120.000 ikusle izan zituzten Nafarroako Antzoki Sareak azken urtean eskainitako antzezlanek
Sarea osatzen duten 35 guneek 817 ikuskizun eskaini zituzten, horietatik 550 antzezlanak izan ziren (% 67). 2024an guztira 2,2 milioiko inbertsioa egin du Sareak.

Nafarroako Antzoki Sarea osatzen duten 35 udalerriek 817 ikuskizun eskaini zituzten joan den urtean eta, guztira, 120.252 ikusle izan zituzten; sarea osatzen duten udalerrietako biztanleriaren % 42 alegia. 2023arekin erkaturik ikusle kopurua pitin bat gutxitu bada ere, % 4 egin du behera, joera ona mantendu da 2022a eta 2023a bitartean % 11ko hazkundea egon zenetik.
Egun, Nafarroako Antzoki Sarea Nafarroako 35 udalerrik osatzen dute eta bere gune eszenikoen artean banaturik dituen 10.224 eserlekuei esker, 282.737 biztanleri zuzenean kultur zerbitzuak eskaintzen dizkie. Koordinatzeko ahalegin horri esker, programaketa esparruan errekorreko zenbatekoak erdietsi eta, guztira, arte eszeniko profesionaletako 817 ikuskizun eskaini dituzte 2.211.712,20 euroko inbertsioarekin. Horrek toki-erakundeek kultur sektorearen alde egiten duten hautu irmoa agerian utzi du.
Berriro ere, antzerkia izan da kultur jardunaren jaun eta jabe 550 antzezlanekin, guztizkoaren % 67 zehazki. Atzetik izan ditu musika (155 ekitaldi, % 19), dantza (54 emanaldi, % 7), zirkua (34 antzezlan, % 4) eta magia (24 ikuskizun, % 3). Zenbateko horiek pandemiak eragindako murrizketen ondoren jardun eszenikoak lortutako berreskurapena finkatzea dakarte, 2020an eta 2021ean izandako 550 eta 742 emanaldiak, hurrenez hurren, aise gainditu baitira.
Sareko antzoki asko bestelako kultur erabilerak, liburutegiak eta erakusketa aretoak esaterako, dituzten hurbileko guneak badira ere, udalerriek kalitatezko ikuskizun profesionalen aldeko hautua areagotu dute. Udalen arteko lankidetzari esker, programaketa optimizatu dute, kostuak murriztu eta eskaintza handitu dutelarik.
Tokiko talentuaren eta euskararen aldeko hautua
Nafarroako konpainia profesionalei babesa ematea Nafarroako Antzoki Sarearen funtsezko oinarria da. Horrela, tokiko 334 emanaldi programatu ditu; emanaldi guztien % 40. Era berean, euskarak ere presentzia nabarmena izan du, euskarazko 153 emanaldirekin. Emanaldi horiek euskarazko ikuskizunak kontratatu dituzten 27 udalerrien programaketaren % 24 izan dira.
Sareko 35 udalerriek egindako inbertsioa 2,2 milioikoa izan da guztira, aurreko urtearekin erkaturik % 3ko murrizketa txiki bat izan duelarik. Ahalegin ekonomikoa ordea, ez dute soilik udalek beren gain hartzen, Nafarroako Gobernuko laguntza ere izan badutelako. Zehazki, 2024an Gobernuak 300.000 euro bideratu zituen zenbait programa, laguntza eta hitzarmenen bitartez. Gainera, Arte Eszenikoen eta Musikaren Institutu Nazionalak eta Caja Navarra eta La Caixa fundazioek ere finantzaketarekin lagundu dute.
Nafarroako Antzoki Sareak kulturarekin duen konpromisoa eta egiten duen zeregin soziala berretsita eman dio amaiera 2024. urteari. Udalerrien, kultur erakundeen eta administrazio publikoen arteko ahalegin bateratuari esker, askotariko programaketa eskuragarria eskaini da, sektorearen egokitzeko eta hazten jarraitzeko gaitasuna agerian utzita. Emaitza ikusita, Nafarroako Antzoki Sareak Nafarroako arte eszenikoen sustapenean erreferente izaten jarraitzen du.