Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta hirugarrenenak, zure nabigazioa optimizatu, zure nahietara egokitu eta analisi-lanak egiteko. Nabigatzen jarraituz gero, gure Cookieei buruzko politika onartzen duzu.

2021eko azaroak 12

NUKFko lehendakariak Nafarroako Funtsaren ezaugarriak azaldu ditu garapen lankidetzarako estatuko kongresu batean

Foto noticia

Urtero 130 toki entitate ingururen parte hartzea duen Nafarroako Garapen Lankidetzarako Tokiko Funtsaren antolakuntza, kudeaketa eta funtzionamendua, lan-lerroak eta lehentasunak izan zituen hizpide nagusiki Juan Carlos Castillo NUKFko lehendakariak “Tokiko Gobernuak eta Nazioarteko Garapen Lankidetza” estatuko topaketan egindako agerraldian.

Ehundaka pertsonek, besteak beste, garapen lankidetzarako funtsetako hainbat udal ordezkarik eta probintzietako diputaziok parte hartu zuten Cordoban azaroaren 10etik 12ra izan zen kongresu horretan.  Hiru egun horietan zehar, parte-hartzaileek hainbat alderdi izan zituzten hizpide: nazioarteko lankidetzaren alorrean toki entitateek izan behar duten zeregina; entitate horiek Gobernua prestatzen ari den lege berrian nola txertatzen diren; funtsen beharra toki entitateen ahaleginak batzeko tresna gisa eta batasun horretarako formula ezberdinak.

Federazioko lehendakariak mahai-inguru batean parte hartu zuen eta bertan, Nafarroako funtsa azaldu zuen. Horretaz gain, Bartzelonako eta Cordobako diputazioen programak, Galiziako Funtsa eta Zaragozako Udaleko programa ere entzungai izan ziren mahai-inguru berean.

Nafarroako Funtsa NUKFk sustatutako programa da eta urtero ehun toki entitatek baino gehiagok (udalek, kontzejuek eta mankomunitateek) bat egiten dute funts horrekin. Nagusiki, honako lan-lerroak ditu funtsak: urteko dirulaguntza deialdia Nafarroan egoitza edo ordezkaritza duten GGKEentzat lankidetza alorreko proiektuak egiteko; zenbait udalekin eta Iruñerriko Mankomunitatearekin batera abiatzen duen hiru urteko proiektua; Saharar Ordezkaritzarekin izenpeturik duen hitzarmena; GGKEen Koordinakundearekin duen hitzarmena toki entitateekin jarduketak sustatzeko; eta larrialdiko laguntzarako zuzkidura txiki bat. Gainera, hala eskatzen dioten udalei laguntza teknikoa ematen die.

Urtean zehar, Nafarroako Funtsak 6-10 proiektu finantzatzen ditu 200.000 euro inguruko baliabiderekin.