Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta hirugarrenenak, zure nabigazioa optimizatu, zure nahietara egokitu eta analisi-lanak egiteko. Nabigatzen jarraituz gero, gure Cookieei buruzko politika onartzen duzu.

2021eko urriak 26

Gobernuak Transferentzia Arrunten Funts berria adostu du talde parlamentario gehienekin

Funtsa urtero KPIa gehi bi puntu handituko da.

Banaketa-formula berria egin da: Iruñeko Hiriburutza Agiria desagertu eta zerbitzuen eta burutza efektuaren araberako banaketa-irizpide berriak ezarri dira.

Aurtengo inflazio handiak Iruña ezik beste udalerri guztiek diru gehiago jasotzea ahalbidetu du.

Datozen hilabeteetan, hiru lege onetsiko dira: Batek transferentzia arruntak arautuko ditu, beste batek kapital transferentziak (Toki Inbertsioen Plana) eta hirugarrenak, Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 123. artikulua aldatuko du urte bakoitzeko bilakaera-parametroak finkatzeko.

 

Nafarroako Gobernuak eta PSN-PSOE, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentarioek Transferentzia Arrunten Funtsa kuantifikatzeko eta banatzeko eredu berri bat adostu dute. 2022an, Funtsak 271,7 milioi izango ditu; egungo ekitaldiko aurrekontua baino 16,4 milioi gehiago. Hazkundea ohiko KPIa gehi bi puntuko igoeraren ondorioz gertatu da, aurten, %5,2ko igoera zehazki. Hazkundea orokorra izango da, ez ordea Iruñaren kasuan 1,7 milioi gutxiago jasoko baitu.

Formula berriarekin, bermearen klausula desagertzea aurreikusia dago. Klausula horren arabera, erakunde batek ere ez zuen urtero aurrekoan baino gutxiago jasotzen. Orain, Gobernuak klausula horren ordez, gutxieneko bat ezarri nahi du. Gutxieneko hori 5.000 biztanletik beherako entitate bakoitzak 2021ean jaso duenaren %100 izango da eta biztanle kopuru hori gainditzen duten udalerrien kasuan, jasotakoaren %98. Gutxieneko hori hurrengo urteetarako erabiliko da.

Finantzaketa eredu berria

Eredu berriak honako berritasun nagusi ditu:

Transferentzia Arrunten Funts Orokorra kalkulatzeko irizpide berriak. Eredu berriak egungo Transferentzia Arrunten Funts Orokorra udal eta kontzejuen artean banatzeko formula berrikusten eta doitzen du. Horretarako, Nafarroako Unibertsitate Publikoak egindako lan batean oinarriturik, egungo banaketa-formula eguneratu da aldagai eta haztapen berriekin; betiere,  udalerri bakoitzaren gastu-beharra eta gaitasun fiskala baloratzeko helburua mantenduz.

Formula berriak 9 aldagai ditu: udalerriaren biztanle kopurua; pobrezia-arriskuan dagoen biztanle kopurua; 65 urtetik gorako biztanle kopurua eta zahartze-maila; hiri-azalera publikoa; udalerriko biztanleguneen sakabanatze-indizea; lurralde-kontribuzioa; JEZ (Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga); Ibilgailuen gaineko zerga eta hiri lurren aprobetxamenduarekin lotutako diru-sarrerak.

2.500 biztanletik beherako udalerrien kasuan, duten biztanle kopuruaren araberako banaketa proportzionala handitu egiten da, tarteen araberako zenbateko finkoekin. Modu horretan, udal guztiek, baita txikienek ere, biztanle kopuruaren araberakoak ez diren oinarrizko gastu amankomunei aurre egiteko gutxieneko zenbateko bat dutela bermatzen da. Transferentzia Arrunten Funts Orokor horren zenbatekoa 196,6 milioi euro izango da guztira 2022an.

Funts-banaketa zerbitzu jakin batzuk emateagatik. Bigarrenik, 44,5 milioi euroko funts berri bat sortuko da zerbitzu jakin batzuk ematen dituzten toki entitateen artean banatzeko; besteak beste, 0-3 urteko zentroak, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak eta liburutegiak eskaintzen dituzten entitateak izango dira. Era berean, funts horretan montepioen modulu bat gehitu da, Kontuen Ganberak 2017ko txosten batean egindako gomendioei jarraiki.

Burutzak sendotzea. Hirugarrenik, 16,2 milioiko Lurralde Kohesioko Funts bat sortu da udalerri jakin batzuek Nafarroako lurralde-garapen iraunkorrean betetzen duten zeregina indartzeko, trakzio-izaera eta lurralde-orekari egiten dioten ekarpena direla eta. Hiriburutza gutunaren bidez Iruña erdigune duen egungo eredua atzean utzi eta eredu globalagoa izango da eredu berria, Nafarroako udalerri guztiek Nafarroako lurralde garapenari egiten dioten ekarpena kontuan hartuko duena.

Aipatu Lurralde Kohesioko Funtsak Nafarroako eta Europako Lurralde Estrategiaren 6 printzipioak ditu oinarrian: eskuragarritasuna, kontserbazioa, lehiakortasuna, gizarte kohesioa, polizentrismoa eta identitatea.  Hogeita hamar bat udalerri izango dira funtsaren onuradunak: Iruña, Tutera, Tafalla, Lizarra, Zangoza, Baztan, Altsasu, Viana, San Adrián, Azkoien, Gares, Irurtzun, Agoitz, Doneztebe, Bera, Leitza, Esteribar, Auritz, Otsagabia, Izaba, Irunberri, Los Arcos, Lekunberri, Lodosa, Caparroso, Milagro, Corella, Cascante eta Cortes.

Azkenik, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari egiten zaion urteko ekarpena bere horretan mantenduko da, 450.000 eurotan; udalkide kopuruaren araberako ekarpen berezia kenduko da eta kopuru hori Transferentzia Arrunten Funts Orokorrari batuko zaio; eta udalek JEZaren bilketan izandako galerak konpentsatzeko kopurua mantendu egingo da, osotara 13,9 milioi euro izango dena.

Finantzaketa eredu berria zifratan

Eredu berriarekin, Nafarroako 1.000 biztanletik beherako 189 udalerriek 26,7 milioi euro jasoko dituzte datorren urtean finantzatzeko, egungo ekitaldian jasotakoa baino %15 gehiago; 1.001 eta 5.000 biztanle arteko 62 udalerriek 58,2 milioi euro jasoko dituzte, %9 gehiago; 5.001 eta 25.000 biztanle arteko 19 udalerriek 72 milioi euro, egun baino %13 gehiago; Tuterak 13,9 milioi jasoko ditu %21 gehiago; eta, azkenik, Iruñeak 86,35 milioi jasoko ditu egun baino %2 gutxiago.

Sistema berri horrekin, 228 udalerrik, udalerri guztien %84, finantzazioa hobetuko dute egungo ekitaldiarekin erkatuta; 43 udalerrik finantzazioa mantenduko dute eta soilik batek finantzazio gutxiago izango du.