Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKFk) 2024ko Prestakuntza Plana arrakasta bete-betean amaitu du. Planari esker, Nafarroako toki-erakundeetako 3.000 langilek prestakuntza jaso dute. Iaz, erakundeak 79 ikastaro egin zituen 153 ediziotan, guztira 1.854 prestakuntza ordu eskainita.
Prestakuntza Planak 171.120 euroko dirulaguntza jaso du Nafarroako Gobernutik AFEDAP Administrazio Publikoetan Prestakuntza eta Enplegua Sustatzeko Akordioan aurreikusitakoarekin bat, eta osorik gauzatu da funts guztiak prestakuntza ekintzak egitera bideratu direlarik. NUKFk aldiz, administrazioko kudeaketa kostuak eta zeharkako kostuen zati bat hartu ditu bere gain. Plan bateratu bakarra da Nafarroako toki-erakunde guztientzat eta modu orokorrean edo berariazkoan eskaintzen zaie hala eskatzen duten udalerriei.
NUKF lanean da, orain, 2025eko Prestakuntza Plana osatzeko eta toki-erakundeen gero eta prestakuntza eskaera handiagoa aintzat hartzeko. Dagoeneko, ikastaro batzuk izen-ematea zabalik dute Federazioaren web-orriaren bidez. Plan berriak formatu eta arlo aniztasunari eutsiko die 2024ko Prestakuntza Planak egin moduan.
2025 PRESTAKUNTZA PLANA
2024ko Prestakuntza Planak handituz doan toki-erakundeen prestakuntza eskaera asebete du, 4.500 eskaeratik gora jasota eta horietatik 4.423 eskainita. Ikastaroak egitera deitutako guztiek ikastaroak egin ez badituzte ere, prestakuntza egin dutenek konpromiso maila handia erakutsi dute %87k ziurtagiria lortu baitu. Zehazki, 2.950 parte-hartzaileetatik 2.566k jaso dute eskatutako baldintzetan ikastaroa gainditu izanaren ziurtagiria. Datu horiek hobeak dira aurreko urtekoekin erkaturik, bai eskaera kopuruari erreparatuta bai eta parte-hartzea eta ziurtapena kontuan hartuta ere.
NUKF-REN 2024KO ETENGABEKO PRESTAKUNTZA PLANA
| 2024 | 2023 | Aldea |
ESKAERAK | 4.565 | 3.949 | 616 |
DEITUAK | 4.423 | 3.619 | 804 |
BERTARATUAK | 2.950 | 2.683 | 267 |
ZIURTAGIRIA LORTU DUTENAK | 2.566 | 2.296 | 270 |
Etengabeko Prestakuntza Planak zenbait erakunde eta toki-erakunde izan ditu lankide; besteak beste, Kontuen Ganbera; Lurralde Kohesioko Departamentua; Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua eta Nafarroako Antzoki Sarea. Gainera, toki-erakunde batzuek ikastaroen antolakuntzan eta kudeaketan zuzeneko parte-hartzea izan dute, prestakuntza ekintzak egiteko aretoak lagatuta.
Ikastaroen formatuari dagokionez, 2024ko Prestakuntza Planak aurrez aurreko saioak, aldibereko online bideokonferentziak eta aldi berekoak ez diren online ikastaroak eskaini ditu, parte-hartzaileen behar eta nahietara egokitzeko. Egindako aurrez aurreko 109 ekintzak Nafarroako 23 udalerritan gauzatu dira, prestakuntza deszentralizatu eta udalerrietara hurbildu delarik.
Askotariko gaiak eta toki-erakundeen beharretara egokituak
Planaren prestakuntza eskaintzak gai sorta zabala barne hartu du; bereziki, honako gaiak eskaini ditu: taldeen zuzendaritza, gatazkak konpontzea, pertsona ardatz duen arreta, lan-arriskuen prebentzioa, lan-osasuna, ofimatika eta adimen artifiziala. Horretaz gain, alderdi ekonomikoak eta juridikoak jorratzeko ikastaroak egin dira, berdintasun politiken ingurukoak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak lantzekoak.
Hain zuzen ere, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien arlo hori izan da eskaera gehien jaso dituena, 775 parte-hartzailerekin, eta atzetik izan ditu askotariko zerbitzuen edo gizarte zerbitzuen gisako kolektiboei zuzenduriko berariazko ikastaroak, 738 parte-hartzailerekin, eta berdintasun arloko ikastaroak, 366 parte-hartzailerekin. Horretaz gain, administrazio elektronikoa, zuzendaritza eta kudeatzailetza publikoa, jardunaren ebaluazioa, eta gardentasuna eta gobernu ona ere landu dira eskainitako prestakuntza ekintzetan.
Plana epe labur batean gauzatu da, antolaketa erronka handia izan delarik, toki administrazioetan lan karga handiko denbora-tartea izan dela kontuan harturik. Hala eta guztiz ere, prestakuntza eskaerari eraginkortasunez erantzun zaio, administrazio kudeaketa azkar eta automatizatu baten bidez, NUKFko web-ataria berritzeari esker. Izan ere, horrek ikastaroen bertaratzea berrestea eta ziurtagiriak egitea asko bizkortu baitu.
Planaren zuzkidura ekonomikoa osorik prestakuntza ekintzen zuzeneko gasturako bideratu da, irakasleen ordainsariak, online edukien prestaketa eta instalazioen nahiz ekipamenduaren alokairua barne hartuta. NUKFk ordea, administrazio kudeaketaren kostu osoa hartu du bere gain, toki-erakundeetako langileen eta kargudunen etengabeko prestakuntzarekiko konpromisoa erakutsita.
Irudian, NUKFk antolatutako ikastaroetako bat.