Hirurogeita hamar toki entitatek parte hartuko dute Ondareari buruzko Europako 2018ko jardunaldietan

“Partekatzeko artea” leloarekin, hirurogeita hamar toki entitatek parte hartuko dute, Nafarroako Gobernuarekin batera, hilaren 28an, 29an eta 30an eginen diren Ondareari buruzko Europako 2018ko Jardunaldietan.

Jardunaldiak ondare kulturaren sentikortasun programa baten barnean daude, zeina Europako Kontseiluak sustatzen baitu Europako Batzordearen lankidetzarekin. Europako Kontseiluak sortu zituen Frantzian 1985ean, eta 1999tik aurrera, Europar Batasunak ere antolatzen ditu.Harrezkeroztik Europako kultur ekitaldi parte-hartzailerik handiena bilakatu da, urtero 30 milioi lagunek baino gehiagok 50.000 monumentu eta leku bisitatzen baitituzte jarduera horren bitartez, zeinetan esku hartzen baitute Europako Kultur Hitzarmena sinatu duten 50 estatuek.

Oraingo honetan 140 jarduera programatu dira Nafarroan, hala nola, interpretaziorako pasierak, emanaldiak, bisita gidatuak, tailerrak, hitzaldiak eta kontzertuak, eta, kultura ondarearen ondasun aipagarrienak bisitatzen ahalko dira, tartean Foru Komunitatean normalean bisitatu ezin diren batzuk. Hala gertatzen da, esaterako, Nafarroako elizetako dorre askorekin, bisita debekaturik duten haitzulo batzuekin edo ardotegi historiko zenbaitekin, salbuespenez bisitatzen ahalko baitira.

Beste bisita batzuk tradizio zaharrei eta lehengo bizimoduei lotuko zaizkie, Europako beste eskualde batzuetan bezala, zeinekin Nafarroak ondare immaterial oparoa baitu amankomunean: ardoa eta mahatsa, uraren erabilerak, migrazioak, transhumantzia eta ahozko tradizioa.

Programak helburu du kultur ondasuna herritarrengana hurbiltzea, horren probetxua mundu guztiari zabaltzea, bisitak doakoak izanen baitira, eta adin eta interes desberdineko pertsonengana ailegatzea.

Volver arriba