45 herrik hartuko dute parte Ondareari buruzko Europako Jardunaldietan, 168 ekintza biltzen dituen programa batekin
“Kulturaren bideak, Sareak eta Topaguneak” lelopean, ekitaldia irailaren 27tik urriaren 6ra izango da
45 toki-erakundek Ondareari buruzko Europako Jardunaldien beste edizio bat egingo dute irailaren 27an. Jardunaldien barruan, tokian tokiko herriaren kultur elementuekin lotura duten jarduerak eskainiko dizkiete herritarrei. Programatutako ekintzen artean, gehienbat elizetara, museoetara eta aztarnategi arkeologikoetarako bisita gidatuak egitea dago.
Ondareari buruzko Europako Jardunaldiak kultur ondareari buruzko sentikortze programa bat dira eta 1984ko Les Journées Portes ouvertes des monuments historiques izeneko ekimenean dute jatorria. Urtebete beranduago etorri zen ekimen horren nazioartekotzea Europako Kontseiluaren barruan, eta 1999tik aurrera Europar Batasunarekin batera egindako ekintza bateratua izan zen.
Egun, jardunaldiak izaera parte-hartzailea duen Europako kultur ekitaldi handiena dira: Europako Kultur Hitzarmena izenpetu duten Estatuetan egiten dira urtero eta hogeita hamar milioi bisitari erakartzen dituzten 70.000 jarduera baino gehiago eskaintzen dira.
Helburua da Europako kultur oparotasuna eta aniztasuna ezagutzera ematea, amankomuneko ondare hori babestu beharraren inguruan herritarrak eta administrazio publikoak sentikor bihurtzea eta kultur sektorearen erronka sozial, politiko eta ekonomikoei erantzutea.
2024ko ediziorako proposaturiko gaia, Kulturaren bideak, Sareak eta Topaguneak (Heritage of Routes, Networks and Connections) izango da. Jardunaldiak, gainera, Europako Kultur Hitzarmenaren 70. urteurrenarekin bat datoz aurten. Hori horrela, aipatu hitzarmenaren barruan egindako lana ere balioetsi nahi dute, kultur ondareak –materialak eta immaterialak– komunitate ezberdinen artean loturak sortzeko eta herriak eta herrialdeak ere batzeko duen ahalmena erakutsita.
Jardunaldien ekintzen agenda jepnavarra.com web-gunean dago ikusgai. Bertan, jarduera guztiak biltzen dituen Nafarroako mapa interaktiboa ere eskaintzen dute. Jarduera guztiak doakoak dira eta horietako askotarako aldez aurreko hitzordua edo izen-ematea behar da edukiera-muga egon daitekeelako.
Argazki oina
Jardunaldiak iragartzeko kartela.