Lankidetzarako Udal Funtsa osatzen duten 133 toki entitateek zazpi proiektu finantzatzen dituzte Afrikan uraren, osasunaren eta hezkuntzaren arloetan

Aurten 133 udalerrik, kontzejuk eta mankomunitatek bat egin dute Nafarroako Garapen Lankidetzarako Udal Funtsarekin eta, guztira, uraren, osasunaren eta hezkuntzaren arloko zazpi proiektu finantzatuko dituzte 187.000 eurorekin Afrikako zenbait herrialdetan, zabalik ditugun hiru proiektuen barnean: urteroko proiektuetarako diru-laguntzen deialdia, hiru urteko proiektua eta hitzarmena Saharar ordezkaritzarekin. Gainera, 8.000 euroko ekarpena eginen dute Nafarroako GGKEen Koordinatzailearekin batera dituzten jarduketetarako. NUKFk, bere aldetik, larrialdiko ekintzak ere babestuko ditu Palestinako eta Siriako errefuxiatuekin eta lehendabiziko ekintzak egiteko Filipinetan eta Indonesian, kasuan kasuko hondamendi naturalen ondoren.

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko Batzorde Betearazleak onetsi zuen, joan den urriaren 9ko bilkuran, nola banatu baliabideak eta zer jarduketa berri eginen den hurrengo urtean.

 

Urteko deialdia

Honako hauek hautatu dira, urteko deialdian aurkeztutako 26 proiektuak ebaluatu ondoren deialdiaren irizpideei jarraikiz:

 

Edateko ura eta saneamendua ematea Txaden errefuxiatu diren sudandarrentzat

GGKE: UNHCR Nafarroa

Jarduerak: Ur horniduraren sistemak zabaldu, mantendu eta hobetzea errefuxiatuentzako 8 kanpalekutan, non 200.000 lagun baino gehiago baitaude. Komunak egitea eta ur batzordeak eratzea. Hondakin sistemak hobetzea. 8 putzu lehengoratzea, mantentze-lanak egitea eta ponpak paratzea. Sareetako mantentze-lanak egitea kanpalekuetan. 75 txorrota paratu edo konpontzea, 10 ponpa konpontzea.  Mantentze-lanak egitea 5 ponpa elektrikotan eta sorgailuetan. Uraren tratamendua aldi horretan. Maila freatikoen jarraipena. 450 komun egitea. Ura kudeatzeko 21 batzorde sortu eta eratzea. 200 kit banatzea hondakinak kudeatzeko (baldeak, tresnak…). Horietako bakoitza 50 lagunentzat da.

Funtsaren ekarpena: 24.000 €

 

Programa integral pilotua hezkuntzarako eskubidea itzultzeko Tensgombgdo herriko haurrei (Passoré probintzian). Burkina Faso.

GGKE: Manos Unidas

Jarduerak: Ikastetxe bat egitea eta hornitzea, hiruna ikasgelako bi bloketan. Irakasleentzako bulegoa, sei ostatu irakasleentzat, biltegia, ur putzua, komunak. Segimendu batzorde bat eratzea eta ikastetxea kudeatzea. Osasun jarduerei buruzko sentikortasun ekintzak. Gurasoen elkartea eratzea.

Funtsaren ekarpena: 24.000 €

 

Ur hornidura eta saneamendua hobetzea, eta hari lotutako jarduerak egitea Lehenengo Hezkuntzako ikastetxeetan eta landa komunitateetan Ginea Bissaun (II. fasea).

GGKE: UNICEF – Nafarroako Batzordea

Jarduerak: Ur hornidurarako putzuak, komunak eta konketak egitea hiru eskoletan. Programa bat garatzea ez obratzeko aire zabalean. Higiene klubak sortzea eskoletan. Prestakuntza instalatuetako sistemen erabileraz. Sentikortasun kanpainak.

Funtsaren ekarpena: 24.000 €

 

Edateko uraren hornidura egitea eguzki energiaren bidez Boli Kostako hego-mendebaldeko landa eremuak garatzeko (Nero-Boupé)

GGKE: RODE fundazioa

Jarduerak: Ur putzu bat konpontzea, herriak berriz hornidura izan dezan. Eguzki bidezko ponpa bat paratzea, urontzia, ubideak eta sei hargune toki desberdinetan.

Funtsaren ekarpena: 24.000 €

 

Osasun arloko laguntza Gakenke barrutian (Nembako ospitalearen eraginpeko eremua). Ruanda.

GGKE: Medicus Mundi Nafarroa-Aragoi-Madril

Jarduerak: Osasun etxeko txertaketa eraikina eraberritzea.

Funtsaren ekarpena: 24.000 €

Hiru urteko proiektua

Funtsak, gainera, 35.000 euroko ekarpena egiten du urtero 2016-18 epean, Iruñerriko Mankomunitatearekin eta Eguesibarko, Burlatako eta Barañaingo udalekin martxan jarritako hiru urteko proiekturako.

“Gosetearen kontrako ekintza integrala Turkanan (Kenya)” izenarekin, honako hau egitea du helburu: ur putzuak eguzki energiaren sistemekin hobetzea, umeentzako itzal-ikasgelak sortzea, otorduak prestatzeko sukaldeak, dutxak eta komunak, baratzeak martxan jartzea komunitateak nekazaritzan duen lehendabiziko esperientzia gisa, osasun zerbitzuari heltzea, batez ere umeentzat, eta elikagaien hornidura hiru urtean.

 

Hitzarmena saharar ordezkaritzarekin

Hirugarren programak saharar ordezkaritzarekin izenpeturiko hitzarmena du oinarri; haren bidez, gutxienez lankidetza proiektu bat finantzatuko da ekitaldi bakoitzean. Aurten, Saharar Errepublika Arabiarraren Nafarroako Lagunen Elkarteak hau aurkeztu zuen:

 

Esnea Saharako haurrentzat

GGKE: Anarasd

Jarduera: Haurrentzako esnea erostea.

Funtsaren ekarpena: 24.000 euro.

 

Hitzarmena GGKEen Koordinatzailearekin

Funtsak, halaber, 8.000 euroko ekarpena eginen du Nafarroako GGKEen Koordinatzailearekin egiten dituen ekintzak finantzatzeko, urtero harekin izenpetzen duen hitzarmenaren barnean. 2017an, hauek izan ziren programatutako jarduerak:

 

  • GGKEek toki entitateei hezkuntzako materialei eta garapen lankidetzari buruz eskaintzen dien gidaliburua eguneratzea.
  • Toki entitateek garapen lankidetzarako ematen dituzten diru-laguntzen gidaliburua prestatu eta hedatzea.
  • Koordinatzailearen informazio buletina toki entitateen artean zabaltzea.
  • Aholkularitza toki entitateei, hala eskatzen badute.
  • Toki entitateetan lankidetza arloaren egoera zehaztea.
  • Jardunaldi bat egitea garapen jasangarriaren helburuen inguruan (egiteko).
  • “Toki entitateen eginkizuna errefuxiatuen harreran” gidaliburua eguneratzea.

 

NUKFren jarduketak

NUKFk, bere aldetik, erabaki zuen honako hau finantzatzea larrialdiko laguntza gisa bere funtsetako 10.000 euroko ekarpen batekin: ekintzak Palestinako errefuxiatuen kanpalekuetan, NBEko UNRWUA erakundearen bitartez; Greziako errefuxiatuak elikaduraz babestea; eta lehenengo sorospenak Filipinetan, Mangkhut urakanaren hondamendia dela eta, eta Indonesian, tsunamiagatik.

Gainera, saharar ordezkaritzarekin izenpetutako delako hitzarmenaren barnean, Federazioak 2.000 euroko ekarpena egin zuen saharar umeak udan Nafarroara ekartzeko Bakeko oporraldiak programarekin.

 

 

Volver arriba