NUKFko presidenteak toki entitateek Klima Aldaketari buruzko Foru Legeari emaniko babesa berretsi du Parlamentuan eta gogoratu du udalek eta herritarrek legearen eskakizunak bete ahal izateko funtsak eta laguntza eskatu dituztela
Noticia
Juan Carlos Castillo NUKFko presidenteak urriaren 6an Parlamentuan eginiko agerraldian gogoratu zuen toki entitateek dagoeneko oniritzia emana diotela Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Foru Legearen proiektuari otsailaren 18an egindako Toki Araubideko Foru Batzordean. Castillok gogoan izan zuenaren arabera, aldeko txostenean Nafarroako Gobernuari eskatzen zitzaion aholkularitza eta dirulaguntzak abia zitzan toki entitateek eta herritarrek legearen eskakizunak epean bete ahal izateko.
Horri loturik, Federazioko lehendakariak nabarmendu nahi izan zuen legeak udalei, kontzejuei eta herritarrei kostu handia duten betebehar ugari jartzen dizkiela eta horiek betetzeko epeak, sarri, oso laburrak direla.
Castillok toki entitateek klima aldaketaren aurka duten konpromisoa agerian jarri zuen eta berotegi efektuko gasen (BEGen) isurketa murrizteko egindako proiektu ugari aipatu zituen horren adierazle gisa; besteak beste, autokontsumorako energia fotovoltaikoko instalazioak ezartzea, barruko eta kanpoko argiak eta galdarak aldatzea, ibilgailu elektrikoetarako karga-zutoinak instalatzea edo udal-zerbitzuetarako ibilgailu horiek erostea.
Era berean, adierazi zuenez, 160 udalek baino gehiagok sinatu dute dagoeneko Klimaren eta Energiaren aldeko Alkateen Ituna, 2030erako BEG isurketak %40 murriztea, erresilientzia-neurriak hartzea eta energia-pobreziaren aurkako borroka eskatzen dituena. Aipatu udalek aurten izango dituzte, jada, helburu horiek lortzeko planak.