Basaburuko, Lizarraga Ergoieneko eta Noaingo hiru proiektu, Jardunbide Egokien eta Garapen Lokal Jasangarriaren ‘José Ignacio Sanz Arbizu’ X. Sariaren irabazleak
Basaburuko, Lizarraga Ergoieneko eta Noaingo hiru proiektu izan dira Jardunbide Egokien eta Garapen Lokal Jasangarriaren ‘José Ignacio Sanz Arbizu’ X. Sariaren irabazleak, honako hauek hain zuzen: Ernaizu proiektua, Ernaizu ESLKooperatiba-rena (Basaburua); Lizarraga Ergoieneko Kontzejuaren mikrosarea; eta Noain Elortzibarko Motxila Energetikoak. Hilaren 23an banatu ziren sariak, Obanosen.
Sariak helburu du gizartean zabaltzea zer aurrerapen lortu den jasangarritasunean jendearen bizitza hobetzeko herri eta hirietan. Aitortza egiten die alor hauetako ekimen hoberenei: etxebizitza eta garapen komunitarioa; hiri eta eskualde garapena; eta kudeaketa jasangarria. Elkartzea, berrikuntza eta transferibilitatea oinarri dituzten proiektuei ematen zaie lehentasuna. Irabazleak NBEk sustatutako nazioarteko jardunbide onenen sarietara igaroko dira zuzenean.
Saria 3.000 eurokoa da, eta bi urtean behin egiten da deialdia. Zehazki, hiru jardunbide onenek mila bana euroko saria jasoko dute; aipamen berezietarako, berriz, diploma eta garaikur bana; orobat, Nafarroako tokian tokiko garapen jasangarriko jardunbide egokien hamargarren katalogoa argitaratuko eta hedatuko da.
Mikrosarea: energia hornidura erabat berriztagarria Lizarraga Ergoienean.
Lizarraga Ergoieneko mikrosarearen helburua da energiaren hornidura erabat berriztagarria ematea mikrosarera lotutako karga guztiei. Sistemak lau plaka fotovoltaiko ditu, 14.85 Kw-eraino sortzen dutenak, eta energia gordetzeko, bi biltontzi daude (330.000 litro), 100 metroko desnibela dutenak eta ponpa batekin eta Pelton turbina batekin lotuak daudenak. Horri esker, 11 Kw sortzeko gaitasuna dute. Horrela, kontsumoak plaka fotovoltaiko bidez elikatuko dira, eta soberako energiak ura igoko du beheko biltontzitik goikora. Horrela gordetzen da energia.
Motxila energetikoak: kontzientzia zabaltzea energia aurrezpenaz eta klima aldaketaz Noaingo eskoletan
Noain Elortzibarko Udalaren motxila energetikoei dagokienez, helburua da sentikortasuna eta kontzientzia zabaltzea klima aldaketaren arazoaz, aurrezpenaren garrantziaz eta energiaren eraginkortasunaz. 2004tik aurrera, orduan sortu baitzen 21 Agenda, motxila energetikoa San Miguel Lehen Hezkuntzako ikastetxeko ikasleen artean banatzen da eskuz esku. Motxilan, ura eta energia aurrezten laguntzen duten elementuak daude (LED bonbilla eta fokua, dutxa eraginkorra, area-erlojua, burletak, berogailuetako lamina islatzailea, etab.), eta dakarren informazioak laguntzen du ulertzen zer den klima aldaketa eta zer egin daitekeen haren kontra etxeetan.
Ernaizu: Basaburuko emakumeen gizarte kooperatiba
Ernaizu ESL Kooperatiba ekimen sozialeko lan kooperatiba da, Basaburuan gizarte zerbitzuak sortu eta ingurunera egokitutako jarduera ekonomikoa bultzatu gogo duena. 2011n sortu zen. 7 bazkide eta 11 langile ditu. Bere jardunaren ardatzak dira: ingurunea babestea, euskara eta kultura errespetatzea, gizartearen kohesioa eta integrazioa, eta bizitza eta lana bateratzea. Honako hau kudeatzen dute: Apeztegierri denda-taberna, Orokieta ostatua, Enigma aretoa Basaburuan eta Amalurraren Erronka.
Aipamen bereziak
Gainera, beste bost aipamen berezi egin dira: klima aldaketaren kontrako lorezaintza ekosoziala (Antsoaingo Udala); Iturrama Berdea, Iruñeko Iturrama BHI; Nafarroa itzultzeko ontzien alde, “Recircula el Valor de los Recursos” elkartea, Zorokiain herria lehengoratzeko proiektuaren barnean (Errekazar auzo elkartea); eta udal hondakindegia behatoki bihurtzea (Ledeako Udala).