NUKFk zenbait zuzenketa proposatu dizkie Nafarroako diputatu eta senatariei finantzazioa normalizatzeko toki elkarteen hauteskunde kanpainetan

Pablo Azconak, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko presidenteak, Federazioak prestaturiko zuzenketak helarazi dizkio Nafarroak Gorte Nagusietan dituen ordezkariei; helburua da konponbide bat ematea toki entitateetako elkarte eta alderdi txikiek hauteskunde kanpainetan finantzazioarekin duten arazoari. Zuzenketa horiek Alderdi Politikoei buruzko Legea eta Hauteskundearen Araubideari Lege Orokorra ukitzen dituzte. Helburu dute hautagaitza horiek gutxieneko gastu bat egiteko modua izatea, 2.500 eurokoa, edo kasuan kasuko diru-laguntza adinakoa, gutun-azalak eta boto-paperak igortzeak dakartzan gastuak kanpo. Gastu muga gainditzearen zehapenei dagokienez, proposatu da gutxieneko zehapena kentzea, zeina egun 50.000 eurokoa baita, zeren, egungo erregulazioari jarraituz, elkarte batek zenbateko txiki batekin gainditzen badu gastu muga, neurriz kanpoko isuna jasoko baitu.

Azconak bere proposamenak azaldu zizkien Gorteetako ordezkari nafarrei, bi ganbaretan urriaren 24an eta 25ean izan bilkuretan, Federazioko idazkari nagusia, Berta Enrique, lagun izan zuela. Bilkura horietan, halaber, adierazi zien heldu den maiatzeko hauteskundeak egin baino lehen aldatu behar direla legeak. Gorteetako ordezkariek, bere aldetik, jarrera harkorra izan zuten NUKFren proposamenarekin, ulertu baitzuten arrazoizkoa zela, eta hitz eman zuten kasuan kasuko taldeari helaraziko ziotela.

Bestalde, toki entitateen ordezkariek beste bilkura bat izan zuten hilaren 25ean Carlos Daniel Casaresekin, Espainiako Udal eta Probintzien Federazioko idazkari nagusiarekin alegia, erakunde horren babesa jasotzeko; izan ere, Estatuko udalerri guztiak ukitzen ditu arazo horrek. Casaresek Espainiako Federazioaren babesa eskaini zion NUKFri, eta hitz eman zuen entitateko organoei helaraziko ziela proposamena.

NUKFko buruak, bere aldetik, ikusita diputatuek eta senatariek harrera ona izan dutela, baita Nafarroako Parlamentuak ere hara joandakoan, aurreikusita du jarduketa berriak jartzea martxan hemendik gutxira arazoari behin betiko konponbide bat emateko.

Egungo araudiak galarazten die elkarte txikiei fundamentuzko hauteskunde kanpaina egitea eta neurriz kanpoko zehapenak ezartzen ditu

NUKFk askotan aditzera eman duenez, egungo araudiak hauteskunde kanpainetarako ezartzen duen gehieneko gastua 0,11 eurokoa da biztanle bakoitzeko. Konparaziorako, hauteskunde elkarte batek ezin du 110 euro baino gehiago gastatu 1.000 eurotik gorako udalerri batean, edo 1.100 baino gehiago 10.000eko batean.Zenbateko horiek ez dira behar adinakoak esku-orri bat inprimatzeko, postontzietara igortzeko, edo lokal bat eta megafonia kontratatzeko ekitaldi baterako. Gainera, gastu hori gainditzeak, euro bakar batzuekin ez bada ere, 50.000 euroko zehapena dakar gutxienez.

Arazoak ez ditu modu berean ukitzen alderdi handiak eta txikiak; izan ere, handiek gastu handiagoak egin ditzakete udalerri batean baino gehiagotan aurkezten direlako.

Nafarroako 57 elkarte daude ukiturik 2015eko hauteskundeengatik

Adierazi bezala, NUKFren jarduketek helburu dute legea aldatzea 2019ko hauteskundeetarako.Nolanahi ere, entitateak konponbide bat eman nahi dio, bestalde, 2015eko hauteskundeetan halako muga gainditu zuten Nafarroako 57 elkarte eta alderdi politiko txikiei ere; kasu gehien-gehienetan ez zekiten aurreko legegintzaldian aldatu zela legedia, lehendabizi 2012an zehapenak ezartzeko muga gainditzeagatik, eta beste behin 2015ean, zehapen horiek handitzeko.

Horretarako, bi bilkura egin dira delako elkarteen ordezkariekin, eta etengabeko informazioa eta aholkularitza eman zaie une oro, Kontuen Auzitegiak helarazten dizkien komunikazioei erantzuteko; Federazioak, hori dela eta, zenbait gestio egin ditu Kontuen Auzitegian berean.

 

Volver arriba