37 toki entitatek bat egin dute, jada, Merkataritza Ganberak eta NUKFk sustatutako bigarren energia komunitatearekin
Aurrekoak, “Toda Energía I”, 28 udalerri biltzen ditu eta 2,5 milioi euroko dirulaguntza jaso du Next Generation funtsetatik
Nafarroako bigarren energia komunitate handiak, Toda Energía II izenekoak, 37 toki entitateen (horietako batzuk kontzejuak) atxikipena du dagoeneko, eta forma hartuz doa. Europako Berreskurapen Planetik 4,6 milioiko inbertsiorako 2,5 milioi euro jaso dituen Toda Energía I izenekoaren urratsak jarraitu ditu proiektu berri horrek. Toda Energia I komunitatea 28 udalek osatzen dute.
Komunitate berriaren datuak Javier Taberna Nafarroako Merkataritza Ganberako lehendakariak aurkeztu zituen José Luis Arasti Espainiako Gobernuko ordezkariak deitutako prentsaurrekoan. Bertan izan zen Juan Carlos Castillo NUKFko lehendakaria ere erakunde horrek ekimenean parte hartzen baitu.
Urtarrilaren 16an izandako prentsaurreko horretan Ganberako lehendakariak azpimarratu zuenez, jasotako dirulaguntza bere erakundeak proposaturiko energia komunitate eredurako babes handia da. Eredua, oinarrian, toki entitate kopuru handia batzean datza eta horiek batu ondoren, bertako herritarrei, enpresei eta tokiko merkataritzari komunitatearekin bat egiteko gonbidapena egiten zaie.
Udalen eta kontzejuen zeregina, bestalde, funtsezkoa da eguzki-panelak instalatzeko esparru publikoak bermatzen baitituzte (frontoietako, kiroldegietako, eskoletako estalkiak…) eta komunitatearen kudeaketa zein diruz lagunduta ez dagoen zatia finantzatzeko kredituak ahalbidetzen baitituzte.
Juan Carlos Castillo Federazioko lehendakariak nabarmendu zuenez, energia komunitateak Klimaren eta Energiaren aldeko Alkateen Itunarekin lerrokatzen dira itunak negutegi efektuko gasen isuriak murriztea eta energia txirotasunaren aurkako borroka xede duelako. Horretaz gain, aurkeztutako proiektuak abiatu ahal izateko erakundeen arteko elkarlana balioetsi zuen Castillok.
Egun, udalerrietan bilerak egiten ari dira herritarrei Toda Energia I proiektuaren ezaugarrien berri emateko eta komunitatearekin bat egiteko gonbidapena helarazteko. Komunitatea urte honetako erdialdean egon liteke abian.
Zerbitzuak
Toda Energía I komunitateak urtean 5 GWh energia berriztagarri sortuko du, 0 km-koa. Horrek instalazioen bizitza erabilgarrian 35.000 tona CO2 gutxiago isurtzea dakar, eta 135.000 zuhaitz landatzea. Halaber, karga elektrikorako 56 puntu instalatzea ekarriko du, udalerri bakoitzean bi, bai eta komunitatearen bazkideentzako aholkularitza zerbitzua ere haien kontsumo kurbak instalazioek ekoiztutako kurbetara egokitzeko.