Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta hirugarrenenak, zure nabigazioa optimizatu, zure nahietara egokitu eta analisi-lanak egiteko. Nabigatzen jarraituz gero, gure Cookieei buruzko politika onartzen duzu.

2022ko uztailak 28

Toki entitateek aldeko txostena eman diote uztaileko suteek kaltetutako udalerrien zerrenda eta kaltetuen salbuespen fiskalak arautuko dituen foru aginduari

Saio berean, telelanari buruzko foru dekretuaren proiektuari aurkako txostena eman diote

Foto noticia

Toki entitateek Toki Araubideko Foru Batzordean dituzten ordezkariek, uztailaren 27an, foru aginduaren proiektuaren aldeko txostena eman zuten. Bertan, 2022ko ekainaren 15etik 23ra bitartean izandako baso-suteek kaltetutako 41 udalerriak zehazten dira, bai eta erasandako pertsona fisiko eta juridikoek baliatu ahal izango dituzten zerga-salbuespenak ere. Salbuespen horiek aplikatzen dituzten udalei egin beharreko konpentsazioak ere jasotzen ditu testuak.

Hauek dira suteek kaltetutako udalerriak: Arguedas, Arroitz, Artazu, Barbarin, Beraskoain, Berriozar, Bidaurreta, Cadreita, Zizur (Undiaoko Kontzejua eta Astraingo Kontzejua), Etxarri, Eneritz, Eslaba, Etxauri, Galipentzu, Gesalatz (Argiñaritz, Arzotz, Muzki, Estenotz), Girgillao (Girgillaoko Kontzejua, Etxarren Girgillaoko Kontzejua), Itza, Legarda, Leotz (Uzkita, Leozko Kontzejua, Iriberri, Iratxetako Kontzejua, Amunarrizketa, Artariain, Amatriain, Bezkitz, Benegorri, Sansomain, Oletako Kontzejua, Makirriain, Santsoain), Lerga, Ledea, Lodosa, Los Arcos, Irunberri, Lukin, Elo, Murchate, Muruzabal, Oloritz, Gares, Jaitz, San Martin Unx, Tafalla, Uxue, Uterga, Valtierra, Eguesibar, Villamayor de Monjardín, Esa eta Zabaltza (Ubaniko Kontzejua, Arraizako Kontzejua, Zabaltzako Kontzejua).

Gogoan izan behar da Ministroen Kontseiluak, ekainaren 27an egindako saioan, erabaki zuela Nafarroan babes zibileko larrialdiek larriki kaltetutako eremuak izendatzea (ZAEPC deituriko eremuak); aipatu suteek kaltetutako eremuak hain zuzen ere.

Salbuespen fiskalak

Lurralde Kohesioko kontseilariak emaniko foru aginduak jasoko dituen laguntzak suteek kaltetutako pertsona fisikoei eta juridikoei zuzenduko dira eta zerga salbuespen eta konpentsazio gisa emango dira.

Suteek zuzenean kaltetutako ondasun higiezinen jabeak izan eta suteek kaltetutako udalerrien zerrendan dauden pertsonek Hirilurren gaineko Kontribuzioa eta Landalurren gaineko Kontribuzioa ordaintzetik salbuetsita egongo dira.

Aipatu udalerritan jarduera ekonomikoak egin eta kaltetuak izan direnek berriz, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga (JEZ) ordaintzetik salbuetsita egongo dira 2022ko ekitaldian.

Gainera, kaltetutako udalerrietan egindako jarduerak Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren gaineko Zerga ordaintzetik salbuetsita egoten ahalko dira hondamendiak instalazioari, eraikuntzari eta obrari eragin dien ehunekoan. Gainera, kaltetutako ondasunak berriro eraikitzea edo ordezkatzea barne hartzen ahal dute.

Toki entitateek ordea, salbuespen horiengatik jaso ez dituzten zerga diru-sarrerengatik konpentsazioa jasoko dute.

 

Telelanari buruzko dekretua

Bestalde, Foru Batzordeko toki entitateen ordezkariek kontrako txostena eman zioten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileentzat telelanaren bidezko zerbitzu-ematea arautzen duen Foru dekretu proiektuari.

Toki entitateek osorik edo zati batean dekretuari atxikitzen ahal zaizkiola ezartzen du dekretuak berak. Hala ere, testua ez da toki entitateekin eztabaidatu eta zail izango da horiekin bat egin ahal izatea, Foru Administrazioarekin erkatuta oso egitura ezberdinak dituztelako. Halaxe adierazi zuten udaletako ordezkariek haien txostenean.