Toki entitateek aztertu dute nola aplikatu generoaren irizpideak aurrekontuei eta kontratazioari

Joan den azaroaren 28an, toki entitateetako berrogeita hamar bat ordezkari politikok eta teknikok aztertu zuten nola aplikatu generoaren irizpideak udal aurrekontuei eta kontratuei. Jardunaldia Burlatako kultur etxean izan zen, eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak eta NUKFk, berdintasun politikak toki entitateetan bultzatzeko asmoz, izenpetutako hitzarmenaren barnean aurreikusitako jardueretako bat izan da.

Pablo Azcona NUKFko buruak eta Mertxe Leránoz Institutuko zuzendariak eman zioten hasiera elkarketari; jardunaldiaren lehenengo zatian, aztertu zen zer jarduketa egin duten berdintasunaren arloan Institutuak, udalek eta NUKFk legegintzaldian zehar. Institutuaren izenean, Leranozek nabarmendu zuen toki entitateen bulkada jaso duela, diru-laguntzen ildo berriak jasoz eta ekarpen ekonomikoak bereziki handituta. NUKFri dagokionez, Azconak azpimarratu zuen Institutuarekin hitzarmena izenpetu izana, bai eta horren barrean eginiko jarduketak eta berdintasunaren aldeko toki entitateen sarea sortzeko lanak ere.

Gero, Eva Istúriz Antsoaingo berdintasun teknikariak azaldu zuen zer aurrerapen izan den toki entitateetan, eta eskatu zuen aurrerapauso gehiago emateko, batez ere Federazioaren bitarteko lankidetzaren arloan.

Ondoren, Federazioko idazkari nagusia den Berta Enriquek eta bertako teknikaria den Juan Jesús Echaidek azaldu zuten zertan aritu den entitatea; izan ere, Federazioak analizatu du nola dauden berdintasun arloko politikak eta nola dagoen sareko lana Estatuko beste esparru batzuetan, agiri bat prestatu du berdintasunaren printzipioak Federazioan sartzeari buruz, prestakuntza eta aholkularitza ekintzak aurrera eraman ditu toki entitateetan, eta gidaliburu bat prestatu du genero baldintzak ezartzeko kontratu publikoetan.

Aurrekontuak eta kontratuak genero irizpideekin

Jardunaldiaren bigarren zatian, aztertu zen nola txertatu generoaren irizpideak toki entitateen aurrekontuetan eta kontratu publikoetan.

Aurrekontuei dagokienez, Raquel López aholkulariak azaldu zuen nola heldu gaiari, eta Altsasuko berdintasun agentea den Idoia Goikoetxeak, berriz, nola aplikatu den lan egiteko modu hori bere udalean.

Bukatzeko, Santiago Lesmes aholkulariak Federazioak eskatuta egin den gidaliburua aurkeztu zuen (generoaren ikuspuntua ezartzea kontratu, diru-laguntza, hitzarmen eta kontzertuetan), eta bertan zehaztutako arau batzuk agertu.

 

Argazki oina

Teknikariak eta politikariak jardunaldian.

Volver arriba