350 parte-hartzaile izan zituzten NUKFk aurreko urtean sustaturiko berdintasuneko prestakuntza ikastaroek
Berdintasunarekiko eta politika publikoei buruzko prestakuntzarekiko konpromisoa berretsi zuen Federazioak 2024an, toki-erakundeetako langileei eta hautetsiei zuzendutako hainbat proposamenekin

Nafarroako toki-erakundeetan genero berdintasunaren sustapenean eta politika publikoei buruzko prestakuntzan erreferente gisa egiten duen lana berretsi du Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKFk) 2024an. Aurreko urtean, guztira, 350 pertsona baino gehiagok (toki-erakundeetako langile eta hautetsiek) hartu zuten parte NUKFk sustaturiko prestakuntza ikastaroetan.
Horietan, Nafarroako 70 bat udal, kontzeju eta mankomunitatetako ordezkariek parte hartu zuten; Federazioak gauzaturiko ekimenek duten lurralde-irismenaren erakusle.
Egindako ikastaroen artean bi dira nabarmentzekoak; batetik, politika publikoetan berdintasunari eta genero ikuspegiari buruzko oinarrizko ikastaroa, 45 hautetsiek eta 116 langilek egin zutena, eta bestetik, emakumeen aurkako indarkeriari buruzko oinarrizko ikastaroa, 33 eta 108 parte-hartzaile izan zituena hurrenez hurren. Biak ala biak online egin ziren eta NUKFk garatu zituen Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren (NABIren) barruan bai eta Federazioaren beraren etengabeko prestakuntzarako politikaren barruan.
Horretaz gain, kontratazio eta dirulaguntza publikoetan genero baldintzak txertatzearen inguruko ikastaro espezializatu bat ere egin zuen NUKFk Santiago Lesmes aholkulariaren eskutik. Ikastaroak 37 parte-hartzaile izan zituen. Era berean, Idoia Lekuek gidaturiko aurrez aurreko prestakuntza ere antolatu zen, toki-erakundeen politika publikoetan berdintasunaren eta genero ikuspegiaren printzipioa txertatzea sustatzen duen prestakuntza ibilbidearen barruan. Jarduera horiek guztiak toki-erakundeetako berdintasun teknikarien orientabideei jarraiki diseinatu eta egin ziren.
Berdintasunaren aldeko jardunaldiak eta proiektuak
Berdintasun arloko toki politiketan jardunbide egokiei eta esperientzien trukeari buruzko jardunaldi bat ere antolatu zuen NUKFk. Horri esker, toki-erakundeek arlo horretako ikaskuntzak partekatzeko eta beren estrategiak sendotzeko aukera izan zuten. Era berean, aholkularitza teknikoa emateko zerbitzua abian jarri zen toki esparruan berdintasun politikak sustatzen laguntzeko.
2024an, NUKFk berdintasunaren aldeko toki-erakundeen sare bat osatzeko eta sarea antolatzeko eta kudeatzeko ereduak definitzeko lanetan aritu zen. Proiektu hori Federazioak 2025ean garatzen jarraituko duen erronka estrategikoa da.
Finantziazioa eta lankidetza NABIrekin
Ekimen horiek guztiak egin ahal izateko ezinbestekoak izan dira NUKFren baliabideak eta berdintasunaren arloan duen eskarmentua, eta NABIk emaniko dirulaguntza, 31.663,05 eurokoa izan zena. NABIrekin izenpeturiko hitzarmena berdintasuna sustatzeko tresna eraginkorra izan da eta 2025ean berritzeko eta dinamika berriekin eguneratzeko asmoa dago.
Jarduketa horiekin, NUKFk genero berdintasunarekiko eta politika publikoei buruzko prestakuntzarekiko konpromisoa berresteaz gain, udalerri inklusiboagoak, parekideagoak eta jasangarriagoak garatzeko funtsezko eragile gisa duen zeregina ere indartzen du. Hain zuzen ere konpromiso horri eutsiko dio 2025ean lehentasun estrategiko gisa, Nafarroa bidezkoago baterantz aurrera egiten jarraitzeko helburuz.