Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta hirugarrenenak, zure nabigazioa optimizatu, zure nahietara egokitu eta analisi-lanak egiteko. Nabigatzen jarraituz gero, gure Cookieei buruzko politika onartzen duzu.

2021eko urriak 15

NUKFko lehendakariak kultur sektorea hobetzeko tokiko proposamenak aurkeztu ditu Parlamentuan

Foto noticia

Juan Carlos Castillo NUKFko lehendakariak toki entitateek kultur sektorea hobetzeko dituzten proposamen batzuk adierazi ditu gaur goizean Parlamentuan,  “Nafarroako kultur jarduera duintzeko eta haren etorkizuna bermatzeko” Ganberak sortutako ponentzian.

Castillok toki entitateen esparruan eragin beharko liratekeen puntu batzuk azaldu ditu. Lehenik eta behin, araudia berrikusteko beharra adierazi du kultur kudeaketa arinagoa. burokrazia gutxiagokoa eta malguagoa lortzeko. Tokiko kultura-elkarteekin hainbat urtetarako hitzarmenak egiteko aukera, izapide burokratiko batzuk arintzeko beharra edo diru-laguntzak epe laburretan ez kontzentratzeko egokitasuna azaldu ditu, besteak beste.

Bigarrenik, foru administrazioak udal kultura finantzatzeko erabiltzen dituen baliabideak herri gehiagotara iristeko beharra nabarmendu du, bereziki, herri txikienetara. Egun, hogeita hamar herri inguruk (populazio handiena dutenek) funtsen %80 eta %90 bitartean jasotzen dute, toki entitateen bi herenek ordea, ez dute diru-laguntzarik jasotzen eta ez dute ia programa deszentralizaturik izaten.

Federazioaren lehendakariak halaber, herri txikiei ekarpenak egiteko beharra adierazi du despopulazioaren kontra borrokatzeko eta argi adierazi du proposamena ez dela batzuei funtsak kentzea besteei emateko, Kulturako Departamentuko partidak handitzea baizik.

Era berean, nabarmendu du formulak bilatu behar direla toki entitate gehiagok kulturako profesionalak izan ditzaten, jarduera egonkor, koherente eta kalitatezkoa mantentzeko baldintza gisa.

Eta, azkenik, tokiko ondarearen babesa eta gozamena handitzearen aldeko apustua egin du, eta, bereziki, kultura-ondare immateriala, komunitate bakoitzaren profilak definitzen dituena.

Azalpena amaituta, ponentziako kideek kultur kudeaketa eraginkorra oztopatzen duten legezko alderdiak eta balizko irtenbideak identifikatzeko eskatu zioten NUKFri.