2025eko urriak 10

Abian ditu NUKFk toki-erakundeetako langileei eskainitako 2025eko Etengabeko Prestakuntza Planaren azken ikastaroak

Prestakuntza ekintza horiekin 171 ikastaro eginak izango ditu eta 2026an udal berrikuntzaren eta teknologia berriek eskaintzen dituzten aukeren aldeko hautua egingo duela aurreratu du

Foto noticia

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKFk) zabalik du 2025eko Etengabeko Prestakuntza Planaren azken ikastaroetan izena emateko epea. Ikastaro horiekin, Foru Komunitateko toki-erakundeetako langileei zuzenduriko 171 prestakuntza ekintza eskaini dituen urteari amaiera emango dio.

Azken txanpa honetan eskaintzen dituenen artean, toki administrazioan lanean ari direnen gaitasun profesionalak eta pertsonalak hobetzea xede duten bost ikastaro dira nabarmentzekoak:  Igerilekuetako operadoreak (araudi berrira eguneratzea); Taldeak zuzentzeko trebetasunak; Lidergoa eta taldeak kudeatzea; Adimen emozionala eta estresa kudeatzea; eta Barne eta kanpo komunikazioaren lau koloreak.

Prestakuntza ekintza horiekin osatu egin dute urtean zehar ikastaro orokorrak (toki-erakunde guztiei irekiak) eta berariazko ikastaroak (udal eta kolektibo zehatzentzat diseinatuak) eskaini dituen programa.

IZENA EMATEKO, HEMEN

Ikastaroak euskaraz ere bai

2025eko Planaren berritasun nagusia izan da zenbait prestakuntza ekintza berri euskaraz eskaini dituztela, udal langileei hizkuntza horretan ere ikasteko eta gaitzeko aukera emateko. Aurten euskaraz eskaini dituzten ikastaroen artean daude besteak beste, “Euskaraz lan egiteko interneteko baliabideak” ikastaroa eta toki politika publikoetan berdintasuna eta genero ikuspegia jorratzeko eta indarkeria matxista prebenitzeko ikastaroak. Azken horiek euskaraz edo gaztelaniaz eskaini dira, online.

NUKFren Etengabeko Prestakuntza Plana AFEDAP Administrazio Publikoetan Prestakuntza eta Enplegua Sustatzeko Akordioaren barruan dago eta NAPI Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren finantzaketa jasotzen du. Planak udaletako langileen gaitasunak sendotzea eta kudeaketa publiko eraginkorragoa, modernoagoa eta hurbilagoa ahalbidetzea du helburu.

2026rako prestakuntza plana

Udalen Federazioak nabarmendu duenez, prestakuntza programa udalentzako laguntza-tresna nagusietako bat bihurtu da, toki-erakundeetako langileei baliabideak eskaintzen baitizkie kudeaketa publikoaren eraginkortasuna hobetzeko, gaitasun profesionalak sendotzeko eta Nafarroako toki-erakundeen erronka sozial, digital eta ingurumenekoei aurre egiteko.

NUKF, jada, 2026ko Prestakuntza Plana lantzen ari da eta, bertan, toki esparruan sortuz doazen beharretara egokituriko gai eta modalitate berriak bilduko ditu. Prestakuntza espezializatuaz gain, datorren urteko planak teknologia berriek eskaintzen dituzten berritasunetan eta aukeretan jarriko du azpimarra, toki-erakundeen eraldaketa digitala sustatzen jarraitzeko.

Azkenik, datozen asteetan toki-erakundeetako langileei galde-sorta bat igorriko diela iragarri du NUKFk hurbiletik hurrengo urteari begira dituzten prestakuntza beharrak eta lehentasunak ezagutzeko. Inkestaren emaitzak oinarritzat hartuta, udaletako errealitateari eta Nafarroako toki administrazioaren etorkizuneko erronkei hobe doituko zaion programaketa diseinatuko dute.

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Volver arriba