5.000 bikote baino gehiago inskribatu dira dagoeneko Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrean
Nafarroako Gobernuak kanpaina bat jarri du abian lehengo udal erregistroetan egindako inskripzioa jada lege baliorik ez duela gogoratzeko

Nafarroako Gobernuaren Bikote Egonkorren Erregistroak 5.191 elkartze erregistratu ditu guztira 2021eko ekainean abian jarri zenetik joan den martxoaren 8ra arte. Horietatik 3.062 notario-eskrituretatik datoz, 1.495 Nafarroako Gobernuaren erregistroan bertan eratu dira (Iratxeko Monasterioa kalea, Iruñea) eta 634 Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKF) eta Nafarroako Gobernuak zerbitzu hori emateko sinatutako hitzarmenari atxiki zaizkion 137 udaletatik datoz.
Nafarroako Gobernuak Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren eta Ogasuneko Departamentuaren bidez, kanpaina bat abiatu du sare sozialetan Foru Berria indarrean jarri baino lehen Nafarroako udaletan eratu ziren bikote egonkorrak haien egoera erregularizatu dezaten sustatzeko. Izan ere, elkartze horiek ez dute lege baliorik egun, eta ezinbestekoa baita berriro ere bikotea eratzea Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrean, hitzarmena izenpetu duten 137 udaletako batean edo notario aurrean.
Hobari fiskalak 2023ko abenduaren 31ra bitarte
Nafarroako Gobernuak gogoratu nahi izan du Bikote Egonkorren Erregistro Fiskalean inskribaturik zeuden bikoteek 2024ko urtarrilaren 1a baino lehen arestian aipatu bideen bidez haien egoera erregularizatu ez badute, arlo fiskalean ezkontideekin parekatuak izateari utziko diotela data horretatik aurrera Bikote Egonkorren Erregistro Fiskalak eraginik izango ez duelako.
Nafarroako Foru Ogasuneko Bikote Egonkorren Erregistro Fiskalean edota Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrean inskribatu gabeko bikoteek ezingo dituzte elkarrekin zergak ordaindu ez 2022ko PFEZaren aitorpenean ezta ondorengoetan ere. Halaber, ez dira ezkontideekin parekatuak izango Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergari dagokionez eta inolako senidetasunik gabe, ezezagunak izango balira bezala, ordainduko dituzte zergak eta biei ez zaie inola ere aplikatuko Eskualdaketen gaineko Zergaren tasa murriztua, familia-unitatearen ohiko bizilekua den etxebizitzaren gainekoa denean.
Eskubideen murrizketa
Bestalde, aipatu hiru bideetako batetik Bikote Egonkorren Erregistro Bakarrean izapidea formalizatu ez duten bikote egonkorrek esparru batzuetan eskubideak edukitzeko oztopoak izan ditzakete.
Zehazki honako esparruetan: bikotea osatzen duten pertsonen arteko harreman pribatuetan (familiako eta oinordetzako eskubideak, etxebizitza, seme-alabak, adopzioak…); lan esparruan eta funtzionarioenean (elkartzeagatiko baimenak, aitatasun eta amatasun baimenak edo funtzionarioen alorreko eskubideak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoan); alarguntza-pentsioetan edota bekei, laguntzei, dirulaguntzei dagokienez bai eta bikotearen osasun estalduran edo heriotza kasuetan etxebizitzaren kontratuaren subrogazioan. Kasu horietan guztietan, bikotearen kideek bikotea direla ziurtatzeko beste modu batzuetara jo beharko dute horrek dakartzan kalteekin.