2024ko martxoak 18

0-3 urtekoen eskoletan haurrak onartzeko araudiaren kontrako txostena ematearen arrazoiak azaldu dizkio NUKFko lehendakariak Batzorde Betearazleari

NUKFk araudiari oniritzia emana zion baina, ondoren, Departamentuak ikastetxe publikoetako 2-3 urtekoentzako gela berriak ere sartu zituen araudian toki entitateekin gaia jorratu gabe. Ontzien araudia eta Irisgarritasunaren Plana ere hizpide izan zituzten, besteak beste

Foto noticia

Haur eskoletan haurrak onartzeko prozesua arautzen duen foru aginduaren eta ebazpenaren berri eman zion lehendakariak Batzorde Betearazleari martxoaren 12an. Horrekin batera, batzorde mistoan eta Hezkuntza Departamentuaren eta NUKFren arteko lantaldean egindako lanketaren berri ere eman zion. Lanketa horrek bi arauen inguruko adostasuna ekarri zuen. Hala eta guztiz ere, lehendakariak jakinarazi zuenez Toki Araubideko Foru Batzordeko toki ordezkariek, azkenean, foru aginduaren eta ebazpenaren gaineko kontrako txostena eman zuten, azkeneko momentuan jakin baitzuten foru aginduak eta ebazpenak Departamentuak ikastetxe publikoetan abiatzea aurreikusten duen 2 eta 3 urtekoen gelei ere eragiten dietela. Toki ordezkariek kontrako jarrera adierazi zuten Departamentuak eta NUKFk ez zutelako gai hori aldez aurretik jorratu eta, hortaz, ezin izan baitzen Federazioan neurri horren inguruko balorazioa egin ezta 2-3 urtekoentzako gela horiek sortzeak 0-3 udal eskoletan izango duen eraginaren inguruan hausnarketa egin ere.

Batzorde Betearazleak, halaber, 0-3 urte bitarteko eskolak dituzten toki entitateei barne lantalde bat osatzeko deia egitea erabaki zuen gaiaren inguruko aferak jorratu ahal izateko.

Animaliak hartzeko zentroak eta hondakinen araudia

Bilkura berean, Batzorde Betearazleak honako gai hauek ere izan zituen hizpide:

Lagun egiteko animaliak hartzeko zentroak. Lehendakariak jakinarazi zuenez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarekin izandako bilera batean, Nafarroan lagun egiteko animaliak hartzeko zentroak sortzeko proposamena helarazi zion Departamentuak Federazioari. Proposamen horrekin Animaliak Babesteari buruzko Foru Legea betetzea da asmoa. Zentro horiek eskualdekoak eta mankomunatuak izango lirateke.

Departamentuarekin batera bilkurak egin dituzten Federazioko ordezkariak proposamena aztertzeko bildu ziren. Bilera horretan, proposamen berri bat aurkeztu zuten, aztertzeko zain dagoena, ondoren Nafarroako Gobernuari aurkezten zaion edo ez adosteko. Datozen egunetan, Departamentuko eta udaletako ordezkaritza batek Madrilen abiaturiko zenbait zentrori bisita egingo die eta Nafarroarentzat irtenbideak aztertzen jarraituko dute.

Lehendakariaren informazioa. Ontzien hondakinak kudeatzeko araudiaren aldaketaren inguruan NUFKn izandako bilkuraren berri eman zuen lehendakariak eta bilkura horretan Ecoembes erakundeak egindako proposamena azaldu zuen. Toki entitateak, orain, horren inguruan amankomuneko jarrera bat finkatzen ari dira.

Bestalde, apirilean kobrezko telefono-lineak itzaltzearen eta horrek eragingo dituen ondorioen inguruan zalantzak argitzeko Telefónica enpresarekin izandako harremanen berri eman zuen lehendakariak. Datozen egunetan, bilera bat egingo da kalteturiko entitateekin.

Lizarrerriko alkate batzuek dirulaguntza izendunen inguruan aurkeztutako idatzia. Azkenik, toki entitateei zuzendutako dirulaguntza izendunak emateko Parlamentuan tramitatzen diren zuzenketei buruz Lizarrerriko alkate batzuek igorritako idatziaren berri eman zuten Batzorde Betearazlearen saioan. Idatzian eskatzen zuten Batzorde Betearazlean idatziaren  berri eman zezatela. Batzordeak gai horren inguruan eztabaidatu zuen aurkako jarrerak egon zirelarik.

Volver arriba