2026ko urtarrilak 20

804 emanaldi programatu ditu Nafarroako Antzoki Sareak azken urtean

2025. urtean RTN-NASeko 35 espazioek 2.123.000 euro baino gehiago inbertitu zituzten arte eszenikoen programazio profesionalean, eta 128.000 pertsona baino gehiago egon ziren espazio horietako antzokietan

Foto noticia

Nafarroako Antzoki Sareak (RTN-NAS) arrakasta handia izan du 2025ean programazioari eta ikusleei dagokienez. Iaz ikusleen eta sektorean lan egiten duten erakunde guztien beharrak betetzeko lanean aritu zen. Horregatik, RTN-NASek gure erkidegoan sortzen duen lan-bolumenari balioa ematen dio. Izan ere, Erakundeak une honetan 35 udalerri hartzen ditu eta horiek guztira 10.211 eserleku dituzten beren espazio eszenikoetan  281.638 biztanleri zuzenean arreta emateko.

Antzoki Sarearen koordinazio-gaitasunak eta kulturaren balioaren aldeko apustua egiten jarraitzeko borondateak arte eszeniko profesionalen programazioan inbertsio handiagoa egitea ekarri du. 2025ean 2.123.579,72 euro inbertitu dira arte eszeniko profesionalen programazioan, 804 emanaldi programatu dira eta 128.104 ikusle egon dira.

PROGRAMAZIOKO DATUAK

RTN-NASi lotutako antzoki gehienak hurbileko espazioak diren arren, herritarrek behar dituzten kultura-erabilera guztiak hartzen baitituzte (tokiko kolektiboentzako erabilera anitzeko aretoak, liburutegiak, erakusketa-aretoak, etab.), gero eta gehiago kalitatezko titulu profesionalen eskaintza zabal eta askotarikoaren alde egiten ari dira. Horretarako, udalen arteko koordinazioak laguntzen du, asteburu berean ikuskizun bera programatzeko. Horrela, kostuak aurreztea lortzen da, bai cacheari, bai koordinazio- eta hedapen-kostuei dagokienez.

Lan-dinamika horien ondorioz, 2025ean arte eszeniko profesionaletako 804 emanaldi programatu dira datuak dituzten 35 udalerri elkartuetan. Guztira, 4 udalerrik programatu zituzten 40 funtzio baino gehiago 2025ean; 7 udalek gainditu zituzten arte eszenikoen 30 emanaldi profesionalak; 8 udalerrik programatu zituzten 20 emanaldi baino gehiago; 10 udalerrik programatu zituzten 10 emanaldi baino gehiago, eta 6 udalerrik 10 funtzio profesional baino gutxiago eman zituzten.

Diziplinen arabera aztertuz gero, antzerkia da oraindik jarduera programatuena; 559 emanaldi izan dira, jarduera osoaren % 69,5; ondoren, musikak 123 ekitaldi izan ditu, guztizkoaren % 15,3; 60 emanaldik dantza hirugarren postuan jartzen dute, programazioaren % 7,5era iritsita, eta azken tokian daude ordea zirkua (ikuskizunen % 3,6) eta magia (kuotaren % 4). Hurrenez hurren 29 eta 33 emanaldi izan zituzten diziplina horiek.

2025a programazio bete beteko urtea izan da, 804 ekitaldirekin. Era berean, 2024an 817 jarduera egin ziren, 2023an 799 eta 2022an 801 funtzio, hurrenez hurren. Oso bestelakoak izan ziren 2020ko eta 2021eko ekitaldiak, Covid 19ak zenbait hilabetetan oihala jaistera edo urteko zatirik handienean edukiera mugatzera behartu zuenean. Programazioarekin aurrera jarraitzeko eta kultura funtsezko ondasuntzat hartzeko grinak arte eszeniko profesionaletako 550 emanaldi eragin zituen 2020an eta 742 2021ean.

JATORRIA

Tokiko sektoreari eta Nafarroako konpainia profesionalei emandako laguntza Antzoki Sarearen apustu handienetako bat da oraindik ere, toki sektoreko 363 funtzioak RTN-NASeko programazio profesionaleko 804 ekitaldien guztizkoaren % 45 baitira.

Hizkuntzen arabera egituratzen badugu, 804 funtzio horietatik 160 euskaraz egiten dira, eta kontratazio profesionalen bat euskaraz egin duten 26 udalerrietako programazioaren % 26 dira.

INBERTSIO EKONOMIKOA

Guztira 2.123.579,72 euro bideratu dituzte RTN-NASeko 35 udalerrik arte eszenikoen programazio profesionalerako 2025ean. Horrek esan nahi du 2024arekin alderatuta % 4ko murrizketa baino ez dela izan (2.211.712,20 €) antzeko programazio-bolumena gauzatzeko.

Inbertsio ekonomiko hori ez dator soilik udalaren ekarpenetatik, horretaz gain, Sareak Nafarroako Gobernuaren laguntza nagusi bat du. Gobernuak Sarearen lana finantzatzen baitu toki entitateentzako laguntzen eta deialdien bidez (Udal Platea Local eta Arte y Cultura, nagusiki), DNA bezalako programekin bai eta RTN- NASekin duen hitzarmen izenduna baliatuta ere. Azken hori 300.000 eurokoa izan zen 2025ean. Antzoki Sarearen jarduerak INAEMek bultzatutako programen babesa ere badu, baita Nafarroako Kutxa eta La Caixa fundazioekin sinatutako hitzarmen izendun bat ere.

Udalerrien araberako datuei erreparatuz gero, 2025ean tokiko erakunde batek 300.000 € baino gehiago bideratu zituen programazio profesionalera, 4 tokiko erakundek 100.000 € baino gehiago, 6k 80.000 euro baino gehiago inbertitu zituzten, 7k 40.000 euro baino gehiago, 6k 30.000 euro baino gehiago, beste 6k 20.000 euro baino gehiago eta 5ek 20.000 euro baino gutxiago bideratu zituzten arte eszenikoen programazio profesionala kontratatzera.

IKUSLEAK

Guztira, 128.104 pertsona joan dira 2025ean RTN-NASeko 35 antzokietara funtzio profesionaletan, hau da, Sarearen kide diren udalerrietako biztanle guztien % 45. Horrek esan nahi du % 6,5eko igoera izan dela 2024an egon ziren ikusleekin alderatuz gero, 120.252 ikusle izan baitziren, eta era berean 2024ko ikusleak ere % 4 jaitsi ziren 2023ko datuekin alderatuta, orduan 124.152 ikusle izan baitziren Sarearen espazio eszenikoetan.

Datu horiek guztiek agerian uzten dute 2025ean Nafarroako Antzoki Sarean (RTN-NAS) lanean jarraitu dutela kulturaren balioa handitzeko eta gizartean dagokion tokia emateko.

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Volver arriba