Onetsi da Taxiari buruzko Foru Legeko aldaketa

Nafarroako Parlamentuak onetsi zuen, joan den urriaren 25ean, Taxiari buruzko Foru Legeko aldaketa. Aldaketa horrek helburu du, besteak beste, bide ematea Iruñerriko Mankomunitateko udalerriei, zeinak, 9/2005 Foru Legeari jarraituz, ez baitzitzaizkion atxiki Taxiaren zerbitzua batera emateko eremuari, eska dezaten atxikitzea hiru hilabeteko epean, arauak indarra hartzen duenetik aurrera.

Horretarako, nahikoa izanen da Mankomunitateak udalen Osoko Bilkuraren erabakia berrestea, betiere horretarako ezarritako baldintzak aztertu ondoan, eta hura Nafarroako Gobernuari igortzea; horrek atxikipena onetsiko du Nafarroako Taxien Kontseiluak txostenik eman beharrik gabe.

Taxiaren lizentzien erreferentziarako indize orokorra aldatzeko, mugigarritasunari buruzko azterlan sozio-ekonomiko bat prestatu beharko da, zeinaren erreferentziazko esparru geografikoa izanen baita lurralde antolamenduko tresnetan zehaztutakoa, baita, kasua bada, Nafarroako toki administrazioaren erregulazioan zehaztutakoa ere.

Eskaintza handitu nahian, gehienez bederatzi plaza arteko edukiera (gidariarena barne) duten ibilgailuentzat emanen dira lizentziak eta baimenak, esan nahi baita, arau orokorrean eskatzen dena baino bi gehiago, betiere aintzat harturik eskualdeko irisgarritasunarekin eta geografiarekin zerikusia duten bereizgarritasunak.

Ibilgailuak berritzeari dagokionez, 8 urtetik 10 urtera luzatzen da taxiaren lizentziei eta baimenei atxikitako ibilgailuen gehieneko antzinatasuna, eta beste bi urteko luzapena aurreikusten da, zer xedatzen duten Taxiaren zerbitzua batera emateko eremuan eskudun den toki entitateko edo udalerriko ordenantzek. Horrekin bat, 10 urtetik 12 urtera luzatzen da Eco-Taxi eta Eurotaxi kodea duten ibilgailuak berritzeko epea, eta beste bi urtera ere luzatzen ahal da baldintza berberetan. Aho batez onetsi dira bi aurreikuspen horiek.

Zehazki, Taxi zerbitzua batera emateko eremuan eskudun den toki entitateak edo udalerriak, 20.000 biztanletik gorakoa bada, ziurtatu beharko du 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera taxi lizentziei atxikitzen zaizkien ibilgailuak Isurketarik Ez edo ECO ingurumen kodea dutela, Trafikoaren Zuzendaritza Nagusiaren Ibilgailu Erregistroaren sailkapenarekin bat. Eurotaxiak salbuetsita daude.

Horretarako, taxi ekologikoak ugaritzeko, sustapen eta laguntza programak jarriko dira martxan.

Zehapen atalean, berariaz debekatu da legez kontrako publizitate oro egitea, eta gaitasuna ematen zaie udalerriei edo toki entitate eskudunei araudia betetzen ez duten iragarkiak kentzeko; horretarako, 60 euroko isuna aurreikusten da eguneko, zeina bateragarria baita arau-haustearen ondoriozko zehapenarekin, errekerimenduari kasu egiten ez dionarentzat.

Iruñerriko Mankomunitateaz bestelako udalez gaindiko entitate batek edo batzuek hartzen badituzte bere gain Taxiaren hiri zerbitzua arautu eta antolatzeko eskumenak, halako entitateen lurraldeetara egokitu beharko dira zerbitzua batera emateko eremuak.

Urtebete iraganda udalerri bat Taxiaren zerbitzua batera emateko eremuari atxikitzen zaionetik, alor horretan eskudun den toki entitateak azterlan bat prestatuko du baloratzeko noraino izan den egokia atxikitze hori eskaintza-eskaeraren aldetik, norainoko estaldura izan duen eta noraino dauden gogobeterik erabiltzaileak.

Zerbitzua batera emateko eremu geografikoa toki administrazioaren erregulazioan zehaztutako eremura egokituko da kasu eta une bakoitzean, UPNk egin eta baiespenez onetsi den zuzenketan jaso bezala .

Volver arriba