Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta hirugarrenenak, zure nabigazioa optimizatu, zure nahietara egokitu eta analisi-lanak egiteko. Nabigatzen jarraituz gero, gure Cookieei buruzko politika onartzen duzu.

2021eko urriak 14

Toki entitateek aldeko txostena eman diote haurrak eta nerabeak babesteko foru legearen aurreproiektuari

Foto noticia

Halaber, ontzat eman zuten ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen Foru Legea garatzeko dekretu bat eta desgaitasuna duten pertsonen aparkatzeko txartelei buruzko foru agindu bat.

NUKFk eta Gobernuak aldez aurretik landu zituzten hiru testu horiek

 

Toki Araubideko Foru Batzordeko toki entitateen ordezkariek zenbait aldeko txosten eman zituzten urriaren 13an. Zehazki, haurrak babesteko legearen aurreproiektuari, ingurumenean eragina duten jardueren araudiari eta desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartelei buruzko foru agindu bati eman zioten aldeko txostena. Hiru kasuotan, aldeko txostena NUKFk eta kasuan kasuko Gobernuko Departamentuek aldez aurretik egindako elkarlanari esker etorri zen.

 

Haurrak babesteko Foru Legea

Haurrak eta nerabeak artatu eta babesteko eta familiak sustatzeko Foru Legearen aurreproiektuaren testuak adin horiekin lotutako arazoen hautemate goiztiarrarekin eta prebentzioarekin lotutako zenbait alderdi jorratzen ditu; bereziki, zaurgarritasun egoerei helduta. Aurreproiektuak, gainera, familia-eredu guztiak babesten ditu, zaintza, laguntza edo babesa bezalako erakundeak arautzen ditu, eta Haurrak eta Gazteak Zaintzeko Kontseilua sortzen du, NUKFk izendatutako toki entitateetako 4 ordezkari izanen dituena.

Foru Legea lantzeko aurretik egindako lanetan, testua Gizarte Zerbitzuetako Foru Legeak edo Zerbitzu-zorroak toki entitateei esleitzen dizkioten eskumenekin bat etortzeko beharra azpimarratu zuen Federazioak, toki entitate horiek prebentzioaren alorrean adibidez egin nahi dituzten jarduketak ezertan galarazi gabe.

Era berean, foru administrazioaren eta toki administrazioaren arteko elkarlana indartzeko beharra ere azpimarratu zuen.

 

Ingurumenean eragina duten jardueren araudia

Toki ordezkariek ontzat eman zuten, halaber, ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen Foru Legea garatzeko berriki onetsitako dekretua.  Toki entitateek testua osatzeko aldez aurreko lanetan zenbait doikuntza sartu zituzten jarduera sailkatuen lizentzia emateko prozedurari dagokionez, batez ere Osasun Departamentuaren edo Lehendakaritzakoaren txostena behar duten jarduerak argitzeko eta udal-kudeaketa errazteko. Horri loturik, araudiaren eranskinetan zehazten dira zer jarduerek behar duten mota bateko edo besteko txostena.

Era berean, NUKFk eskatu zuen jarduera-lizentzia izapidetzen den bitartean, testuak zehaztu dezala zer jarduerek lor dezaketen obra-lizentzia. Kasu horiek abeltzaintzako inolako txostenik edo baimenik behar ez duten jarduerak dira.

 

Desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartelak

Azkenik, Batzordeak desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartelak arautzen dituen foru agindu bati aldeko txostena eman zion.  Hemendik aurrera, txartel guztiek formatu bera izanen dute eta Eskubide Sozialetako Departamentuak emango ditu tokian tokiko udalak txartel hori esleitu ondoren, azken hori baita arloan eskumena duena.

Gainera, Departamentuak datu-base bat sortuko du eta udalek zein tokiko poliziek bertara sarbidea izanen dute iruzurrak ekiditeko.