Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta hirugarrenenak, zure nabigazioa optimizatu, zure nahietara egokitu eta analisi-lanak egiteko. Nabigatzen jarraituz gero, gure Cookieei buruzko politika onartzen duzu.

2022ko uztailak 27

NUKFk beharrezkotzat jo du kalitatezko 0-3 ziklo bat lortzeko eskumenak argitzea eta Hezkuntza Departamentuaren proposamena onartu du abiapuntu gisa

Foto noticia

Nafarroako Udal eta kontzejuen Federazioaren Batzorde Betearazleak gaur goizean onetsi du Nafarroan 0-3 zikloaren beharrak eta ikuspegi integrala eta Hezkuntza Departamentuaren proposamenak biltzen dituen agiria.

Haur eskolen eskumena eta finantzaketaren ardura zehazteko eztabaida aspalditik badator ere, orain arte ez da erabaki finkorik hartu eta horrek arazo handiak sortzen ditu kalitatezko zerbitzu publiko bat emateko.

0-3 zikloaren arazoa egiturazkoa dela ikusirik, NUKFren helburu nagusia da Gobernuak hezkuntza eskumen gisa bere gain hartzea. Hala eta guztiz ere, 0-3 zerbitzuaren zerizanaren eta kudeaketaren inguruko eztabaidan ezin da toki entitateen parte hartzea bazter utzi.

Testuinguru horretan, Hezkuntza Departamentuak haur hezkuntzako lehen zikloaren (0-3 urte) finantzaketari buruz egindako proposamena ikusita eta toki entitateentzako ahalegin ekonomiko gehigarria izango bada ere langileen eta zerbitzuaren baldintzak hobetzen dituela kontuan harturik,  Gobernuak proposaturiko neurriak datozen ikasturteetan egin beharreko ibilbidearen abiapuntu gisa ulertu eta onartu ditu NUKFk.

Departamentuaren proposamenak, zehazki, 2022-2023 ikasturterako haur eskoletako langileen ordainsariak Nafarroako Administrazioetako B, C eta D mailekin parekatzea biltzen du bai eta laguntza-langileen egonkortzea ere.

Batzorde Betearazleak eskatu du, halaber, finantzaketa-moduluak haien kostuaren errealitatera egokitzea, udalek ematen duten zenbatekoa orekatzeko eta hobetzeko, eta eskumena argitzen den bitartean, zikloaren kudeaketaren finantzaketan toki entitateen partaidetza gutxituz joateko konpromisoarekin.

Azkenik, NUKFk adierazi du eragile guztien arteko sakoneko eztabaidari heltzeko garaia dela eta erabakiak hartzekoa, behin betiko neurriak hartuta eta zerbitzu publiko gisa duen izaera emanez, langileen egoera hobetuz eta lehia askearen, berdintasunaren, merituaren, gaitasunaren eta gardentasunaren printzipioak bermatuz.