazioaren aurkako borrokaren adibide bihurtu da, Iruñerriko hirigintza sustapen handien aurrean beste eredu bat eskainita eta Nafarroako landa eremu askotako joera orokorrarekin kontrajarrita. Izan ere, eremu horietan murrizketa demografikoa eta etxebizitza eskuragarririk ez egotea ohiko arazo izaten baitira.
Kontzejua sortzea baina, ez da bide erraza izan. Hasierako saiakera baten ondoren, azkenean 2019an abiatu zen prozesua formalki baina ekimenak ez zuen arrakastarik izan finantza nahikotasuna ez ziurtatzeagatik, hori baita Nafarroako Toki Administrazioko 6/1990 Foru Legeak jasotako funtsezko baldintzetako bat.
Basaburuko Udalak horri eutsi zion ordea, herritarren bultzadarekin eta bailarako gainontzeko kontzejuen laguntzarekin eta, horri esker, 2022an berriro ekin zioten proiektuari. 2023ko maiatzean, proiektuak Lurralde Mugaketako Batzordearen babesa lortu zuen eta orain, Nafarroako Gobernuaren urtarrilaren 22ko 1/2025 Foru Dekretuaren bidez, behin betiko onespena etorri da inolako helegiterik jaso gabe.
Zuzeneko kudeaketa
Bertako biztanleentzat kontzejua izatea ez da soilik administrazio afera bat, autonomiaren eta erabakitzeko gaitasunaren aldeko hautua ere bada; nortasuna lortzeko eta ardura propioak hartzeko bidean aurrerapauso naturala. Toki-erakunde izaera eta nortasun juridiko propioa edukita, Aizarozko Kontzejuak funtsezko eskumenak kudeatuko ditu zuzenean.
Besteak beste, toki azpiegituren eta ekipamenduen mantentzea hartu ahalko du bere gain, hirigintzako lizentziak emango ditu, udal zerbitzu batzuk zuzenean kudeatuko ditu eta herri-ondasunak gobernatu ahalko ditu. Horretaz gain, kontzeju berriak toki gobernu propioa edukiko du, prozesu demokratiko batean bertako herritarrek hautaturiko lehendakari batez eta lau batzordekidez osatua.
345 kontzeju Nafarroan
Kontzeju horren sorreraren testuinguruak are balio handiagoa ematen dio Aizarozko lorpenari. Egun, 345 kontzeju ditu Nafarroak eta bertan 42.000 pertsona pasatxo bizi dira; kontzeju bakoitzeko 123 biztanle batez beste. Toki-erakunde mota horiek gehienak Iruñerrian daude (172 kontzeju), ondoren Zangozan (85), Lizarran (77), Erriberrin (10) eta Tuteran (1). Horien artetik 252 kontzejuk 100 biztanletik behera dituzte eta horrek udalerri txikien hauskortasuna agerian uzten du.
Biztanle tartea | Kontzejuak |
16tik behera | 12 |
16 eta 50 artean | 136 |
51 eta 100 artean | 104 |
101 eta 200 artean | 52 |
201 eta 500 artean | 32 |
501 eta 1000 artean | 5 |
1001etik gora | 4 |
Aizarotz, gainera, bereziki sentikorra den une batean sortu da. Berriki, Foru Komunitatean alarmak piztu ziren bederatzi kontzeju desagertzeko bidean egon baitziren azken bi hauteskunde deialdietan hautagaitzarik aurkeztu ez zituztelako. Azkenean, horietatik zortzik irautea lortu dute Nafarroako Gobernuak onarturiko helegiteak aurkeztu ondoren. Azanzak aldiz, ez zuen helegiterik jarri eta laster desagertuko da.
Prozesu horretan guztian zehar, desagertzear egondako udalerriek Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren (NUKFren) babesa eta aholkularitza izan dute; beste behin ere Federazioa funtsezkoa izan da toki-erakundeen, eta bereziki erakunde txikienen, ahotsa entzungai egiteko. Hala ere, Federazioak gogorarazi nahi du kontzejuen sorrera eta azkentzea arautzen duen araudia indarrean dirauela eta, hortaz, udalerri txikiek kontuan izan beharko dute etorkizunean.
Aizarotz kontzeju gisa jaiotzea mugarri garrantzitsua da legearen eta administrazioaren alorrean, eta aldi berean gogorarazpen bikaina da toki-erakunde txikiak zaintzeak eta indartzeak despopulazioaren aurka egiteko duen garrantzia ez ahazteko. Eta adibide paregabea da gainera, erabakitasunez eta errotzetik joera zailenak ere aldatzea posible dela ikusteko.
Datu nagusiak:
- Populazioa: 184 biztanle (2024).
- Nafarroako kontzeju kopurua: 345.
- Biztanleen batez bestekoa kontzeju bakoitzeko: 123.
- 100 biztanletik beherako kontzejuak: 252.
- Sorrera-data: 2025eko otsailak 7 (NAOn argitaratua).