Administrazioek eta kaltetutako sektoreek aisialdi guneetako sexu erasoei aurre egiteko protokolo baten idazketa bultzatu dute
NUKFk, Espainiako Gobernuko Ordezkaritzak, Nafarroako Gobernuak eta ostalaritza eta dantzalekuen elkarteek lantalde bat abiatuko dute

Administrazioek eta ostalaritzaren eta dantzalekuen sektoreak jarduketa, koordinazio eta prebentzio protokolo bat egingo dute aisialdi gune publiko eta pribatuetan gerta litezkeen sexu erasoei aurre egiteko. NUKFko, Nafarroako Gobernuko eta ostalaritza eta dantzalekuen elkarteetako zenbait ordezkarik bilkura bat egin zuten martxoaren 1ean protokoloa egiten hasteko. Bileran parte hartu zutenek protokoloa uztailerako prest edukitzeko asmoa dute. Behin protokoloa abiatuta, ebaluaziorako eta jarraipenerako batzorde bat ere izango du.
Protokoloak gaueko aisialdi-guneen arduradun eta langileentzat amankomuneko irizpide batzuk ezartzea asmo du eraso bat gertatzen den kasuetan biktimak nola artatu jakiteko. Halaber, prebentziorako irizpide batzuk ere ezarri nahi ditu arriskutsuak izan daitezkeen egoerak antzeman eta balizko erasoak ekiditen lagundu ahal izateko.
Egun, Nafarroako dantzalekuen eta diskoteken ASBANA elkarteko kide diren lokalek sexu indarkeriako kasuei aurre egiteko jarduketa-neurriak ezarriak dituzte estatu mailan ezarritakoari jarraiki. 2022ko uztailean, Berdintasuneko Ministerioak eta “España de Noche” Aisialdiko eta Ikuskizunetako Enpresarien Federazio Nazionalak lankidetza hitzarmena izenpetu zuten Espainiako gaueko aisialdiaren sektorean indarkeria matxistak aurreikusteko jarduketak abiatzeko.
ANAPEH Nafarroako Ostalaritzako Enpresa Txikiaren elkarteak eta Nafarroako Ostalaritza eta Turismo Elkarteak berriz, 2018an dagoeneko Iruñean protokolo bat egiteko lanetan parte hartu zuten eta orobateko borondatea eta inplikazioa adierazi dute haien esperientzia azaltzeko oraingo protokoloa egiteko prozesuan. Izan ere, Iruñeko protokoloak balorazio ona jaso baitzuen hura ezagutu eta protokolo berriaren bilkurara bertaratu zirenen aldetik.
Argazki oina
Protokoloa egiteko lantaldea.